Padeleko Gabonetako II. Txapelketa asteartean hasiko da

Imanol Garcia Landa 2023ko abe. 20a, 19:59

Andoni Zumeta eta Aitor Falcon.

Gizonezkoen txapelketan ez dago lekurik izena emateko, baina bai emakumezkoenean. Finalak hilaren 30ean jokatuko dira.

Tolosako Goazen Padel Eskolak Gabonetako II. Txapelketa antolatu du Berazubi estadioko pistetan. Astelehenean, hilaren 26an, hasiko dira lehiarekin eta hilaren 30ean izango dira finalerdiak eta finala. Gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketa egingo da, eta dagoeneko bete egin da gizonezkoentzako jarrita zeuden 32 bikoterentzako plazak. Emakumezkoen txapelketarako 16 bikoterentzako lekua dago, eta hor oraindik izena eman daiteke. Ostirala da azken eguna horretarako.

Gizonezkoetan zuzenean kanporaketak egingo dira. Lehen kanporaketan galtzen duten hamasei bikoteren artean kontsolazio txapelketa egingo da. Modu horretara bikote bakoitzak gutxienez bi partida jokatuko ditu. Emakumezkoetan hamasei bikote badaude, kanporaketa izango da, eta iaz bezala hamabi bikoterekin abiatzen bada, ligaxka egingo dute. Txapelketaren ordutegia 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da.

Goazen Padel Eskola orain bi urte inguru martxan jarri zuten Andoni Zumeta eta Aitor Falcon tolosarrek. Ordurako bazeuden 70 pertsona klasetara joaten zirenak, eta gaur egun 125 pertsona inguru dituzte. «Egia esan espero baino hobeto doa eskola, eta espero genuena baino jende kopuru handiagoa dugu», azaldu du Zumetak. Haur zein helduekin egiten dute lan, eta oso gustura daudela azaldu du. «Ea aurrera begira jende gehiagok ere izena ematen duen». Orain hamar hilabete inguru ere kluba sortu zuten, eta jendea badute federatuta dagoena eta txapelketetan lehiatzen. «Guk eskaintza maila guztietan egiten dugu», zehaztu du Zumetak.

Padela gero eta ezagunago egiten ari dela gaineratu du: «Uste dut iritsi dela une bat esan daitekeena padela ez dela boom moduko bat; errealitate bat da, eta geratzeko etorri da. Europa osoan hazkuntza handia izaten ari da, eta Gipuzkoan eta Euskal Herri mailan geroz eta lizentzia gehiago daude eta gero eta lehenago hasten da jokatzen».

FEDERATUEN TXAPELKETAK

Zumeta padel jokalaria da ere, eta asteburuan Euskadiko Master Txapelketa jokatu zuen. «Aurreko abenduan hasi nintzen lehiatzen padelean, beraz urtebete daramat txapelketetan parte hartzen», zehaztu du. Txapelketa horretan jokatzen dute puntu gehien dituzten erkidegoko 16 jokalariek. Berez Zumeta 18. postuan zegoen sailkapenean, baina bere aurretik zeuden bi jokalari lesionatuta zeudenez, federaziotik berari deitu zioten.

Urtean zehar jokatutako txapelketetan bere ohiko bikotekidea Jon Azaldegi tolosarra da, baina berak ez zituen hainbeste puntu eskuratu, eta beraz beste jokalari batekin osatu behar izan zuen bikotea Zumetak. Dani Abad irundarrarekin jokatu zuen Master txapelketa, eta finalerdietaraino iritsi ziren. Bi multzo egiten dira txapelketan, bakoitza lau bikotekoa, eta ligaxka bat jokatzen dute multzoko kideek beraien artean. Lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatzen dira. «Multzoko hiru partidetatik bi irabazi genituen, eta bigarren bezala pasa ginen finalerdietara. Bi setetan kaleratu gintuzten beste multzoko lehen postuan geratu zirenek, eta horraino iritsi zen gure bidea», azaldu du tolosarrak. «Espero baino emaitza hobea lortu dut, ezustekoa izan baitzen finalerdietara pasatzea, eta oso pozik nago horregatik. Kontuan izan behar da ni nintzela parte hartzaileen artean sailkapeneko azken postuan zegoena».

Txapelketa horren aurretik, orain hilabete inguru absolutu mailako Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Zumetak eta Azaldegik. «Txapelketa berezia izaten da, eta guk bi atariko jokatu behar izan genituen koadro nagusian sartzeko. Atariko bakoitzean bi partida izan genituen, eta lau partidak irabazi genituen», azaldu du Zumetak. «Koadro nagusian, 16 bikote onenetan, sartu ginen, eta final-zortzirenetan galdu eta kanpoan geratu ginen. Lehenengo esperientzia bezala oso ona izan zen, gustura geratu ginen, baina final-zortzirenetan faboritoetako bat zen bikote baten aurka tokatu zitzaigun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!