Elkarrizketa

«Niaren nobela bat da; barne pentsamenduek garrantzi handia dute»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 20a, 07:59

Luzaroan idazten aritu ondoren, bere lehen nobela argitaratu berri du Agus Tena Gonzalez psikologo tolosarrak: 'Desesperanza'. Nobela garaikidea da, niaren garrantzia aldarrikatzen duena.

Idaztea zerbait magikoa da Agus Tena Gonzalez (Tolosa, 1976) psikologoarentzat. «Badakizu nola hasiko zaren, baina ez nola amaituko duzun». Horrela hasi zen duela urte batzuk, eta orain argitaratu du bere lehen nobela.

Zer dela eta argitaratu duzu zure lehen nobela?

Aspalditik idatzita nuen liburu bat da, kaxoira joan-etorri asko egin dituena. Duela gutxi berrartzea pentsatu nuen, zerbait egiteko garaia zelakoan. Errepasatu ondoren, gustatu egin zitzaidan. Ondoren, Letrame argitaletxearekin jarri nintzen harremanetan, eta beraiek egindako balorazioak motibatu egin ninduen.

Nolako nobela da eta zergatik jarri diozu izenburu hori?

Izenburu desberdinak izan ditu, baina azkenean Desesperanza izendatzea erabaki nuen. Niaren nobela bat da; bertan, garrantzi handia dute barne pentsamenduek. Unibertsitate-ikasketak amaitzear dela, munduak zer eskatzen dion eta berak trukean zer jasoko duen gogoeta egiten du Leok, protagonistak. Horren aurrean, bizi duen etsipena edo itxaropenik eza kontatzen da.

Noiz hasi zinen nobelarekin?

Unibertsitate-ikasketak amaitu berritan. Ingalaterrara joan nintzen lanera; ihesbide bat izan zen. Idazmakina bat erosi nuen bertan, eta horrela hasi nintzen idazten. Lagun berriak egin nituen, bizimodu bitxikoak, eta horien kasuak ere oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan nobelarako. Gure asteburuak oso hedonistak ziren, eta oso oroitzapen onak ditut garai hartaz.

Pertsonaia deskribatzerakoan, gaztaroan bizitakoa etorri zitzaidan burura. Guztiaren kontra zegoen pertsona kultu eta baldar bat izan zen abiapuntua, bizitzak aurrera egin ahala, zenbait ihesbide aurkitzen dituena. Leo bera zakarra da, baina badu alde liriko bat.

30 orri inguru idatzita nituela, albo batera utzi nuen liburua, eta hona itzuli nintzenean jarraitu nuen, aisialdian. Orduan, protagonista maitasun istorio batean murgiltzen den momentua idazten hasi nintzen. Nobelako ardatzetako bat da.

Urte askoko prozesua izan da orduan.

Bai, baina lasai hartu dut. Idatzi, albo batera utzi, berriro hartu, gehiago idatzi... Gainera, nobela osatu bitartean, idazlan gehiago egin ditut, baita karrera eta master bana ere. Duela hiru urte, adibidez, beste eleberri bat amaitu nuen, baina oraingoz kaxoian dago gordeta. Une horretan, nobela hau hartu nuen, azken aldaketa txiki batzuk egiteko. Forma egokia zuela eta irakurterraza zela jabetu nintzenean, argitara eramatea erabaki nuen.

Zer izan da errazena eta zailena prozesu horretan?

Behin eta berriz zuzentzea izan da errazena, horrekin gozatu dut gehien. Zailena, berriz, lehen paper zuri hartan idazten hastea, eta ondoren, zer dagoen ondo eta zer gaizki erabakitzea. Idaztea prozesu bakartia da, eta norberak hartu behar izaten ditu erabakiak.

Protagonistaren eta zure bizitzak zerikusia dute, ezta? Nobela pertsonala da?

Ez guztiz, baina bai. Lehen pertsonan idatzita dago, baina ni ez naiz protagonista, ez da autobiografia bat. Collage bat bezala definituko nuke. Nobelak biltzen dituen esperientzia gehienak ikusitakoak dira. Horiek guztiak hartu eta puzzle moduko bat osatzen joan naiz, nahi dudan forma eman diodan arte. Nire niari dagokionez, banatuta dago nobelan zehar. Protagonistak badu zati bat, baita bere lagunek ere.

Lehen pertsonan idatzita, irakurlea nobelan sentiaraztea lortu nahi izan duzu?

Hori da nire asmoa. Niaren literatura edo barne literatura gustatzen bazait, horregatik da. Albert Camus eta Hermann Hesse dira nire erreferente nagusiak. Irakurlea lehen lerrotik Leoren buruan sartzea da nire asmoa, mundua bere begietatik ikustea. Izenburuari jarraiki, galdera bati erantzuna bilatzen saiatu naiz: Nola ikusten dugu mundua etsipen sentimendutik?

Zein helbururekin argitaratu duzu liburua?

Gogoan dut Bernardo Atxagak elkarrizketa batean esandakoa. Berak esaten zuen ez zela idazle sentitzen zerbait argitaratu arte. Horrelako zerbait sentitzen dut nik ere, nire nobela liburu forman ikustea nahi nuelako. Irakurleei zerbait eman beharra sentitzen nuen, gero izan dezakeen oihartzunari erreparatu gabe. Esperimentatu egin nahi nuen.

Nori dago zuzenduta?

Batez ere, galduta dauden nerabe eta gazteei. Hala ere, edonork irakur dezake, protagonistak bizi duena edonork bizi dezakeelako. Niretzako oso garrantzitsua da estiloa zaintzea. Lagunarteko erregistroa erregistro kultuago batekin uztartu dut, eta nire eraginak poesiatik eta literatura lirikotik datoz. Beraz, hizkuntza eta literatura mota hori gustuko duen edonori ere gustatuko zaio.

Tolosako Trama Store dendan ez ezik, Donostian, Iruñean edota Madrilen ere egongo da erosteko aukera. Bestetik, Bartzelonako San Jurgi eguneko Azoka Berezira joatea da nire asmoa, bertan ere salgai jartzeko.

Gaztelaniaz idatzi duzu nobela. Arrazoirik?

Orain arte hala egin izan dut, erosoago sentitzen naizelako. Hala ere, nobela euskarara edo beste hizkuntza batzuetara itzultzea ere pentsatu dut. Nerabezaroan, lehen olerkiak euskaraz idatzi nituen, baina gerora, gaztelaniazko idazleak deskubritu nituen, eta gaztelaniarekin deskubritu nuen literaturan benetako plazera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!