Larunbatean irekiko dute Merkatu Txikia

Ataria 2023ko abe. 19a, 19:53

Laskorain ikastolak antolatzen duen ekimena urtarrilaren 4ra bitarte egongo da zabalik; materiala eramateko deia egin dute.

Laskorain Ikastolak antolatzen duen Merkatu Txikiak larunbatean, hilaren 23an zabalduko ditu ateak. Ohi bezala, Tolosako kultur etxeko areto nagusian egongo da, egun osoan zabalik. Goizez, 10:30etik 13:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 19:00etara. Urtarrilaren 4ra bitarte bisitatu ahalko da.

Laskorain Ikastolatik azaldu dutenez, «kooperazio eta elkartasun baloreak ikasleekin gelan lantzeaz gain, ekimen honekin ikastola komunitatea osatzen dugun guztion partaidetza bultzatzea da helburua».

Aurten Merkatu Txikian bildutakoarekin Tolosaldeko hiru proiektu lagunduko dituzte. Hain justu, Zutani, Tolosaldea Sahararekin eta Ibarratik misio taldea Gobernuz Kanpoko Erakundeetara bideratuko dute lortutako dirua, euren proiektuak aurrera eramaten laguntzeko.

MATERIALA ERAMATEA

Larunbatean irekiko dute merkatu txikia, baina aurretik antolaketa lanetan murgilduta daude ikastolako kideak, batez ere bigarren eskuko materialaren bilketan. Hain zuzen, ekimenari babesa adierazteko moduetako bat da merkatuan salgai jartzeko materiala ematea. «Etxean erabilerarik gabe, baina egoeran onean ditugun arropak, jostailuak, liburuak... eraman daitezke», esan dute. Ostirala bitarte kultur etxera eraman ahalko dira, 17:30etik 19:00etara, eta ostiraletik aurrera Merkatu Txikia zabalik den orduetan eraman ahalko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!