ELKARRIZKETA

«Argazki batek zerbait esan edo kontatu behar dizu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 22a, 07:59

Ibai Goñi argazkilaria. J. ARTUTXA

Aitaren kamera zaharrarekin topo egin zuenetik, han eta hemen klisk egiten aritzen da Ibai Goñi tolosarra; berez erizaina bada ere, aurten, besteak beste, moda marka entzutetsu batentzat egin ditu argazkiak.

Argazkilaritza ez da Ibai Goñiren (Tolosa, 1995) ofizioa; hala ere, kilometro asko egin ditu hara eta hona, 80ko hamarkadako argazki kamerarekin. Erizaintza ikasketak egin zituen eta bokazio horretan aritzen da, «momentuz, oso gustura». Instagrameko @ibaigoni kontuan argitaratzen ditu egindako irudiak.


IBAI GOÑI.


Argazkilaritza askorentzat izan daiteke afizioa. Zure kasuan, baina, zaletasuna ez da hain txikia, ezta?

Txikitatik asko gustatu izan zait marraztea eta margotzea. Beti lotu izan dut nire bizitza artearekin. Pixkanaka garatzen joan naiz argazkilaritzarekiko afizioa, batzuetan ofizio bihurtu arte. Oraingoz behintzat, zaletasun bat besterik ez da. Lan txiki batzuk egiteko aukera izan dut, baina ez daukat aurrerapauso handiagorik emateko asmorik, zerbait handia suertatzen ez bada behintzat.



Nondik datorkizu zaletasuna? Nolatan hasi zinen argazkiak egiten?

Etxeko altzairu batean kaxoiak irekitzen ari nintzela, nire aitaren Canon AE1 argazki kamera zaharrarekin egin nuen topo. Jakin-min handia piztu zidan. Halako batean, probatzen hastea erabaki nuen, eta beranduago, geroz eta gehiago ikasi nahi nuela jabetu nintzen. Kamera horrekin egin nituen lehen argazkiak ez ziren oso onak izan [Barreak]. Gerora, berriro saiatzea eta aukera gehiago ematea pentsatu nuen. Horrela hasi nintzen argazkiak egiten.

Eta hastapen haietan ikastaroren bat egin zenuen edo zure kabuz ikasi zenuen?

Ez. Noizbait pentsatu izan dut bakarren batean izena ematea, baina ez. Orain arte ikasitako guztia nire akatsetatik ikasi izan dut, baita irakurriz eta informatuz ere.



Etxean izan duzue argazkilaritzarako afiziorik?

Nire aitak asko bidaiatu izan du. Berak esan zidan bidaietatik memoria gordetzeko aukera ederra izaten zela argazkigintza. Berak, ordea, ez zuen zaletasun handiegia. Esango nuke orduan orain baino hauts handiagoa zuela. Erabiltzen zuen, baina ez nik bezain beste.

Zein argazki egiten zituen berak?

Argazkilaritzarako garai oso desberdina zen, eta berak kamera erostea erabaki zuen, gehiegi jakin gabe zertan ari zen ere. Gaur egun edozein mugikorrekin egin daitezke argazkiak.

Zure iritziz, zein motatako argazkiekin identifikatzen zara gehien?

Argazkilaritza dokumentalarekin identifikatuko nuke neure burua. Bidaiatzeko afizio handia daukadanez, nonbait eseri, jendea nola igarotzen den begiratu eta hori dokumentatzea dut gustuko. Street photography deitzen zaio horri. Horrez gain, erretratuak edota paisaien argazkiak egitea ere asko gustatzen zait.

Argazkiak egiterakoan, zer izaten da errazena zuretzat?

Zaila da argazkilaritzan zerbait erraza suertatzea. Txoko batean jarri, eta akaso, ordu eta erdi igaro dezaket bertan zutik, argazkia egiteko unea topatu arte. Gero, hogei argazkitatik bi izaten dira onak, edo behintzat, gustukoenak. Lehen, zailagoa egiten zitzaidan argazki baten konposizioa pentsatzea, elementu bakoitzari zein garrantzia mota eman erabakitzea, eta azkenean, hogei argazki egin beharrean ehun egiten nituen, eta horietatik ere bi ziren gustukoenak. Orain, hori landu dudanean, errazagoa egiten zait argazkia aurrez pentsatu eta buruan irudikatzea.

 

«Txoko batean jarri, eta akaso, ordu eta erdi igaro dezaket bertan zutik, argazkia egiteko unea topatu arte»



Eta zailena?

Esanahi bat aurkitu, nola kontatu erabaki, eta ondoren ondo islatzea. Nire kasuan, argazki bakoitzarekin zerbait kontatzea gustatzen zait, eta horretan saiatzen naiz. Niretzako argazki batek zerbait esan edo kontatu behar dizu. Istorio bat kontatzea da helburua, koadro bat margotzen duzunean bezala. Argazkia egiteko une egokia aurkitzea ere ez da batere erraza izaten.

Argazki onenak edo gustukoenak aipatu dituzu. Askotan, ordea, ez dira gauza bera.

Ez dakit nola deskribatuko nukeen niretzako ona den argazki bat, jakintza handirik ez dudalako eta ez naizelako aditu bat. Hala ere, gertatu izan zait norbaitek nire argazki batengatik «oso ona» dela esan eta niri batere ez gustatzea. Argazki batek argi egokia edo kolore politak izan ditzake, baina agian ez dit ezer esaten edo kontatzen.

Ziur naiz argazki berezi bat baino gehiago egin izan duzula. Bereziena, akaso, Adolfo Dominguez etxearentzat egindakoa izan zen. Azaldu nola gertatu zen.

Urte hasieran izan zen. Lanean nengoen, eta Adolfo Dominguez arropa markako mezu bat jaso nuen. Iruzur mezu bat zela pentsatu nuen, irakurri nuen arte. Orduan ikusi nuen kontu serio bat zela. Made in Spain izeneko proiektu berri bat martxan zutela eta, Espainian egindako zorro baten argazki desberdinak nahi zituzten. Horretarako, Espainiako Estatuko eremu desberdinetako zenbait argazkilarirekin jarri ziren kontaktuan, beraientzat kuttuna zen toki batean zorro horri argazki bat egin ziezaioten.


IBAI GOÑI.


Nolakoa izan zen argazkia egitearen prozesua?

Niretzat Zerkausia ezinbesteko elementua da Tolosako postalean. Beraz, ez nuen gehiegi pentsatu. Bertara joan nintzen, eta lehen esan bezala, argazkiaren konposizioa pentsatzea izan zen egin beharreko lan handiena. Gero, hamar bat argazki bidali nizkien eta bi aukeratu zituzten, beraien webgunean, dendetan eta sare sozialetan erabiltzeko. Batean, zorroa bizikleta batean zintzilikatuta agertzen da zorroa, eta atzean, Zerkausia ikusten da; bestean, berriz, Oria ibaia eta Uzturre mendia ere ikusten dira.

Nolako oihartzuna izan zuen?

Espero gabekoa. Ezusteko ikaragarria izan zen, eta gerora zeresan handia eman du. Beste ate batzuk zabaltzeko aukera eman zidan, eta lan berriak egin ahal izan ditut urtean zehar. Afizioa izatetik ofizio bihurtzera igaro zen momentu horretan. Beti egin izan ditut argazkiak gustatzen zaidalako, helburu edo ikuspuntu komertzialik gabe. Hala ere, oso eskertuta nago, gerora lan txikiak egiteko aukera izan dudalako, eta noski, ikasten jarraitzeko aukera eman didalako, zalantzarik gabe.

 

«Beti egin izan ditut argazkiak gustatzen zaidalako, helburu edo ikuspuntu komertzialik gabe»



Zeintzuk izan dira lan txiki horiek? Beste arropa markaren batentzako, edo?

Bikiniak saltzen dituen Donostiako denda baterako argazki saio batzuk egin ditut. Bestetik, lagun baten bitartez, proiektu batean hasi berri naiz, aldizkari bateko modari buruzko editorial baterako. Bestela, lan aldetik ez dut ezer handirik egin argazkigintzan, baina sare sozialetan, zeresan handia duten kontuek nik egindako argazkiak argitaratu dituzte, eta horrek ere nire lana zabaltzen lagundu dit.

Aitak ez ezik, zuk ere bidaiatzeko zaletasun handia duzu. Esango nuke, batez ere, paisaiak eta leku turistikoetan egin izan dituzula argazkiak.

Bai. Ahal izaten dudan guztietan, Tolosatik alde egiten dut, eta gainera, ez naiz ingurura joaten oporretara. Oso gustuko dut beste kultura batzuetatik ikastea, jende berria ezagutzea, toki berriak bisitatzea… Leku zoragarri batean bizi gara, baina betiere, munduko toki ezezagunak bisitatu eta horietatik gehiago ikastea gustatzen zait.

Non ibili izan zara?

Oso zaila da leku guztiak zerrendatzea. Aurten, esaterako, Hego Kalifornia Beherean (Mexiko) izan naiz, baita Sri Lankan ere.

Halako batean, kamera hondatuko balitz, zer?

Bat baino gehiago ditut, baina egia da honek esanahi berezia duela niretzat. Pena handia emango lidake kamerak erretiroa hartzea. Gertatuz gero, beste bat hartuko dut, zalantzarik gabe. Hala ere, kamera hau etxean gordeko dut, seguru, ez dut botako. Argi dut behintzat analogikoa izango dela. Digitalak gustuko ditut, baina analogikoek xarma berezia dute.

Baten batek esan dit, orain moda munduko argazkilaritzan ere murgildu nahian zabiltzala, edo behintzat, probatzen...

Hori da. Lehen esan bezala, modari buruzko editorial baterako lan bat egin dut. Probatu besterik ez dut egin oraingoz. Argazkigintzatik bizitzea ez da batere erraza. Hori dela eta, argazkilari askok gauza berriak probatzera jotzen dute. Nik ere hala egitea pentsatu nuen, gauza berriak ikasteko. Igerilekura egin dut salto, beteta ala hutsik dagoen jakin gabe. Oraingoz egindakoarekin kontentu nago, eta beraz, ezin naiz kexatu.

Aurrera begira zein asmo duzu?

Askotan jartzen naiz horretan pentsatzen. Besteak beste, datorren urtera begira webgune bat sortzea da nire asmoa, orain arte egindako lanen aitortza modura. Egin izan ditudan argazkiak bertan salgai jarri nahiko nituzke. Askok galdetu izan didate ea nire argazkiak saltzen ditudan, eta bakarren batek ere argazkiren bat erosteko asmoa azaldu izan du.

 

MOTZEAN

 

Argazki bat?

Oso galdera zaila da. Badaukat bat, baina ez dut inon argitaratu, gordeta daukat. Sri Lankan egin nuen, urrian. Bertako tenplu txiki batean, hura zaintzen eta bisitariei azalpenak ematen ari zen emakume eder bati egin nion. Bere zimurrek eta begiradak zerbait berezia kontatzen dute, eta hunkitu ere egiten zaituzte.

Argazkiak egiteko toki bat?

New York (AEB).


IBAI GOÑI.


Inguruko paisaia ederrena?

Miarritzeko hondartza, atzean Aiako Harriak ikusten direla.

Kamera bat?

Nire aitarena, Canon AE1 kamera.

Nori egin nahiko zenioke argazki bat?

Amari.

Eta norekin atera nahiko zenuke argazki batean?

Joe Greer argazkilariarekin.

Argazkiak, editatuta ala editatu gabe?

Editatuta.

Bisitatu beharreko herrialde bat?

Sri Lanka. Ez dakit gehien gustatu zaidan herrialdea den, baina akaso bai. Urtetik urtera geroz eta turistikoagoa izan arren, oraindik esplotatu gabeko herrialde bat dela iruditzen zait. Bertako jendea ikaragarri jatorra da, paisaiak zoragarriak dira, hondartza dauka, basoa ere bai… Ederra da.

Nora egin nahiko zenuke ametsetako bidaia kamera hartuta?

Hawaiira edo Polinesia Frantsesera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!