Urtarriletik ekainera bitarteko kultur agenda aurkeztu dute Tolosan

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 19a, 09:38

Datozen hilabeteetarako 22 kultur ikuskizun antolatu dituzte; egitaraua azaltzearekin batera, eszena eta zine bonuak ere aurkeztu dituzte.

Urtarrilaren hirugarren egunean hasiko da datorren urteko Tolosako kultur agenda. Urtarriletik ekainera bitarte, denera, 22 kultur ikuskizun antolatu ditu Tolosako Udalak haurrei, gazteei eta helduei zuzenduta. Egitarau horren barruko jarduera guztiak Leidor aretoan eta Topic-en izango dira, eta ohiko tokietan eskuratu ahal izango dira sarrerak.

Goiuri Ezeiza kultur zinegotziaren hitzetan «egitarau mardula» antolatu dute: «Artistek kontatuko dute, baina haien lanek ere badute zer kontatua. Kultura ere hori delako: beste errealitate batzuk oholtzaratzea. Eta datozen sei hilabeteetan pixka bat denetik edukiko dugu». Hain zuzen, tolosarrak dira aurkezpenean parte hartu duten hainbat artista, eta gehien-gehienek nabarmendu dute «aukera polita» dela lana «etxean» aurkeztu ahal izatea.

Iritzi bera azaldu dute gainerako artistek ere, eta Mireia Gabilondo Tanttaka antzerki taldeko ekoizleak eskerrak eman ditu gonbidapenagatik: «Tolosan dena beteta izaten da ia beti, eta atsegina izaten da hona etortzea».

Eskaintza zabala
Urtarrilaren 3tik maiatzaren 31era prestatu dituzte ikuskizunak, eta hainbat arte diziplina bildu dituzte, besteak beste, musika, antzerkia, bertsolaritza eta dantza. Egitarauaren lehen astean Eñaut Elorrietaren kontzertua eta Bagoiaz Barrexerka umore antzezlana antolatu dituzte; bigarrenean, aldiz, Goazen musikalaren txanda izango da; Atariaren bertso jaialdia da hirugarren asteko protagonista; eta hileko azken asteburuan Kortxoaren dilema eta Loti Ederra antzerkiak eskainiko dituzte.

Kultur bonuak
Kultur programazioa aurkeztearekin batera, Tolosako Udalak Gabonetan «kultura oparitzera» animatu nahi izan ditu herritarrak. Bi eskaintza nabarmendu dituzte antolatzaileek: Eszena bonua eta Zine bonua. Aipatutako lehenak bederatzi ikuskizun biltzen ditu, eta 45 euroko salneurria du; bederatzi emanaldi horietarako sarrerak banaka erosiz gero, 95 euro ordaindu beharko lirateke. Bonua eta sarrera guztiak Kutxaren web orrialdean edo Leidorren eskura daitezke.

Horrez gain, zine bonuak ere eskuragarri daude bi bide horietan eta hiru aukera prestatu dituzte: hamar saioko bonua 30 euroren truke, hogei saioko bonua 35 eurotan eta 30 saiokoa, berriz, 40 euroren truke. Ezeiza kultur zinegotziaren ustez «oso-osoa» da bonuen eskaintza: «Kultura bera opari bat iruditzen zaigu eta, izatez, oparitu daiteke. Egitarauarekin batera aurkeztu dugu bonu sistema oso-osoa». Dena dela, edozein ikuskizunetarako ez du balio eszena bonuak; urtarriletik maiatzerako hitzorduetan, horretarako izendatuta dauden ekimenetan erabili ahal izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!