25 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa onartu du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko abe. 18a, 12:54

Sarbide librekoak izango dira 25 lanpostu horietatik 22; gainerako hirurak, berriz, barne sustapen bidez esleituko dituzte.

Tolosako Udalak 2023 ekitaldiko Lan Eskaintza Publikoa onartu du, udaleko langileen behin-behinekotasuna murrizteko eta bitarteko izaeraz beteta dauden lanpostuak egonkortzeko helburuarekin.

Abenduaren 1eko osoko bilkuran eman zuen udalak LEPa martxan jartzeko lehen urratsa, Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Planaren bigarren fasearen onarpenarekin. Hain zuzen, plan horrek udalaren egituran zazpi lanpostu berriren sorrera jasotzen du. 

Bada, zazpi lanpostu horiez gain, legeak ematen dituen birjarpen tasak -ohikoa nahiz gehigarria- hartu dira kontuan proposamena osatzeko. Horrela, 25 lanpostuko eskaintza sortu da, udalarentzat eta herritarrentzat funtsezko diren zerbitzuak indartu asmoz.

Lanpostu horietatik gehienak, 22 zehazki, txanda librekoak izango dira; gainerako hirurak, berriz, barne sustapen bidezkoak. Honakoak dira eskainiko diren lanpostuak:

  • Musika irakaslea
  • Giza baliabideetako teknikaria (A2)
  • Euskaltegiko irakaslea
  • Hizkuntz normalizatzailea
  • Itzultzailea
  • Informatikako teknikari laguntzailea
  • Giza baliabideetako teknikaria (A1)
  • Udal ondare eta idazkaritzako administraria
  • Kontratazioko administraria
  • Espedienteen administratzailea
  • Udateko administraria
  • Udaltzaina - Agente lehena (Barne sustapen bidez)
  • Bi udaltzain lanpostu
  • Ofizial iturgina
  • Pertsonal balioaniztuna (Peoia)
  • Trantsizio energetiko administraria
  • Kultura, festa eta gazteriako administraria
  • Bi gizarte langile lanpostu
  • Errentako administraria (Barne sustapen bidez)
  • Kontratazio kudeatzailea
  • Informatikako teknikaria
  • Udaltzaina - Trafiko koordinatzailea (Barne sustapen bidez)
  • Arkitektoa 

Aurtengo Lan Eskaintza Publiko hau, aurreko urteetan onartutakoei gehituko zaie, eta guztiz garatzeko hiru urteko epea izango da. Horrenbestez, hautagaitzak aurkezteko epea ez da oraindik zabaldu. Prozesuak eskatzen dituen gainerako urratsak ematen joango da udala, eta hautaketa prozesu bakoitzaren oinarri eta izen-emateen berri emango du, zabaldu ahala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!