Tolosako Haur Liburutegiak 'Gehiago gara' aitortza jaso du

Ataria 2023ko abe. 18a, 11:00

Heriotzaren inguruko bilduma osatuena eskaintzeagatik jaso du aitortza Susana Larrek, Tolosako Udal Liburutegiko arduradunak, Heriotza Haurrekin ekimeneko Naroa Martinezen eskutik.

Larunbatean, Gehiago Gara ekimena aurkeztu zuten Donostian, hainbat elkarteren artean. Haurren heriotza, eta heriotza haurrekin, naturaltasunez eta humanitatez bizi izatea eta inguru gehienetan ematen den isiltasuna eta ezintasuna bistaratzea eta eraldatzea du helburu. Haurren heriotzaren aurrean naturaltasunez eta humanitatez jardutea posible dela gogoratuz, aitortza egin zieten dagoneko horrela jarduten duten erakundeei, eta gai honetan baliabideak eskuratu eta sortu ditzatela eskatu zieten alor ezberdinetako eragileei.

Manifestua aurkeztu ondoren, Gehiago Gara aitortzak banatu zaizkie haurren heriotzaren inguruan, eta heriotzaz haurrekin naturaltasunez eta humanitatez bizi izateko lan handia egiten duten elkarte eta erakundeei, besteak beste, Tolosako Haur Liburutegiari. Heriotzaren inguruko bilduma osatuena eskaintzeagatik jaso du aitortza Susana Larrek, Tolosako Udal Liburutegiko arduradunak, Heriotza Haurrekin ekimeneko Naroa Martinezen eskutik.

Ondorengoak dira aitortza jaso duten beste erakundeak: Antzuolako Herri Eskola, hainbat urtetan doluaren eta heriotzaren pedagogia lantzeagatik; Gurutzetako Ospitaleko Zaintza Aringarri Pediatrikoen Unitatea, haurren heriotza goxotasunez eta humanitatez zaintzeagatik; Bilbo-Basurtuko ESIko jaiotza-doluko lan-taldea, hainbat arlotako profesionalen lan-taldea osatu eta jaiotzaren inguruan ematen diren doluaren zaintzan arreta jarri eta gida osatzeagatik; Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoak, haurren gaixotasunaren eta heriotzaren aurrean erakutsitako arreta eta zaintzagatik, eta Amaren intxaurrak ikuskizunarekin heriotzaren gaia haurrekin lantzeagatik; Oiartzungo Udala, Atsolorra jaian jaio aurretik edo jaiotzan hil diren haurrak kontutan hartzeagatik; eta Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Txabi Arnal irakaslearen bidez urteetan irakasle izango direnei heriotzaren inguruko haur literatura ezagutzera emateagatik. Txost! musika taldeak bereziki sortutako Gehiago Gara kantuarekin amaitu zen ekitaldia.

Etorkizunean Gehiago Gara jarrera hartu dutenei gai honen inguruan duten esperientzien berri eman dezaten nahi dute, aitortzen zerrenda handitu eta elkarren berri izanda guztiek ikasi dezaten. Ikastetxeei eta osasungintzako lehen arretako zentroei eta ospitaleetako pediatria sailei helarazi nahi diete ekimena, etorkizunean gai honen inguruko topaketak eta elkarrekin ikasteko aukerak sortzeko.

Ekimenaren sorrera

Haurrak galdu dituzten gurasoak Hil Argi Elkartera hurbildu zirenean sortu zen ekimena. «Argi ikusi zen gure gizartean heriotza tabua izanda, haurren heriotza are eta tabu handiagoa dela. Beraiek, isiltasuna eta ezintasuna sumatzen zuten inguru askotan, eta hori gainditu eta haurren heriotzak modu naturalago eta humanizatuagoan bizi daitezkeela sinesten zuten, erantzukizuna zuten eragileek eraldaketa hori egitea posible zutela. Eta hortik, Gehiago Gara ekimena eratzeko bultzada sortu zen». 

Ekimenari forma emateko bidean, Bizipoza Elkartea bildu zen Hil Argi Elkartearekin. «Bizipoza Elkarteak berezkoa du haurren bizi indarra eta poztasuna areagotzeko helburua, baita haurren momentu zailenetan ere». Eta ondoren, haurren heriotzaren inguruan alor ezberdinetan lan egiten duten elkarteak batu ziren ekimenera: Esku Hutsik Elkartea, Heriotza Haurrekin, Bidegin Elkartea eta Goizargi Elkartea. Ekimena elkarte hauen artean sortu eta sustatutakoa da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!