30 hitzordu baino gehiago, Gabonetan Tolosan ez aspertzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 14a, 19:56

Larunbatean Gabonetako Azoka Berezia egingo dute, eta egun berean hasiko dira Olentzaroaren basora bisitak; abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak bisitatu ahal izango dira Gure Zirkuaren karpan.

Astebete pasatxo geratzen da Gabonetan murgiltzeko, eta Tolosako Udalak egun horietako egitaraua aurkeztu du gaur. 30 hitzordu baino gehiago jasotzen ditu kultura, kirola, aisialdia eta elkartasuna uztartuko dituen eskaintzak. Horietako asko herriko eragile ugarik sustatu eta antolatutakoak izango dira, udalaren laguntzarekin.

Adin tarte guztiei bideratutako eskaintza izango da, familian edota lagunartean gozatzeko modukoa. Izan ere, azpimarra berezia jarri nahi izan dute haurrei zuzenduriko ekitaldietan, etxeko txikienek modu berezian bizi ohi dutelako urteko garai hau. Ez dira faltako, beraz, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege Magoen desfilea, Topaguneko Gazte Astea, haur jolasen parkea eta karrusela edota ikuskizun zein zinema eskaintza berezia.

Zirkua, umorea, bertsoak...

Azken urteotan bezala, Gure Zirkuak Tolosan igaroko ditu Gabonak, emanaldi ugari eskainiz. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra izango dira, eta haurrentzako ez ezik, gazte zein helduentzat ere barre egiteko moduko saio dibertigarriak eskainiko ditu. Saioak 18:00etan izango dira, abenduaren 29an eta 30ean izan ezik. Bi egun horietan saio bikoitza egingo dute, 16:30ean eta 19:00etan. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean ez da saiorik izango. Sarrerak Gurezirkua.eus atarian daude eskuragarri.

Zirkuaren beraren eskaintzaren aurretik, beste bi saio berezi izango dira karpa berean: Galtzaundi Euskara Taldeak antolatuta, XD bakarrizketen umore jaialdia izango da abenduaren 22an, Ana Goitia, Ion ‘Txiki’, Antton Telleria, Mirari Martiarena eta Ander Malbadirekin. 19:00etan hasiko da saioa eta jada agortu dira sarrerak.

Hurrengo egunean, Gure Bertso Zirkua saioa izango da, Harituz Bertsozale Taldeak antolatuta; hau ere 19:00etan izango da. Zirkuko artistez gain, Oihana Bartra, Unai Mendizabal, Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariek parte hartuko dute saioan. Sarrerak Galtzaundiren Egoitzan (Tolosa), Alegiako Ixkiña tabernan, Villabonako Iru-aldeta tabernan eta Gure Zirkuaren webgunean daude salgai, 15 euroko salneurrian.

Basoan zein kaleetan

Olentzaroren Basoko bisitak ere azken urteotan ohitura bihurtu dira. Zumardia elkarteak eta Tolosako Udalak elkarlanean antolatuta, hilaren 16tik 22ra bisitatu ahal izango da, Elosegi parkean. Ordubete inguru irauten duen bisitaldi antzeztua izaten da, kriseilua eskuetan hartuta, Olentzeroren etxolarainoko bidean usadio zaharrak kontatuz. «Eguberrietako xarma eta solstizioa elkartzen dira eta espazio magiko bat sortzen dugu», azaldu dute antolatzaileek. Sarrera ia guztiak agortuta dauden arren, badira gutxi batzuk oraindik salmentan eta horiek internet bitartez eskuratu daitezke, Zumardia.eus webgunean. Sarreren prezioa bost eurokoa da (bi urtetik aurrera) eta jasotako dirua Amillubi proiektura bideratuko da.

Olentzero eta Mari Domingiren etorrerak ere ikusmin handia pizten du. Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi haurrak agurtzen izango dira Gure Zirkuan, 10:30etik 13:30era. Sarrera librea izango da, hau da, ez da gonbidapenik beharko. Arratsaldean, berriz, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar; 17:30ean irtengo dira Plaza Zaharretik. Antzekoa izango da Errege Magoen kasua, urtarrilaren 5ean. Goizean Gure Zirkuan izango dira harrera egiten, ordutegi berean. Arratsaldeko desfileak ere ibilbide bera jarraituko du, baina 18:30ean abiatuko da.

Hain zuzen, Errege Magoen desfileari lotuta, jaiotza lehiaketa izaten da, eta oraindik zabalik da izen-ematea. Kultur etxean egin behar da, abenduaren 22a baino lehen, 10:00etatik 13:00etara edo 16:30etik 20:00etara; abenduaren 25etik 29ra, berriz, goizez bakarrik egongo da izena emateko aukera, 10:00etatik 13:00etara. Jaiotzak Gure Zirkura eraman beharko dira urtarrilaren 4an, eta hurrengo eguneko Errege Magoen harreran izango dira ikusgai.

'Scape Room' bat Tolosan

Abenduaren 26tik 30era Gazte Astea ospatuko da, Tolosako Gazte Topaguneak antolatuta, 11 eta 17 urte bitarteko haurrentzat. Egun horietarako antolatu dituzten hitzorduan artean, Buruari Eragin Txapelketa, Donostiako Txuri-Urdin izotz jauregira edota Iruñeko Salting eremura irteerak, estanpazio tailer bat eta urte amaierako festa daude. Irteeretan parte hartzeko, Topagunean bertan egin behar da izen-ematea eta ordainketa; gainerako ekintzak doakoak izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo Departamentuak sustatuta, gainera, familia eta gazteei zuzendutako Street Scape ekintza egingo da. Gipuzkoako bost udalerritan egingo dute, tartean, Tolosan, abenduaren 28an. Scape Room baten dinamika bera izango du, baina kalean egingo dute. Parte hartzaileak sei laguneko taldetan banatuko dira, eta herriaren inguruko hainbat enigma ebatzi beharko dituzte, ordubeteko tartean. Izen-ematea zabalik da, Gipuzkoaturismoa.eus webgunean. Doakoa da, eta taldeka nahiz bakarka eman ahal izango da izena. Bi txanda izango dira: 17:00etan eta 18:30ean.

Bestalde, Tolosako Azoka Lagunak egitasmoaren barruan, batik bat familiei zuzendutako argizari eta ezti tailerra izango da abenduaren 26an, 12:00etatik 14:00etara, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Doakoa da, baina aurrez izena eman beharko da Tolosakoazoka.eus webgunean. 

Musika nonahi

Eguberrietan kulturaz gozatzeko aukera ere izango da. Guztira 14 ekitaldi antolatu dira. Besteak beste, Ene Kantak (abenduak 16), Iago magoa (abenduak 26), Xabier Zeberio (abenduak 28), Euskal Herriko Gazte Orkestra (abenduak 30),  Eñaut Elorrieta (urtarrilak 3) edota Barrexerka antzerki emanaldia (urtarrilak 4) izango dira. Horrez gain, zazpi pelikula proiektatuko dira Leidor Aretoan, haurrentzako nahiz helduentzako eskaintza osatuz.

Herriko taldeek ere Gabonetako ohiko emanaldiak eskainiko dituzte. Musika Eskolako ikasleen kontzertuak izango dira abenduaren 18an (19:00etan Musika Eskolan), eta abenduaren 22an (Gabonetako ipuin musikatuen emanaldia, 18:30ean, Topicen). Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak ere egun berean emanaldia eskainiko du Leidorren, 19:00etan. Abenduaren 23an, Hodeiertz abesbatzak eta Arimaz orkestrak eskainiko dute kontzertua, San Frantzisko elizan, 20:15ean. 

Tolosako Musika Bandak urteroko hitzorduak izango ditu: abenduaren 24an 12:00etan kontzertua Zerkausian, eta 19:30etik aurrera, kalejira Gorriti Plazatik abiatuta; abenduaren 31n urte zahar eguneko kalejira, ordu eta leku beretik hasita, Errege Magoen desfilean ere parte hartuko du, eta Errege Egunean, urtarrilaren 6an, kontzertua izango da Musika Eskolan, 12:30etik aurrera, Udal Txistulari Bandarekin batera.

Eguberritako ekintza bereziak

  • Abenduak 16, larunbata
    • 9:00-14:00. Gabonetako Azoka Berezia.
  • Abenduak 16-22
    • Arratsaldean. Olentzaroren Basoa Elosegi Parkean.
  • Abenduak 22, ostirala
    • 19:00. XD bakarrizketen umore jaialdia Gure Zirkuaren karpan.
  • Abenduak 23, larunbata
    • 19:00. Gure Bertso Zirkua saioa Gure Zirkuaren karpan.
  • Abenduak 24, igandea
    • 10:30-13:30. Olentzero eta Mari Domingi bisitatzeko aukera Gure Zirkuaren karpan.
    • 17:30. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Ibilbidea: Solana kalea - Korreo kalea - Gorriti Plaza - Barrena eta Rondilla kaleak - San Frantzisko ibiltokia, Geltoki kaleraino.
  • Abenduak 26-29
    • 11:00-13:30 eta 16:00-20:00. Gabonetako haur parkea Zerkausian.
  • Abenduak 27-29
    • 9:30-12:30. Nerabeentzako txotxongilo tailerra Topic-en.
  • Abenduak 26-30 eta Urtarrilak 2-4
    • Gure Zirkua.
      • Abenduak 26, 27 eta 28: 18:00.
      • Abenduak 29: 16:30 eta 19:00.
      • Abenduak 30: 16:30 eta 19:00.
      • Urtarrilak 2, 3 eta 4: 18:00.
  • Urtarrilak 5, ostirala
    • 10:30 - 13:30. Errege Magoak bisitatzeko aukera Gure Zirkuaren karpan.
    • 12:00. Jaiotza Lehiaketa Gure Zirkuaren karpan.
    • 18:30. Errege Magoen desfilea. Ibilbidea: Solana kalea - Korreo kalea - Gorriti Plaza - Barrena eta Rondilla kaleak - San Frantzisko ibiltokia, Geltoki kaleraino.
  • Abenduaren 19tik urtarrilaren 5era.
    • 10:00-13:00 eta 16:00-20:00. Laskorain Ikastolaren merkatu txikia.
  • Urtarrilaren 14ra arte.
    • Haurrentzako Gabonetako Karrusela, Trianguloa plazan.

Gazte Astea Topagunean

  • Abenduak 26, asteartea
    • 16:00-20:00. Buruari eragin txapelketa.
  • Abenduak 27, asteazkena
    • Goizez. Donostiako Txuri-Urdin izotz jauregira irteera. Prezioa: 10 euro.
  • Abenduak 28, osteguna
    • 16:00-20:00. Topagunea. Estanpazio tailerra.
  • Abenduak 29, ostirala
    • Goizez. Iruñeko Salting eremura irteera. Prezioa: 15 euro.
  • Abenduak 30, larunbata
    • 16:00-20:00. Topagunea. Urte amaierako festa.

Kultur saioak

  • Abenduak 16, larunbata
    • 16:30. Ene Kantak, Leidor aretoan.
  • Abenduak 18, astelehena
    • 19:00. Musika eskolako ikasleen kontzertua, musika eskolan.
  • Abenduak 22, ostirala
    • 18:30. Elkartasun kontzertua Topic-en: Eduardo Mocoroa Musika Eskolaren eskutik, gabonetako ipuin musikatuak.
    • 19:00. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren gabonetako kontzertua Leidor aretoan.
  • Abenduak 23, larunbata
    • 20:15. Hodeiertz abesbatzaren eta Arimaz harizko orkestraren Eguberritako kontzertu berezia, San Frantzisko elizan.
  • Abenduak 24, igandea
    • 12:00. Tolosako Udal Musika Bandaren Gabonetako kontzertua, Zerkausian.
    • 19:30. Tolosako Udal Musika Bandaren kalejira, Gorriti plazatik hasita.
  • Abenduak 26, asteartea
    • 12:00-14:00. Azoka Lagunak ekimenaren eskutik, argizari eta ezti tailerra, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan.
    • 18:00. Iago Magoa Topic-en.
  • Abenduak 28, osteguna
    • 19:00. Xabier Zeberioren Pause diskoaren aurkezpena Leidor aretoan.
  • Abenduak 29, ostirala
    • 20:00. El origen del hielo. Un tributo a frozen emanaldia Leidorren.
  • Abenduak 30, larunbata
    • 20:00. Euskal Herriko Gazte Orkestraren kontzertua Leidorren.
  • Abenduak 31, igandea
    • 19:30. Tolosako Udal Musika Bandaren urte zaharreko kalejira, Gorriti plazatik abiatuta.
  • Urtarrilak 3, asteazkena
    • 19:00. Eñaut Elorrietaren Fantasia emanaldia Leidorren.
  • Urtarrilak 4, osteguna
    • 19:00. Barrexerka antzerki saioa, Topic-en.
  • Urtarrilak 6, larunbata
    • 12:30. Tolosako Udal Txistulari Bandaren eta Tolosako Udal Musika Bandaren Errege Eguneko kontzertua, musika eskolan.

Zinema eskaintza Leidorren

  • Abenduak 17, igandea
    • 17:00. Robot Dreams (haurrentzat).
  • Abenduak 21, osteguna
    • 20:30. Saben Aquell (helduentzat)
  • Abenduak 23 eta 25
    • 19:00. Wonka (familientzat).
  • Abenduak 27, asteazkena
    • 20:30. El Reino Animal (helduentzat).
  • Urtarrilak 1 (19:00), 6 eta 7  (19:30)
    • Ocho apellidos marroquís (helduentzat).
  • Urtarrilak 6 (21:30) eta 8 (19:00)
    • Fallen leaves (helduentzat).
  • Urtarrilak 7, igandea
    • 17:00. Wish: El poder de los deseos (haurrentzat)

Kirol ekitaldiak

  • Abenduak 20, asteazkena
    • 19:00. Kirol Gala, Leidorren.
  • Abenduak 26-31
    • Gabonetako haurren areto futbol txapelketa, Usabal kiroldegian.
  • Abenduak 26, 31 eta urtarrilak 5
    • Pilota profesionaleko partidak, Beotibar frontoian.
  • Abenduak 30, larunbata
    • Soroa Oroimenezkoa Txapelketako finalak, Beotibar frontoian.
    • Padel txapelketa, Berazubin.
  • Abenduak 31, igandea
    • 15:30-17:30. Elkartasun Krosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!