Gabonetako Azoka Berezian, 71 postuz gozatu ahalko da

Ataria 2023ko abe. 13a, 17:00

Trianguloan eta Alondegian elikagaien postuak izango dira, Plaza Zaharrean animaliak jarriko dituzte, eta San Frantzisko Pasealekuan artisauen postuak.

Gabonak heltzear dira, eta haiekin batera, baita Tolosako azokarik berezienetakoa ere. Larunbat honetan, hilaren 16an izango da Gabonetako Azoka berezia, eta udaletik azaldu dutenez, «Eguberrietako erosketak egiteko plaza benetan aproposa izango da». Larunbateroko ekoizleez gain, beste 71 postu batuko dira larunbateko azokara, eta horiek Tolosako lau gunetan banatuta egongo dira: Trianguloan, Alondegian, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko Pasealekuan. 

Herri osoan zehar banatuta, beraz, larunbat goiz osoan, 09:00etatik 14:00etara, euren produktuak saltzen egongo dira postuetan. Elikagaien eta artisauen dozenaka postu izateaz gain, abereak ikusteko edota pintxoak dastatzeko aukera ere izango da, eta giroa alaitzen txistulariak ariko dira.

Asteroko azokagileek Zerkausian, Berdura Plazan eta Euskal Herria Plazan jarraituko dute, ohiko produktuekin. Horiez gain, Trianguloan eta Alondegian  izango dira elikagaiak nagusi, 30 eta 22 postu bilduz, hurrenez hurren: barazkiak, gozoak, ahatekiak, hestebeteak, gozoak, kontserbak, ardoa, likoreak, gazta edota eztia izango dira eskuragarri. Plaza Zaharrean animaliak egongo dira ikusgai, eta San Frantzisko pasealekuan, aldiz, artisauen 13 postu izango dira, baita elkarteen 6 postu ere: egur tailak, bitxiak, pilotak edota egurrezko etxetresnak izango dituzte.

Egun horretan bertan, gainera, azken urteotako ohiturari jarraituz, udal ordezkariek konpota banatuko diete urte osoan zehar azokako hiru gune nagusietan egon ohi diren azokagileei, 10:30etik aurrera.

Urteko azken bi azokak abenduaren 23an eta 30ean egingo dira, larunbatez, Berdura plaza, Zerkausia eta Euskal Herria plazan. Urteko lehena, ordea, ostiralean egingo da, urtarrilaren 5ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!