ELKARRIZKETA

«Berrogeita hamar urtetik gora daramatzagu irekita, inauteri asko pasa ditugu guztira»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 16a, 07:59

Edorta Jauregi, El Kiloko jabea. A.A.A.

Lau hamarkada baino gehiago daramatza Edorta Jauregik Tolosako El Kilo oihal dendan. Inauteriak eta uda izaten ditu urteko garai lanpetuenak.

Hogei urte inguru zituela jarri zen mostradorearen atzean Edorta Jauregi (Tolosa, 1963) tela saltzailea. Herritik kanpo ere, askorentzat izango da ezaguna Tolosako Alde Zaharreko El Kilo oihal denda. Inauterietako mozorroetarako oihalak saltzeak eta josteak egin du bereizgarri, eta joan den urtekoetan konpartsa baten gaia izan zen denda. Lau hamarkada inguruko ibilbidearen ondotik oroitzapenez eta bitxikeriaz harilkatu ditu lanaren inguruko nondik norakoak.



Nola iritsi zinen dendan lan egitera?

Gurasoak dendarekin hasi zirenean oraindik umea nintzen. Nire ikasteko ahalmena nahiko motza zen [barrez] eta nonbait sartu behar nuenez dendan hasi nintzen aitarekin eta amarekin; eta azkenerako bizitza osoa egin dut hemen. Hogei bat urte nituela hasiko nintzen, beraz, denera berrogei bat urte daramatzat hemen.

Nork jarri zuen martxan oihal denda?

Aitak eta amak jarri zuten denda martxan. Errioxan lagun batzuk zituzten, zeinak indar handiko handizkariak ziren; eta haiek konbentzitu zituzten nire gurasoak dendarekin hasteko. Errioxarrekin egiten zuten lan, oihalak handik ekartzen zituzten. Oso inportatzaile indartsuak ziren; gaur egun ez dira existitzen, baina garai hartan indar handia zuten. Gogoan dut bertara joaten ginenean sekulako trailerrak ikusten genituela oihalak deskargatzen. Benetan handiak ziren, milaka kilo tela izango zituen bakoitzak. Ez dakit ziur, baina Errioxako pabiloia Tolosako kiroldegia baino handiagoa zela esango nuke.



Nondik dator El Kilo izena?

Bada, hain zuzen, Errioxako haiek generoa saltzeko zuten moduagatik: telak kiloka saltzen zituzten. Gogoan dut aitarekin eta amarekin joan izana generoa erostera, eta han topatzea hiru trailer telak deskargatzen: 30.000 kilo izango zituen bakoitzak... Pentsa. Bada, aitak eta amak hemen ere kiloka saltzen zuten hasieran, hortik izena. Maindireak, toallak, soinekoentzako oihalak... Hasieran dena kiloka saltzen zuten, metroka izan beharrean. Sistema bitxia zen, baina funtzionatzen zuen.

 

«Hasieran dena kiloka saltzen zuten, metroka izan beharrean. Sistema bitxia zen, baina funtzionatzen zuen»



Garai batean halako denda gehiago ere izango ziren, ezta?

Bai, bai, jakina. Alde Zaharrean dezente zeuden: Tejidos Lobo; Berdura plazan beste pare bat ere baziren: Anttoni eta Tejidos Mari. Baina guztiak jubilatu egin ziren haien momentuan eta, bai, bakarrik geratu gara.

Urte hauetan gauza bitxiak ere gertatuko zitzaizkizun.

Urte hauetan, asko. Baten bat gogora ekartzeagatik: neska gazteren bati birjintasun proba egiteko tela saldu behar izatea tokatu zait. Behin musulman batzuk ere etorri ziren oihal zuri bila, senide bat lurperatu behar zutelako. Kristoren metro pila eraman zituzten, kotoizko tela zuria. Eta horiez gain, saltokietako betiko anekdotak.

Egon, behin etorri zen Berastegi inguruko mutil bat... Gogoratze hutsarekin barrea eragiten dit. Furgoneta bati gortinak egiteko tela bat aukeratu zuen, eta galdetu nionean ea zenbat metro behar zituen ez dakit ba, hogei bat metro esan zidan. Galdetu nion ea mikrobus bat erosi ote zuen eta ezetz, Renault Kangoo bat omen zuen. Abisatu nion gortina erraldoiak aterako zitzaizkiola, eta gutxiagorekin nahikoa izango zuela. Oraindik kalean topatzen garenean elkar agurtzen dugu [barrez].

Lanean zer da gehien atsegin duzuna?

Jendearekin sortzen den gertuko harreman hori. Tratua, orokorrean, oso ona izaten da. Badaude, tarteka, kasu zailagoak, jakina. Baina, orokorrean, jendearekin asko disfrutatzen dut.

Eta, kontrara, gutxien gustatzen zaizuna?

Agian, ordutegia. Beste denda asko bezala larunbatetan ireki egiten dugu eta horrek asteburua motzagoa izatea eragiten du. Eta egia esatea nahi baduzu, ez naiz inoiz oso puntuala izan [barrez]. Baina nire orduak pasatzen ditut hemen sartuta, hori zalantzarik gabe.

Jendearekin harremana gertukoa izango da, ezta?

Bai, eta hori dela-eta ere denetik tokatzen zait. Saltoki txikietan denetik entzuten dugu: etxeko arazoak, pozak, tristurak...

Joan den urteko inauterietan konpartsa batek 'El kilo faxion xou' mozorroa egin zuen. Nola gogoratzen duzu hori?

Sekula santan ez diegu nahikoa eskertuko. Gozamena izan zen. Gure amarentzat oso omenaldi polita izan zen; eta are esanahi sakonagoa du, gerora ama hil egin baitzaigu. Baina orduan kalera atera zen ikustera, haiekin eseri zuten, argazkiak atera zituzten, desfile bat egin zuten... Oso-oso ondo portatu ziren, eta ez daukagu hitzik egin zutena eskertzeko.

Tolosan denda ezaguna dela esan daiteke.

Baietz esango nuke, jendeak ezagutzen gaituela. Azkenean, urte asko dira denda irekita dagoela: 50 urtetik gora daramatzagu irekita, inauteri asko pasa ditugu guztira [barrez].

Oihal denda bat beste garaiko saltoki bat dela irudituko zaio jende gazteari.

Bai, bai; oso vintage geratu gara [barre txikiarekin]. Ikusi besterik ez dago dendaren dekorazioa. Kristoren urte pila ditu, kaxoiak-eta oso zaharrak dira, baina geratzen diren urteetarako ere ez dit merezi berritzen hasteak. Gainera, horrela mantentzeak ere ematen dio bere xarma, baina askotan gertatu zait turistak-eta etortzen direnean harrituta esatea: «A zer saltoki zaharra! Lehen zeuden horietakoa da!».

Gaur egun nola egiten du aurrera horrelako saltoki batek?

Bada, nolabait espezializatuta. Badaude gauza batzuk kantitate kontuagatik-eta, zeina dena handi handiek ezin dituzten egin; eta guk, aldiz, bai. Gortina bereziak egiteko, ezaugarri tekniko zehatz batzuk dituzten oihalak saltzeko... Saltoki handiagoetan ere izaten dituzte, baina hemen malgutasun handiagoz egin dezakegu lan. Hori da abantaila.

Adibidez, aurtengo inauterietarako kuadrilla bat aterako da Tolosako estanpatu oso berezi batekin —gauzak aurrera baldin badoaz, behintzat—. Bada, haiek erabakitako diseinu bat estanpatuko dugu tela batean. Orain badira etxe batzuk estanpatu egiten dutenak eskariaren arabera. Formatu berezi batean bidalita haiek digitalizatu egiten dute, eta edozerekin egin dezakete lan: pertsona baten erretratuarekin, maskoten argazkiekin... Aurten horrelako gauzak egiten hasi gara.

Duela urte batzuk ere Laskorain Ikastolakoek inauterietan kolore bereziren bat behar zuten mozorroaren zati baterako, eta hori ere egin genuen.



Esan duzunaren arabera inauteriak dira urteko momentu lanpetuenetakoa, ezta?

Bai, bai. Urteko dilista erdiak baino gehiago inauterietan jokatzen ditugu. Bizpahiru urte oso gogor pasa ditugu; hiru, azkenean, COVID ondorengo lehen inauterietan ere ez baitzuen denborarik eman ezer egiteko. Nabaritu dugu, baita ere, udan herriko festen harira blusak eta halako oihalak egiteko ohitura indar handia hartzen ari dela. Inguruko herrietatik ere etortzen dira kuadrillak: Ibarra, Berastegi, Amezketa... Jendea Andoaindik eta Lasartetik ere etortzen da.

Inauteriak eta uda, beraz.

Bai. Lehen momentuan ez du ematen, baina asko bizi gara parrandaz. Udan blusak eta mozorroak ere behar izaten dituzte herri askotan, egun zehatzetan mozorrotzeko.

Eta Gabonen bueltan izaten al da eraginik?

Gabonetan ondo saltzen da, baina ez dago halako gorakadarik. Indartsuenak, zalantzarik gabe, uda eta inauteriak.



Urteek aurrera egin ahala aldatzen joan dira jendearen kontsumitzeko ohiturak; baita arropari dagokionez ere. Zuek nola nabaritu duzue hori?

Hori ere nabaritu dugu inauterietako mozorroekin-eta. Jende askok egindakoak erosten ditu, merkeagoak izaten direlako. Esan behar da, guk egingo bagenitu garestiagoak izango liratekeela, hori ziur; azkenean, neurrira egiten ditugulako, gero norbaitek josi egin behar dituelako... Baina nabarmendu behar da, baita ere, baten eta bestearen kalitateak ez duela inongo zerikusirik.

Dena dela, nik ulertzen dut jendeak horiek erosteko joera izatea. Gazte batek 25 euroan mozorroa osorik erosteko aukera baldin badu, apaingarri eta osagarri guztiekin... Gainera berdin die behin jantzi eta erabat txikitzen badute ere. Azkenean, parranda egiteko soilik erabiliko baitute. Hori ere hor dago.

Baina konpartsa handiek-eta trajea behar izaten dute; eta mozorroak normalean zainduagoak izaten dira. Txarangek ere interneten ez dituzte haien telak topatzen, Tolosako oso gauza propioak izaten direlako; gauza horiek mantentzen dira. Aurten, dagoeneko, egin ditugu txaranga pare bateko blusak.

Eta inauterietatik kanpo ere aldatu da joera.

Bai, horretan ere nabaritu da; lehen askoz gehiago saltzen zen. Garai batean larunbatero etortzen zen jendea inguruko herri txikietatik: izeba bati urtebetetzean traje bat oparitu nahi ziela, txaketaren bat egin nahi zutela, blusaren bat... Baina orain gauza horiek ere oso gainbeheran daude. Arropa jostea zerbait oso bitxia da gaur egun; eta modistak ere gutxi geratzen dira. Dena nabari da.



Lan esparru antzekoan, Tolosako beste denda bereizgarri bat zen Malumbres, eta hark ere itxi egin zuen.

Bai, betiko jostuna zen hori. Gainera, haietako batekin harreman handia dut, eta hark ere esaten zuen aldapan behera ikusten zuela kontua. Gaur egun arropa oso-oso merke topatu daiteke; beti ere erosten duzun tokiaren arabera, jakina. Baina erraza da arropa merkea topatzea. Kalitatearen kontua ere hor dago, baina badakigu zein den gaur egungo testuingurua.

Etorkizunera begira dendak izango al du jarraipenik?

Nik uste hau bukatu egingo dela. Alaba irakasle ikasketak egiten ari da eta hori du bokazio. Nik uzten dudanean hau bukatu egingo dela esango nuke. Gerta daiteke norbait azaltzea eskualdatze bat egin nahian edo, baina momentuz ez dut inorekin hitz egin eta ez dut oso posible ikusten.

Baina oraindik jarraituko duzu.

Hemen gaude jendeak nahi duenerako. Oraindik urte batzuk iraungo ditugu, eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan gerturatu direnei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!