Material bilketa egiten jarraitzen du Jatorkin Al-Nahdak

Ataria 2023ko abe. 13a, 07:58

Irailean, Marokon izandako lurrikararen ondorioz, bertan kaltetutakoei laguntzeko kanpaina abiatu zuen Tolosako elkarteak; urtarrila amaitu bitarte egongo da aukera.

Irailaren 8an richter eskalan 6,9 graduko lurrikara izan zen Marokon eta ia 3.000 pertsona hil eta 5.000 zauritu ziren. Marrakexetik 70 kilometro hegoaldera, Al Hauz probintzian izan zen lurrikararen epizentroa eta etxebizitza tradizional asko dauden herrietan eragin zituen kalterik handienak. Egitura ahulekoak ziren asko, eta horrek larriagotu egin zuen hondamendia.

Tolosako Jatorkin Al-Nahda elkarteak, lurrikarak kaltetuko herritarrak laguntzeko kanpaina abiatu zuen orduan. Magreben jatorria dutenak asko dira eskualdean, eta haiekiko elkartasun keinu gisa material bilketa abiatu zuten. Azken hilabeteetan, herritarren ekarpenak biltzen aritu dira elkartearen egoitzan (Larramendi kalea 9, behea). Orain, kanpaina luzatzea erabaki dute, urtarrila amaitu bitarte. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egoten da zabalik bulegoa.

Batetik, elikagai ez-galkorrak biltzen dituzte, hala nola, irina, azukrea, kontserbak, lekaleak, olioa eta pasta. Musulmanen dieta halal-a dela eta, ez dituzte biltzen alkohola, animalien haragia edota eratorriak dituzten produktuak, arraina eta itsaskia izan ezik. Bestetik, haurren elikadurarekin lotutako produktuak, garbitasun eta higiene pertsonaleko materiala eta etxeko garbiketarako produktuak biltzen ari dira. Produktu horiez gain, osasun materiala ere biltzen dihardute.

Neguaren gertutasunarekin kezkatuta daude, eta beraz, haur zein helduentzat neguko arropa, mantak eta oinetakoak eramateko deia luzatu dute. Ahal den heinean, izarak, burkoak, zakuak, kanpin-dendak, linternak, kandelak edota pospoloak eramatea ere eskatu dute. Diruz ere egin daitezke ekarpenak, ES 87 2095 5067 1810 74425355 kontu korrontean, Maroko lurrikara kontzeptuarekin.

Euskal Herritik bideratzen den laguntza giltzarria izango dela esan dute, «kaltetuak lagundu eta hondamendia oraindik ere handiagoa izan ez dadin». Lurrikararen aurreko egoerara itzultzea asko kostako dela uste dute Jatorkin Al-Nahda elkarteko kideek. «Espero dugu gobernuak emandako hitza bete eta ingurune horretara lehenbailehen laguntza bideratzen hastea», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!