Kirola, elkartasuna eta festa giroa urteko azken egunean

Imanol Garcia Landa 2023ko abe. 12a, 18:45

Samaniego eta Orixe ikastetxeetako, Tolosako Udaleko eta Zutani elkarteko ordezkariak, aurkezpenean.

Samaniego eta Orixe herri ikastetxeek antolatutako XXV. Elkartasun Krosa egingo da abenduaren 31n. Lortutako dirua Zutani elkartearentzat izango da.

Ohiko moduan, aurten ere, kirola eginez agurtuko du urtea Tolosak. Abenduaren 31n kirolak eta elkartasunak bat egingo dute, beste behin, Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako kirol batzordeek udalaren laguntzarekin antolatutako Elkartasun Krosa egiteko. Aurtengoan, gainera, urteurren biribila beteko du, XXV. aldia izango baitu. 

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak azaldu duenez, «urtea kirola eginez amaitzeko ohitura dago, eta horretan erreferenteetako bat da Elkartasun Krosa. Kirolaz eta elkartasunaz gain, festa giroa du ezaugarri: oso ederra izaten da Alde Zaharreko kaleetan sortzen den giroa, bai parte hartzaileen artean eta baita ikusleen artean». Bide batez, Martinez de Rituertok eskertu egin die antolatzaileei egiten duten lanagatik. 

Aurtengo edizioa berezia dela azaldu du Iban Fernandez Samaniegoko zuzendariak: «Krosak 25. urtea betetzen du, eta Samaniego ikastetxeak 50 urte betetzen dituelako. Guretzako ikasturte oso berezia da, ilusioz beterikoa. Ikasturtean zehar hainbat ospakizun egingo ditugu, eta aurtengo krosarekin hasiera emango diogu ospakizun horiei». 

Urteko kirol ekitaldi parte-hartzaileenetako bat da Elkartasun Krosa, ehunka korrikalari izaten baititu urtero. Aurten ere 1.000 dortsal jarriko dira salgai, horietatik 100 kadeteen mailarako. Dortsalak Shanti Kirolak dendan eskuratu ahalko dira, bihartik aurrera, 10 euroko salneurrian helduentzat, eta 5 euroan kadeteentzat. Benjamin eta infantilen kasuan, ez da dortsalik beharko parte hartu ahal izateko. Saldu gabeko dortsalik balego, egunean bertan ere jarriko dira eskuragarri, 12 euroren truke; dortsal horiek Zerkausian bertan banatuko dira.

Izen-emateen irabaziak urtero irabazi asmorik gabeko elkarte batera bideratzen dira. Aurten, Zutani elkarteari emango zaizkio, haien lana babestu eta indartzen jarraitzeko. Bertako kidea den Arantxa Iruretagoienak eskertu egin du elkarteari emango zaion laguntza, eta bere egitekoa zein den azaldu du: «Pobrezian eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei gizarteratze prozesuetan laguntza eman nahi diegu. Hiru ildo nagusi ditugu: elikadura eskubidea bermatu, gizarteratze prozesua sustatu eta herritarrak aktibatu elkartasunaren inguruan». 

Iraitz Arrospideri saria
Urtero bezala, kirol proba 15:30ean hasiko da, haurren saioarekin; irteera eta helmuga Zerkausia kalean izango dute. Ordubete beranduago, 16:30ean, heldu eta kadeteen txanda izango da. Plaza Zaharretik abiatuko dira eta helmuga Zerkausia kalean izango da. 

Haurren kasuan, benjaminek 700 metroko lasterketa egingo dute eta alebin zein infantilek 1.400 metrokoa. Heldu eta kadeteen lasterketa 5.050 metrokoa izango da.

Lasterketa guztiak amaitu ostean egingo da sari banaketa, Zerkausian. Iaz bezala, Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta egindako garaikurrak banatuko dizkiete lehen postuetan sailkatzen direnei. Orixeko ikasleek diseinatu dituzte sariak eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu dituzte. Mozorrorik onenak ere saria izango du. Parte-hartzaile guztiek, gainera, domina jasoko dute eta kamisetak zozketatuko dira.

Sari berezia ere ematen dute antolatzaileek, kirolariren baten ibilbidea aitortzeko. Aurten, aitortza hori Iraitz Arrospide lasterkariari egingo diote, Samaniego ikastetxeko gurasoa. Besteak beste, 50 kilometroko munduko txapelduna da Arrospide, eta Behobia-Donostia lasterketan podiumak egindakoa da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!