Hurrengo astelehenetik aurrera Barrena eta Rondilla bertakoentzako gune izango dira gauez eta eguerdietan

Ataria 2023ko abe. 11a, 13:52

Gaur egingo dituzte margoketa lanak eta hori dela eta, Rondilla eta Barrena kaleetako ezkerreko aldean ezingo da aparkatu. 

Hurrengo astelehenetik, hilaren 18tik, aurrera, Barrena eta Rondilla kaleak bertakoentzako gune izango dira gauez, eta baita eguerdietan ere. Aurrez, margoketa lanak egin behar dituzte bi kaleetan, egoiliarrentzako guneak behar bezala markatzeko. Lan horiek gaur egingo dituzte, eta hori dela eta, Rondilla eta Barrena kaleetako ezkerreko aldean ezingo da aparkatu. Lanak egin eta pintura lehortzen joan ahala, zona batzuk zabaltzen joan ahal izango dira.

Abenduaren 18an sartuko da indarrean araudi berria, eta ordutik aurrera, gauetan egoiliarrek baino ezingo dute aparkatu bertan, 19:00etatik 08:00etara. TAO zerbitzurik ez dagoen orduetan ere egoiliarrentzat izango dira ezkerraldeko leku horiek: eguerdietan –13:30-16:30 bitartean–, larunbat arratsaldeetan –13:30etik aurrera– eta igandeetan egun osoz. 
 
Bertakoak ez direnek, orain arte bezala aparkatu ahal izango dute Barrena eta Rondilla kaleko ezkerraldean, TAO bidez. Astelehenetik ostiralera egunean zehar, (08:00etatik 19:00etara, eguerdietan izan ezik) eta larunbat goizetan (13:30ak arte) izango dute aukera. Zamalanetarako guneak, aldiz, bere horretan mantenduko dira.

Rondilla kaleko eskuinaldearen ordutegia, berriz, bere horretan mantenduko da. Egunean zehar ezingo da bertan aparkatu; 19:00etatik 08:00etara, berriz, soilik bertakoek izango dute aparkatzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!