Elikadura nahasmenduen inguruko jardunaldia antolatu du Alpino Uzturrek

Ataria 2023ko abenduaren 9a

Sandra Piñeiro eliteko arraunlari ohiak bere testigantza emango du, ostiralean, 19:30ean Tolosako kultur etxean.

Alpino Uzturre elkarteak antolatuta, datorren ostiralean, abenduaren 15ean Remando en la oscuridad liburuaren inguruan arituko da Sandra Piñeiro eliteko arraunlari ohia Tolosako kultur etxean 19:30etik aurrera. Kiroleko elikadura nahasmenduen inguruko jardunaldia izango da ostiralekoa.

Alpino Uzturrek saio hori antolatu du elikadura nahasmenduen inguruko informazioa modu egokian emateko. "Gaia klandestinitatetik atera eta horrela nahasmendu hori duten pertsonen benetako errealitatea erakusteko". Nahasmendu hauen kopuruak gora egin duela aipatu dute mendi elkartetik eta aipatu dute gero eta gazteagoei eragiten diela. "Espainian kaltetutako 400.000 pertsonetatik 300.000 gazte nerabeak dira", esan dute Alpino Uzturretik.

Jardunaldiak gaixotasun honen arazoez kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko balioko du, gaixotasun hori duten pertsonen eta haien familien osasun fisiko eta psikologoan ondorioak dakartzalako.

Sandra Piñeiro, eliteko arraunlari ohiak 2021eko urte amaieran komunikabideetan agertu zen, anorexiaren tabua mahai gainean jartzeko. Gaixotasun honekin egindako zeharkaldia kontatu du Remando en la oscuridad liburuan eta jendaurrean aurkeztuko du Alpino Uzturrek antolatutako jardunaldian, ostiralean, 19:30etik aurrera Tolosako kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!