WOP Mendi Film saria jaso du Edurne Pasabanek

Ataria 2023ko abe. 9a, 11:00

Argazkia: Menfi Film Festival

Mendi Film Festival jaialdiaren hasiera ekitaldian jaso du saria mendizale tolosarrak.

Mendiko balioen transmisioan egindako ekarriagatik Edurne Pasabanek jaso du 2023ko WOP Mendi Film Saria. Zinema jaialdiaren hasiera ekitaldian jaso du saria. Mikel Renteria The Walk On Project Fundazioko zuzendariak, eta Jabi Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendariak eman diote garaikurra tolosarrari, Euskalduna Jauregiko auditorio nagusia.

Hunkituta jaso du saria Pasabanek: "Espedizio haiek adina beteko nauen zerbait aurkitzea ez da batere erraza. Bide honetan, nire buruari mila aldiz galdetu diot ongi ari ote naizen, edo nire bizitzan egiten dudan honek zentzurik baduen. Gaur jakin dut erantzuna, eta erantzuna bai da. Badu zentzua". Bere hitzaldian esfortzua, talde lana eta leialtasuna bezalako baloreak defendatzeko deia luzatu zuen tolosarrak: "Gaur nire motxila erantzukizunez beteta dago, aurrera begira erronkak eta ametsak dituzten hainbat eta hainbat emakume eta neskatorentzat erreferentzia bat izatearen erantzukizuna. Denei gauza berbera esango nieke, sinetsi zuengan, ez mugatu zuen buruak, bizitzak jarriko dizkigu eta bestela ere nahikoa oztopo".

Sari emate ekitaldiaren ostean, jaialdiko sail ofizialeko lehen bi pelikulak proiektatu dira, Body of a line Henna Taylor zuzendariarena, eta Velky Canyon-Gran Canyon Pavol Barabasena. Epaimahaiko kideak ere hasiera ekitaldian egon dira, tartean Juantxo Zeberio Etxetxipia tolosarra. Berekin batera, Eliza Kubarskanek, Michael Pausek, Patricia Ayalak eta Nerea Alberdik osatzen dute Mendi Film Festibalen epaimahaia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!