Tolosa P taldeko gimnastek Espainiako Txapelketa irabazi dute

Ataria 2023ko abe. 7a, 11:58

Tolosa CF klubeko gimnastak Iruñean izan dira Espainiako Txapelketan. Bertatik esperientzia berrien artean urrezko domina ekarri dute.

Navarra Arena pabiloira ilusioz bidaitua zuten. Oinarrizko infantil taldeetako hamar gimnastentzat denboraldi berezia izan da, beren lehen esperientzia izan baita nazio mailako lehiaketa batean. Tolosa P taldeko Arene Amondarain, Ane Iraola, Aroa Madina, Uxue Morea eta Haizea Aldasoro izan ziren klubeko lehenengo ordezkariak. Tapiza gogoz zapaldu eta ariketa zoragarri baten ostean lehen postuan kokatzea lortu zuten. Hor mantendu ziren eguna amaitu bitartean, Espainiako txapeldun geratuz. 
Lujan Diez, Maren Alonso, Enara Jaka, Uxue Ormazabal eta Ellen Mills, Tolosa H taldeko gimnastak, ondoren parte hartu zuten. Beren lanaz gozatu zuten, eta baita ikusleek ere. Sailkapen orokorrean 35. izan ziren 110 taldeen artean. 
Oinarrizko jubenilak, Olaia Echeverria, Sara Rudel, Nahia Esnaola, Irune Suarez, Aizpea Arroyo eta Ainhoa Merino, klubeko txikientzat eredu dira. Hauek larunbatean parte hartu zuten, eta tapizean gogotsu aritu ziren denboraldian zehar egindako lana erakusteko gogoz. Guztira 147 talde ziren, eta 11. sailkatzea lortu zuten. 
Igandean, juniorren txanda izan zen. Aiora Vega, Naroa Asenjo, Eneritz Diaz de Guereñu, June Bengoetxea eta Nora Perezek taldekako Espainiako kopako 3. fasean parte hartu zuten eta 11. izan ziren. Gimnasta hauek begirada datorren astean Valladoliden izango duten Espainiako txapelketan daukate. Hortaz, Iruñeko tapiza zapaltzea indarra eta esperientziaz baliatzeko ezinbestekoa izan da. 
Klubak talde guztien lana, esfortzua eta kemena goraipatu ditu. Baita entrenatzaile, familia eta babesleak diren Cmo Valves, Garaje Tolosa eta Udarko Promoren babesa. Haiei esker, klubeko gimnasten entrenamendu baldintzak beren beharretara egokitzeko aukera dute.
Eguberriei hasiera emateko, Tolosa CFko gimnastek hilaren 19an, 19:00etan, Leidorren ekitaldi berezi bat eskainiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!