Gehigarria: gabonak

Hutsik egiten ez duena

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 10a, 08:59

Otorduetarako bertako sagarrarekin eginiko euskal sagardo jatorri deiturako sagardoa eta Premium sagardoa 
eskaintzen dituzte Isastegi sagardotegikoek; jakiei zapore pizgarria gehitzeko, berriz, Sagarko sagardo ozpina ere badute; sagardotegian bertan, online nahiz ohiko komertzioetan eta ostalaritzan eskuratu ahal dira produktu guztiak .

Ederki laguntzen ditu jakiak, eta horregatik ohiko osagaietako bat da gure mahaietan. Eta zer esanik ez, lagunartean eta familia giroan egiten ditugun otordu berezietan. Horietan, ezinbestekoa eta hutsik egiten ez duena da euskal sagardoa. Tolosaldetik urrundu gabe, eskualdean ekoizle ugari ditugu, eta Tolosako Isastegi sagardotegia da horietako bat, gure nahi eta beharretarako eskaintza oparoarekin.

Bi sagardo erreferentzia dituzte. Txapelgorri euskal sagardo jatorri deiturako sagardoa da, eta Isastegiko Joseba Lasak azaldu moduan, bertako sagarra %100 erabilita egina da: «Bertako sagarraren aldeko konpromiso irmoa dugu, eta horregatik, Tolosaldeko sagar ekoizleekin egiten dugu lan».

Sagardo berezia nahi duenarentzat, berriz, txapel doratuduna ere badute aukeran. Edizio mugatuko Premium sagardoa da, DO Kalitate zigiluak bermatutako sagardo naturala, eta urtean bi edo hiru sorta egiten dituzte. Sagarrak kontu handiz aukeratzen dituztela kontatu du Lasak: «Mikel anaia eta bioi gehien gustatzen zaigun kupela edo nahasketa aukeratzen dugu, eta hori botilaratzen dugu. Emaitza fruta-gustuko sagardo loretsua da, ahoan orekatua, tanino sotilen arteko harmonia perfektuarekin eta azidotasun atseginarekin».

Berezia eta kalitatezkoa denaren seinale, aurten hainbat sariketa irabazi dituzte Isastegikoek sagardo honekin. Apirilean Cider World nazioarteko sagardo txapelketa garrantzitsuenetakoa ospatu zen Frankfurten (Alemania), eta urrezko domina eskuratu zuten. Ekainean, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen duen Sagardo Lehiaketan ere urrezkoa irabazi zuten, eta irailean Rigan (Estonia) egin zen Nordic International Cider Awardsen ere urrezko domina eskuratu zuten. 

Botilan edo latan
Sagardoa botilan merkaturatzen dute, ohiko neurrian nahiz txikiagoan. Azken urteetan latan ere eskuragarri da Isastegiko sagardoa. «Esportazioaren ideiarekin Estatu Batuetara sagardoa latan hasi ginen esportatzen, eta duela urte pare bat bertan aukera hori ere eskaintzen ari gara». Eguneroko kontsumo horretan, bazkaltzeko edo afaltzeko, botila bat gehiegitxo egiten zaionarentzat oso egokia dela dio Lasak. «Ondo kontserbatzen da, txinpartak ondo mantentzen ditu,eta hozkailuan ere erosoagoa da, leku gutxiago behar baitu; egunpasa goazenerako ere latak oso aproposak dira eramateko». Hasieran formatu horrek sagardozalea harritu egin zuela azaldu du, «baina, denboraren poderioz jendea ohitzen ari da, eta sagardogile gehiago ere ari da latan sagardoa saltzen». Bestalde, Sagarko izenarekin sagardo ozpina ere egiten dute. Isastegi sagardo naturaletik lortutako sagar ozpina da, metodo tradizionalak erabiliz egina eta ontasun natural ugari dituena. 

«Entsaladei, barazkiei eta elikagai gehienei zapore pizgarria gehitzeko modu osasungarria da. Urte dezente daramagu gure sagardoarekin ozpina egiten, eta jendeak dagoeneko ezagutzen du», adierazi du Joseba Lasak. Isastegi sagardotegikoek ekoizten dituzten produktuak sagardotegian bertan eskuratu daitezke, eta online ere saltzen dute, isastegi.com webgunean. Gainerakoan, ohiko komertzioetan ere topatu ahalko dira, eta baita inguruko ostalaritzan ere. 


Uzta berria, oparoa
Urte osoan dastatu dezakegu sagardoa botilan edo latan. Sagardo berria kupeletik sagardotegian bertan probatzea da beste aukera, eta horretarako ez da gehiegi itxaron beharrik izango, urtarrilaren 13an zabalduko baititu ateak Isastegik.

Aurtengo uztari dagokionez, oso emankorra izan dela aipatu du Lasak. «Sagar asko izan da aurten, eta horrelakoetan sagardoa pittin bat arinagoa izan ohi da, alkohol gradu erdi inguru gutxiagorekin». Hori bai, aldi berean, lurrintxuagoa dela nabarmendu du. «Usaian freskotasun handiagoa nabari da». Egokiena norberak probatzea eta alderatzea dela diote Isastegikoek, eta Tolosaldeko herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera, euskal sagardoaz gozatzera.

 

ISASTEGI SAGARDOTEGIA  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!