ERREPORTAJEA

Kontatu beharreko tragedia

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 9a, 07:59

'Hondamendia' antzezlana. ARTEDRAMA

Abenduaren 15ean, ostirala, Artedrama arte eszenikoen plataformako eta Axut! kolektiboko kideek Hondamendia antzezlana eskainiko dute Tolosako Leidor aretoan, 20:00etan hasita. Fikziozko obra honek 2020an Zaldibarko zabortegian gertatutako luizian du jatorria.

2020ko otsailaren 6a. Egun hura ondo gogoan dute Artedrama arte eszenikoen plataformako kideek. Goizean Basaurin emanaldi bat egin ondoren, autoak hartu eta etxera bueltan zihoazela, auto ilara handi batekin egin zuten topo A-8 errepidean. Gerora izan zuten Zaldibarko hondakin luiziaren berri, eta aurrerago jakin zuten Joakin Beltran eta Alberto Sololuze bertan harrapatuta geratu eta hil zirela.

Ezbeharraz jabetuta, Axut! kolektiboko sortzaile Ximun Fuchsek, antzerkira eramatea proposatu zien Artedramako kideei. «Egoera beldurgarria zen, kutsadura handiko zaborrezko mendi bat erori baitzen», azaldu du Ander Lipus Artedramako kideak. Harkaitz Canorengana jo zuten gero, obra idatz zezan, eta horrela sortu zuten Hondamendia antzezlana. Tragedia baten inguruko obra izanik, «kontakizun gogorra» dela aitortu du. «Aldi berean, beharrezkoa da, gure herrian gertatutakoa ez ahazteko».

Zaldibarren gertatutakoaz gain, 2020an gizartea hankaz gora jarri zuen beste zabor handi bat ere izan zen: pandemia. Hain justu, pandemiak Zaldibarren gertatutakoa «pixka bat» estali zuela adierazi du Lipusek. «Garai hartako ziurgabetasun momentu asko ere islatzen ditugu obran. Ikusleak bere egiten ditu momentu horiek, bizi izan dituelako».

 

Ander Lipus: «Egun hartan pilatuta zegoen zabor fisikoaz gain, gizartean eraiki dugun zabortegiaz ere hitz egiten dugu»



Konpainiarentzat obra bera «metafora ikaragarria» dela esan du aktore bizkaitarrak, antzerkiaren bitartez beste zenbait gai ere plazaratzeko aukera eman dielako. «Egun hartan pilatuta zegoen zabor fisikoaz gain, gizartean eraiki dugun zabortegiaz ere hitz egiten dugu», adierazi du Lipusek. Hain justu, antzerkia iragartzean honako galdera luzatzen dute Axut eta Artedramako kideek: «Zaborra metafora bat da batzuetan, baina zer metafora da kiratsa darion hau?».

Erantzunen bila

2020an gertatutakoaren atzean, oraindik erantzunik ez duten galdera asko daudela esan du Lipusek. «Galdera horiek pausatzen ditugu antzezlanean. Zergatik ez ziren egin egin beharreko ikuskatze lanak? Zein izan zen Eusko Jaurlaritzaren papera? Zergatik ez ziren egin zabortegi horretan egin beharreko azpiegitura lanak? Norena da erantzukizuna?». Aldi berean, mahai gainera eraman nahi dute herritarren jokabidea. «Geure buruari galdera horiek egiteaz gain, herritarrek zaborrarekin zer egiten dugun hausnartzea nahi dugu, askok ez baitute botatzen dugun zaborraz ezer jakin nahi».



Antzezlanak gai delikatu bat du ardatz. Hori dela eta, antzezlanaren sortze prozesua «gogorra» izan zela azpimarratu du Lipusek. «Benetako gertaera bat kontatzera gindoazenez, argi genuen, batez ere, lehenik eta behin, istripuan hil ziren langileen familiekin hitz egin behar genuela. Hala egin genuen, eta erantzun hunkigarriak jaso genituen. Esaterako, Albertoren alaba Nahiarekin hitz egin genuen, eta berak hondamendiaren ondoren bizitako uneak kontatu zizkigun, besteak beste, aitaren gorpua errekonozitu beharra. Eskertzekoa da izan zuen eskuzabaltasuna eta ausardia».

Senitartekoekin hitz egiteaz gain, adituekin, kazetariekin nahiz Zaldibar Argitu plataformako kideekin egon zirela ere adierazi du, istorioa borobildu eta egia horretatik zerbait ateratzeko asmoz. «Asko dira antzezlanean egiten ditugun galderak, oraindik erantzunik ez dutenak».

Talde heterogeneoa, joko bizia

Intentsitate handiko antzezlan luzea dela esan du Lipusek. «Erritmo biziko obra da, eta ez da nekagarria suertatzen». Benetako gertaera bat ardatz badu ere, antzezlaneko pertsonaia guztiak fikzionatuak dira. Zortzi aktoreren lanaz gain, musika, dantza eta ikus-entzunezko materiala uztartzen dituzte antzezlanean. Nahiz eta lan garaikidea izan, publiko zabalari zuzenduta dagoela esan du.

Izen handiko aktore, musikari eta dantzariek parte hartzen dute obran. Ia hogei lagunek osatzen dute multzoa. «Talde oso heterogeneoa gara». Aktore bakoitzak 5-6 pertsonaia antzezten ditu, eta beraz, aldaketa asko egin behar izaten dituzte. Maite Larburuk, adibidez, bi pertsonaia antzezten ditu, eta saioaren soinu bandaz arduratzen da. «Musikari bikaina da, eta zuzeneko musikak balio eta indar handia ematen dio obrari». Besteak beste, Eneko Gil dantzariaren izena ere nabarmendu du Lipusek. «Koreografia ederrak egiten ditu. Hitzez azaldu ezin dena gorputzarekin azaltzen du».

Erritmo biziaren erakusle da pertsonaia bat interpretatzen amaitzerako, beste batekin hasi behar izatea. «Jokoa oso bizia da, eta gu, jokalariak, behartuta gaude horretara jokatzera». Aldaketa horiek jada automatikoki egiten badituzte ere, batzuetan aktoreak agertokira prestatu gabe atera izan direla aitortu du Lipusek; hori bai, hondamendira heldu gabe. «Niri gertatu izan zait zapatarik gabe ateratzea. Hala ere, publikoak, konturatu edo ez, ez dio garrantzirik ematen, jokoaren parte delako eta ahoz kontatzen ari garenak indar handiagoa duelako».



Publikoaren onespena, saririk onena

Ia hiru urtez Euskal Herrian hara eta hona ibili ondoren, abenduaren 29an egingo dute antzezlanaren azken saioa Zaldibarren. «Herriari eta herritarrei egingo diegun omenaldi bat izango da». Hilabete hasieran ere saio bereziak egin zituzten Madrilen; euskaraz egin zituzten, goi-tituluekin. Orain arte egindako ibilbidea «oso polita» izan dela azpimarratu du Lipusek.

Bada, eskualdean ikusteko aukera bakarra geratzen da. Hilaren 15ean Tolosako Leidor antzokian eskainiko dute obra, 20:00etan hasita. Ez da Lipus Leidorren ariko den lehen aldia izango, eta ederki daki nolako tokia den. «Antzokia oso zabala da, eta beraz aktoreok gehiago hedatu behar izaten dugu gure begirada eta energia». Bertako publikoa atsegina izan ohi dela esan du aktore bizkaitarrak. «Momentu komikoak dituen arren, barrura begiratzera behartzen zaituen obra da. Zentzu horretan, Leidorreko publikoa hotza izan ohi da hasieran, baina bukaerarako erraz berotzen da».

Pandemiaren ondoren, herri batzuetan publikoaren beherakada txiki bat nabaritu dutela adierazi du Lipusek. «Herri askotan egin dugu antzezlana, dagoeneko 60 saio baino gehiago egingo genituen, eta beti erantzun ona jaso izan dugu publikoaren aldetik». Erantzun on horren erakusle, duela aste batzuk, 41. Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria jaso zuten Azpeitian. «Zerbait ondo egin dugula esan nahi du, hori baita jaso dezakegun saririk onena, publikoarena alegia. Zentzu horretan, oso eskertuta gaude».

 

Ander Lipus: «Zerbait ondo egin dugula esan nahi du, hori baita jaso dezakegun saririk onena, publikoarena alegia»



Era berean, aktore bizkaitarrak aitortu du publikoarentzat ez dela obra erraza. «Askok esaten digute pandemia ahaztu nahi dutela, baina hori da gure apustua. Akaso pandemia bai, baina komeni da, behintzat, Zaldibarren gertatutakoa ez ahaztea, bi langile zendu zirelako istripuz. Ia egunero gertatzen dira horrelako ezbeharrak, eta guk normalizatuta ditugu. Uste dut beharrezkoa dela hori ez normalizatzea, eta beraz, ezinbestekoa da gogoraraztea».

Urtebetera, 'Miñan'

Artedramako kideak antzezlan berri bat prestatzen ari direla aurreratu du aktore bizkaitarrak. «Kasu honetan ere, benetan gertatutako istorio bat kontatuko dugu, latza, gogorra, baina maitasun handiz idatzia». Lipusek berak zuzenduta, Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako Miñan liburua eszenara eramango dute. Entseatzen hasi dira jada, eta datorren urteko udazkenean estreinatzea da beraien asmoa. «Lan ederra izaten ari da. Idatziz behintzat obra oso indartsua da, beraz, ea eszenaratze indartsu bat egitea lortzen dugun», adierazi du.

 

HONDAMENDIA

FITXA ARTISTIKOA

Zuzendaria. Ximun Fuchs.

Idazlea. Harkaitz Cano.

Aktoreak. Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimera, Eneko Gil, Ane Sagues eta Jon Ander Urresti.

Bideoa. Maialen Beraustegi.

Koreografia. Philippe Ducou.

Musika. Maite Larburu eta Asier Ituarte.

Eszenografia. Fran Dussourd.

Argiztapen diseinua. David Bernues.

Soinu diseinua. Philippe Barandiaran.

Teknikaria. Leltxu Ostolaza.

Teaserra. Eñaut Castagnet.

Argazkiak. Ainhoa Resano.

Diseinu grafikoa. Roberto Quintana.

Ekoizpena. Iasone Parada, Mikel Unamunzaga eta Argi Perurena.

Banaketa. Irantzu Azpeitia.

Mediazioa. Arantxa Hirigoyen.

Ekoizpena. Artedrama eta Axut!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!