Elkarrizketa

«Diskoari esker, ni nor eta zer naizen erakutsi ahal izango dut»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 6a, 07:57

Ander Zubillaga musikari tolosarrak bakarkako lehen diskoa argitaratu berri du: 'Itsasoan Elurra'; azken urteetan egin dituen doinuak berreskuratuta, zazpi abesti sortu ditu, elkarren artean oso desberdinak.

Ia estilo guztietara moldatzen dakien musikaria da Ander Zubillaga (1990, Tolosa) gitarra-jotzailea. Blues-a, country-a eta rock-a uztartu ditu bakarkako lehen diskoan; aurrez, baina, fingerstyle-a lantzea inflexio-puntu bat izan zela aitortu du. Diskoa argitaratzeko izaten diren urduritasunak gaindituta, oso pozik dago emaitzarekin.

Nolatan animatu zinen bakarkako lehen lana egitera?

Elurrek bultzatu ninduen, udan jaio zen gure bigarren haurrak. Bera jaio aurretik, erdi amaituta nuen abesti bat, eta jaio zenean, amaitzea eta argitaratzea erabaki nuen, noski, bere izenarekin. Ondoren, bideoklipa egin nuen, aurrerago disko bat egingo nuela pentsatu gabe. Oso gustura geratu nintzen emaitzarekin, eta beraz, aspalditik eginda nituen doinuak berreskuratu eta disko bat osatzea erabaki nuen.

Zergatik izenburu hori?

Itsaso izan zen bakarka konposatu nuen lehen abestia, nire emazteari eskainia. Elur, berriz, azken abestia izan da. Beraz, hitz joko bat egin dut.

Nolako diskoa da?

Kantuak gitarra desberdinekin grabatu ditut. Askotariko estiloak uztartzen dituen diskoa da. Entzun daitekeen bezala, ez dute zerikusirik elkarren artean. Kantu batzuk lasaiagoak dira, beste batzuk, berriz, biziagoak. Urteetan zehar abestiak egiten eta grabatzen aritu naiz. Itsaso abestia duela zortzi urte egin nuen, eta gainerakoak ondoren. Kronologikoki ordenatuta daude denak. Gitarra jotzen hasi nintzenetik gaurdaino sortu ditudan abesti propioak dira.

Eta nolakoa izan da sortze prozesua?

Ez nekien diskoa Durango Azokarako aterako nuen ala beranduago. Azkenean, guztia ondo joan da; abestiak lehendik sortuta edukitzeak asko lagundu du. Bi lagun handiri deitu nien kantuak grabatzeko: Mikel Iruretagoiena bateria-jotzailea eta Igor Oiarbide baxu-jotzailea. Grabaketak azkar egin zituzten, oso onak direlako. Gozamen hutsa izan da beraiek nire lanaren parte izatea. Azkenik, Beñat Igerabide aritu da nahasketak egiten.

Zein helbururekin egin duzu?

Niretzako egin dut. Urteak ziren nirea zen musika izateko nahia nuela, orain arte besteentzako egiten ari nintzela sentitzen nuelako. Udako kontzertuei ezezkoa eman nien, Elur jaiotzear zelako, eta beraz, denbora gehiago izan dut etxean kantuak lantzeko eta nire musikaz gozatzeko. Diskoari esker, ni nor eta zer naizen erakutsi ahal izango dut.

Diskoko bi kantu dira letra dutenak, eta horietako bat ingelesez da. Zergatik?

Hasiera batean, biak ingelesezkoak ziren, Xabi Garaialdek idatzitakoak. Estilo honetan ingelesezko kantuak oso ohikoak direlako erabaki nuen horrela izatea. Hala ere, Ereindakoa jaso abestian, letra euskarara itzultzea erabaki nuen; egokiagoa zela iruditzen zitzaidan. Erosoago sentitzen naiz euskaraz abestean.

Zer izan da errazena eta zailena diskoa egiterakoan?

Errazena, abestiak etxean grabatu ahal izatea, horretan gozatzen dut gehien egunerokoan. Zailena, berriz, musikaz gaindiko guztia. Estres handia eragin dit.

Nondik datorkizu fingerstyle estilorako zaletasuna?

Azken urteetan gehien engantxatu nauen estiloa da. Kontserbatorioan nengoela, nire kabuz ikasten hastea erabaki nuen. Oso zaila izan zen, batez ere teknikoki, berriro zerotik hastearen parekoa. Azkenean, estilo honetan erreferente eta gitarra akustikoa jotzen munduko onenetarikoa den Tommy Emmanuelen online ikastaro batean izena eman nuen. Berak erakusten zuen kantu erraz bat grabatzea erabaki nuen. Gero, Facebook-en zabaldu nuen, eta Tommyk berak mezu bat idatzi zidan: «Ondo egindako lana. Hemen hasten da dena». Niretzako, sorpresa ikaragarria izateaz gain, motibazio handia suposatu zuen, eta estilo hori gehiago lantzen hasi nintzen, konposatu ahal nuela jabetu nintzen arte.

Asko lantzen den estiloa da. Erraza al da melodia berriak sortzea?

Esaten den bezala, guztia eginda dago. Hala ere, beti sortzen dira doinu berriak. Hain erabilia dagoen estilo bat jorratzen duzunean, normala da melodia bat beste baten antzekoa dela pentsatzea, baina ez nau kezkatzen. Barrutik ateratzen zaizuna egin behar duzu, eta batik bat, gustura egon.

Diskoaren aurre-salmenta egin duzu dagoeneko. Nolako erantzuna izan du?

Ona; asko dira interesa azaldu dutenak. Gaur egun, diskoak fisikoki oso gutxi erabiltzen badira ere, artistei ekonomikoki laguntzeko erraminta oso ona dira. Bestela, plataforma digitaletatik ez dago diru iturririk.

Eta zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Tolosan egingo dut nire proiektuaren aurkezpena. Topic-en izango da, urtarrilaren 26an. Ondoren, nire kontura kontzertu gehiago egin eta musikaz gozatzen jarraitu nahiko nuke.

Zure bakarkako lanaz gain, kaleratu berri diren beste hiru diskotan ere parte hartu duzu.

Postal kolekzionistak taldearen Ezusteko kantak, Esanezinen Erretratu bat eta Isidro Larrañaga Musika Eskolako taldeen Zubiak diskoetan parte hartu dut. Lehena, lau abestiz osatutako lana da, orain arte landutako pop eta rock estiloekin alderatuta, oso desberdina, alaiagoa. Bigarrenean, gitarraren doinuak grabatu ditut. Disko oso borobila da, eta jende askorengana helduko da, sortzeko eta abesteko duen moduagatik. Eta hirugarrena, guztietan bereziena. Proiektu oso polita izan da, asko bete nauena.

Bost urte dira musika eskolako zuzendari naizela, eta hasieratik argi nuen taldeak sortuko genituela, elkarrekin jotzen ikasteko. Azken urteetan talde izaera hartu dute, eta beraz, konposatzen hastea erabaki genuen, baina ez nuen espero disko bat egingo zutenik. Denbora oso gutxi izan dugu estudioan, talde bakoitzak egun bana izan duelako grabaketak egiteko, eta gainera, kide guztiek elkarrekin. Azkenik, guztion artean, bestelako lanak egin behar izan ditugu: kantuak erregistratu, diskoaren diseinua erabaki... Beraiek diskoa sortzeko prozesu guztia hasieratik bukaerara ezagutzea nahi nuen, esperientzia bat izateaz gain, aurrera begira ikasgai bat izan dadin. Zoragarria izan da.

Nola antolatzen duzu agenda hainbeste talderekin?

Askotan galdetzen didate. Egun berean kontzertu bana izanez gero, ordezkoak bilatzen aritu behar izaten dut, baina zorionez, ez zait askotan gertatzen. Gusa honetako musikariok argi izan behar dugu zeintzuk diren gure lehentasunak, eta horiek jakinarazi behar zaizkie taldeei. Une honetan, Itsasoan Elurra da nire lehentasun handiena. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!