Abegi Eguneko eta Gaueko Arreta Zerbitzuak, lokala egokitzeko lanak amaituta eta zerbitzu publiko berriari dagozkion izapide guztiak lotuta, astelehenean, hilaren 11n, irekiko ditu ateak. Aurrerantzean gaueko eta eguneko arreta zerbitzu publiko integrala eta profesionala eskainiko du, Peñascal kooperatibaren bitartez, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Osasun Sailaren gidaritzapean. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak araututako zerbitzuen izaerara egokitzeaz gain, helburua da, zerbitzu osatuagoa eskaintzea eta gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko arreta ematea, gizarte kohesiorako eremuak sortuz, gizarteratzeko prozesuak ahalbideratzeko.
Etxerik ez duten pertsonei gaueko arreta zerbitzua eskaintzen aritu da Abegi elkartea, 1986. urtetik, boluntario talde baten eskutik, hasierako urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta azken urteotan Tolosako Udalak diruz lagunduta. Urte horietan guztietan, boluntario taldeak garbitasuna, afaria, ohea eta gosaria eskaini die egunero bazterkeria egoera larrian dauden pertsonei, baita informazioa, orientabideak, entzute aktiboa eta euste emozionala ere.
Aurrerantzean, ordea, udal eskumenekoa izango da, legeak hala jasotzen baitu bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutako gaueko harrera zerbitzu eta eguneko arreta zerbitzuen kasuan.
2018an hasi zen udaleko Gizarte Zerbitzua eta Osasun Saila zerbitzua osatzeko eta profesionalizatzeko urratsak ematen, eta baita gaueko eta eguneko zerbitzuak modu integratuan eman ahal izateko proiektua jorratzen ere, Abegi elkarteak emandako zerbitzua oinarri hartuta.
Prozesua luzea eta konplexua izan dela adierazi dute Tolosako Udaletik. Izan ere, bidean, besteak beste, zerbitzu publikoa egituratzeko proiektua egin, arautegia garatu eta kudeaketa egokia bermatzeko zerbitzu kontratua bideratu ditu udalak.
Epe horretan etengabekoa izan da Abegi elkarteak erakutsi duen lankidetza; bai berak sortutako zerbitzuari eusteko, baita onuradunak zerbitzurik gabe geratu ez zitezen, lokala berritzeko obrak iraun duen bitartean Sakramentinoen eraikinean zerbitzua eskaintzeko ere. Orain, ikusirik badela zerbitzu publikoa irekitzeko data, Abegi elkarteak ere zehaztu du beren zerbitzuaren amaiera data: 2023ko abenduaren 10a. Etapa berri bati ekingo dio elkarteak data horretatik aurrera, zerbitzu publikoaren zutabeetako bat izatera pasaz, elkarlan eta koordinazio estua mantenduko baita boluntario taldearekin.
«Zerbitzu berrian ere, boluntario taldea zutabeetako ezinbesteko bat izango da, erabiltzaileekin eta zerbitzua gidatuko duten profesionalekin batera», aitortu du Kristina Pelaez, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Aurrerantzean, bazterkeria arriskuko edota gizarteratzeko prozesuetan ezagutza esperientzia handia duten zortzi profesionalez osatutako lan taldeak gidatuko du zerbitzua, boluntario taldearen esperientzia eta laguntzarekin «eta horrek balio erantsia ematen dio jaiotzear dagoen zerbitzu berri honi», adierazi du udal ordezkariak.
GAU ETA EGUNEKO ZERBITZUA
Abegi zerbitzu hainbat hobekuntza egin dituzte, bai eraikinean baita zerbitzuaren oinarrietan ere. Eraikinari dagokionez, arreta gunea sortu da, eta lokalaren erdigunean espazio komunak, jangela/egongela, gorputz higienerako gunea, arreta-bulegoa, sukaldea eta arropa garbiketarako gunea kokatu dira. Bertan eskainiko da eguneko arreta zerbitzua. Zerbitzu horrek 09:00etatik 15:00etara emango du arreta, eta gehienez, 15 pertsonak izango dute bertan artatuak izateko aukera.
Gaueko arreta zerbitzurako lau logela sortu dira, ohe bikoitzekoak eta guztira zortzi erabiltzailerentzako lekua izango da, 19:00etatik 09:00ak arte. Neguan, gainera, hiru ohe gehigarri jarriko dira hotzaren programarako. Horrez gain, esku hartze saioak, ebaluazioak edota tailerrak egingo dira, baita norberaren garbitasun pertsonala mantentzekoak ere.
Zerbitzu berria ohiko lekuan egongo da, Enperadore kaleko 7-9an, baina Andre Maria kaletik izango du sarrera. Artatua izateko izen-ematea zerbitzuan bertan egingo da, 10:00etatik 10:30era eta 19:00etatik 19:30era.