Asuncion Klinikako langileek ontzat eman dute enpresak mahai gainean jarritako proposamena, eta ondorioz, amaiera eman diote hainbat hilabetez luzatu den mobilizazioari.
Gaur arratsaldean langileen batzarrean bozkatu dute enpresaren azken proposamena, eta baiezkoak irabazi du. Hala, LAB sindikatutik nabarmendu dutenez, KPIa bermatzen duten igoerak izango dituzte soldatetan, eta beste hainbat aurrerapen ere adostu dituzte. «Negoziazio hasieraz geroztik oraingoa izan da enpresaren aldetik aldaketarik garrantzitsuenak jasotzen zituen proposamena».
Sindikatuak adierazi duenez, «lorpen honek borrokak merezi duela erakusten du». Hainbat hilabetez luzatu da Asuncion Klinikaren jabea den Inviza enpresako langileen borroka, izan ere, lehenengo grebekin udaberrian hasi ziren, eta bestelako mobilizazioekin are lehenago. Greba egun, mobilizazio, pikete, elkarretaratze eta manifestazio ugari egin dituzte Asuncion Klinikako langileek, enpresako lan hitzarmena berritu nahian. Sindikatuak esan duenez, «Tolosaldea goitik behera astindu duen borroka izan da».
Hitzarmen berriak 2024ko urtarrilaren 1an %11ko igoera aurreikusten du langileentzat beren ordainsarietan. Gainera, kontzertazio berriekin, enpresak 2022-2023ko atzerapenak ordainduko ditu eta 2024ko KPIa hurrengo urtean negoziatzeko konpromisoa hartu du. Halaber, 38 orduko murrizketa izango dute langileek lan-orduetan, lau urtetan 1.592 ordutara helduko delarik orduen kopurua. Azkenik, langileek egunero ordaindu beharreko aparkalekuak %50eko beherapena izatea adostu dute.
LABek uste du borrokarik gabe akordio hau ez litzatekeela posible izango. «Greben eta mobilizazioen bitartez enpresa estutzea lortu dute, eta KPIa bermatzen duen eta bestelako hobekuntzak dakartzan akordioa mahai gainean jarrarazi diote zuzendaritzari». Bada, sindikatuak Asuncion Klinikako langile guztiak zoriondu ditu «borroka eredugarria» aurrera eraman dutelako, eta nabarmendu du «inoiz baino indartsuago» bukatzen dutela gatazka hau, «hurrengo negoziazioan ere onena emateko prest».