Labakak eta Lizeagak aurrera egin dute

Ataria 2023ko abenduaren 5a

Arratsalde ederra pasatu zuten joan den igandean Beotibarrera joan ziren pilotazaleak. Maila handiko partidak izan ziren Ogi Berri Txapelketa Migel Soroa Oroimenezkoan.

Besteak beste, ostiralean Aspe enpresarekin debuta egingo duen Joseba Aldabe harmailetan izan zen. 

Lehen mailako partidan Zubizarreta eta Apeztegia ziren faboritoak, baina lan asko egin behar izan zuten partida irabazteko. Ohian Etxeberria eta Albeniz bikoteak ere partida ona jokatu zuen eta finalerdietarako txartela eskuetan eduki zuten. Azkenean, 22-19 Zubizarreta eta Apeztegiaren alde.

Elite mailako partida ere kalitate handikoa izan zen eta lau protagonistak maila altuan jokatu zuten. Labaka-Lizeaga nagusi izan ziren Azketa eta Elizegiren aurka (22-19). Pilota abiadura handian ibili zuten eta tanto ikusgarriak egin zituzten.

Hurrengo jardunaldia abenduaren 8an, ostirala, 16:30ean hasita jokatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!