Maria Jauregi Lasa elkarrizketatuko du Irati Goikoetxeak

Ataria 2023ko abe. 5a, 07:57

Idazle beasaindarrak ‘Herriak ez du barkatuko’ liburua aurkeztu eta ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba elkarrizketatuko du hilaren 14an, Bizikidetza sustatzen egitasmoaren barruan.

Abenduaren 10eko Nazioarteko Giza Eskubideen egunaren testuinguruan, Bizikidetza sustatzen egitasmoaren barruan beste ekitaldi bat antolatu du Tolosako Udalak. Hain  justu, Herriak ez du barkatuko liburua aurkeztuko du Irati Goikoetxea idazleak, eta ondoren Maria Jauregi Lasa, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba, elkarrizketatuko du. Abenduaren 14an izango da, udaletxean, 18:30an hasita.

Indarkeriak azken hamarkadetan eragin duen sufrimenduaz hitz egiten du beasaindarraren eleberriak. Pertsonaiak norbere eta besteen minaz hitz egitera eramaten ditu egileak, bere hitzetan, «zaila delako mina erreparatzea, minari erreparatzen ez badiogu».

Liburuan jasotakoak, nahiz ondorengo elkarrizketak bizikidetza mahaiaren helburuekin bat egiten dutela adierzi dute Tolosako Udaletik. «Izan ere, mahai-kideak ere jabetzen dira herrian, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak daudela, batzuk ezagunagoak, baina baita isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordetzen diren bizipen eta egoera isilagoak ere. Eta hain zuzen horiek azalera ekartzea da udalaren ardura eta eginbeharretako bat, besteen sufrimendua ikusten uzten ez diguten hesiak gainditu ahal izateko».

Horrez gain, bizikidetza mahaiko ordezkariek dioten moduan «bizi izandako indarkeria eta giza eskubideen urraketek -eta egun ere urratzen direnak- eragin eta eragiten duten mina ezagutzeak, errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez-aurre erakusten digu, eta bizikidetza justu eta osasuntsuaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Berriz ere errepikatu ez dadin, giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatu, indarkeria guztiak arbuiatu eta gainditzeko bideak ireki eta gure gizartearen aniztasuna errespetatu behar dugu guztiok». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!