Giza baliabideak eta zaintza osoko bilkurako hizketagai

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 5a, 07:59

Giza Baliabideak arrazionalizatzeko planaren bigarren fasea onartu dute, eta gaur egungo %16ko bitartekotasun maila jaistea da helburua.

Tolosako Udaleko giza baliabideak arrazionalizatzeko programaren bigarren fasearen onarpena eta zaintzaren inguruko eztabaida izan dira azaroko osoko bilkurako puntu nabarmenetakoak. Aho batez egin du aurrera giza baliabideei buruzko proposamenak; eta zazpi lanposturen sorrera eta beste hiruren moldaketa ekarriko du erabaki horrek.

Aipatu programaren lehen fasea 2018an onartu zuten, helburu izanik udaleko enplegua egonkortzea egiturazko eta bitarteko izaera duten lanpostuak finkatuz. Josune Sanz Giza Baliabideetako zinegotziak aipatu du garatu gabe daudela azken lau urteetako lan eskaintza publikoak eta amaitu gabe dagoela egonkortze prozesua: «Tartean hutsik geratu dira lanpostu batzuk, jubilazioak eta beste arrazoi batzuk tarteko. Horrek behartzen gaitu tasa are gehiago murriztera».

2023ko Estatuko Aurrekontuen Legeak ohiko birjarpen tasaz gain, ezohiko tasa gehigarri bat ere aurreikusten du, eta hori baliatu nahi izan du udal gobernuak enplegu planaren proposamen berria egiteko. Helburua bitartekotasun-tasa gaur egungo %16tik legeak ezarritako %8tik behera jaistea da. Udal barneko antolaketarako eta beste alor batzuetako gastua gutxitzeko ezinbesteko lanpostuak indartu eta sortu nahi dituzte modu horretara.

Zaintza eztabaidagai
Azaroaren 30eko grebaren testuinguruan, zaintzari buruzko bi mozio aurkeztu dituzte eta bat onartu badute ere, eztabaida sortu du besteak.

Mugimendu feministak aurkeztutako mozioa alderdi guztiek onartu dute, eta udalak konpromisoa hartu du zaintza sistemaren diagnostikoa egiteko eta horri erantzungo dion zaintza plan integra garatzeko. Goiuri Ezeiza zinegotziaren esanetan, greban «argi» geratu da gaur egungo zaintza eredua sostengatzen duen «erregimena errebisatzeko beharra». Tolosaldeko mugimendu feministaren eskariari erantzuten omen dio Tolosako Udalak hartutako konpromisoak, eta aurrera begirako hainbat asmo aipatu ditu, besteak beste, Zaintza Mahaia eratzea eta lan lerro horretako ekimenetarako baliabideak bideratzea.
 EAJk aurkeztu du «Euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario baten aldeko mozioa», eta ez du aurrera egin.

Kristina Pelaez zinegotziaren ustez «aurpegi garbiketa asmoarekin» egin dute: «Mugimendu feministaren ekimenez eta zaintzaren eskubide kolektiboa aldarrikatzeko antolatutako greba bati bizkar eman dio zuen alderdiak». Pelaezen esanetan, ekintzek babestu behar dute hitzez esaten dena: «EAJren ekintzak justu hitz horien kontrako noranzkoan doaz».

Beste hainbat erabaki
Osoko bilkuran beste erabaki batzuk ere hartu dituzte alderdi guztien adostasunarekin. Esate baterako, taxi zerbitzuen 2024ko tarifak kalkulatzeko 2023ko prezioen %2,7ko igoera izatea onartu dute, baita udal eraikin eta hiri-altzariak garbitzeko zerbitzu-kontratua beste urtebetez luzatzea ere.

Aldaba auzoko arazketa-irtenbidea hobetzeko Gipuzkoako Ur Kontsortzioak egin beharreko saneamendu-sare berriaren proiektua egiteko, eragindako lursailak hirigintza-arrazoiengatik desjabetzeko prozedura presazkotzat hartzea ere ebatzi du udalbatzak. Lursail eta jabeen zerrendari behin betiko onespena eman zaio, eta horiekin guztiekin okupazioaren aurretiazko akta sinatuko da abenduaren 15ean, 09:30ean Aldabako frontoian.

Euskararen Aholku Kontseilurako udal-talde politikoen ordezkariak ere izendatu dituzte osoko bilkuran. Aitzol Gartzia Azurmendi (EH Bildu), Xabier Balerdi Tolosa (EAJ) eta Jose Mari Villanueva Telleria (PSE-EE) izango dira ordezkari titularrak; Estitxu Kortejarena Ugarte eta Xarles Iturbe Pasaban izango dira, berriz, lehen bien ordezkoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!