Gehigarria: gabonak

«Herrian kontsumitu, herrian inbertitu eta herrian eragin behar da»

Ataria 2023ko abe. 6a, 08:59

Iker Agirre Uriarte eta Miren Candelario Iparragirre, Tolosako bulegoan.

Miren Candelario Iparragirre Laboral Kutxaren Tolosako bulegoko aseguruetako gestore espezialista da. Iker Agirre Uriarte bere lankidea da Tolosako bulegoan. Bere ardura, ordea, negozio eta profesionalen kudeaketara bideraturik dago. Biek ongi ezagutzen dute Tolosa eta Tolosaldea. Tokikotasunaren garrantziaz hitz egiten dute behin eta berriz, eta hurbiltasun horretatik, Gabon hauetarako aholku bat utzi dute.  

Tokikotasuna Laboral Kutxaren ardatzetako bat da. 
Iker Agirre Uriarte: Horrela da. Tolosan, adibidez, 1967tik gaude errotuta, herrian dugun bulegoarekin. Inguruko herritarrok osatzen dugu Laboral Kutxaren lantaldea. Ez da azken urteetako kontua hori, historikoki ere horrela izan baita. Ondorioz, bertako familia, negozio eta pertsonekin konprometituak gaude, baita eskualdearekin eta eskualdearen oraina eta etorkizunarekin ere.

Ohiturak aldatu egin dira hamarkada hauetan. Laboral Kutxaren bilakaera zein izan da? 
Agirre: Gizarteak eskatzen dituen egoera berrietara egokitzen jakin dugu, eta horretan jarraitzen dugu. Izan ere, bilakaerak ez du etenik. Bai digitalizazioaren aldetik eta baita profesional mailan ere, beharrezko formakuntzak eguneratuta izaten lan egin dugu. Guzti hori gure esentzia mantenduz, hau da, bertako eta gertuko tratu horrekin jarraituz. Presente gaude, bertan gaude eta fisikoki gertu. Ondorioz, gure bezeroek ezagutzen gaituzte.

Zer egiten du eta zer egin dezake Laboral Kutxak tokikoa babesteko, bertako negozioak eta saltokiak laguntzeko?
Agirre: Urte askotako esperientzia kooperatiboa, Mondragon Taldearena, sustatzen jarraitzen dugu. Hau da, guk konpromiso bat daukagu sozialki gure inguruarekin. Guri interesatzen zaigu gure ingurua gurekin batera hazten joatea, eta bertan lanpostuak sortzea, aberastasuna bertan geratu dadin. Hori da gure funtsa eta gure konpromiso sozialik handiena. 

Negozio eta saltokien ikuspuntutik, hainbat arlo indartsu dauzkagu. Alde batetik, Gaztenpresa proiektua daukagu. Gaztenpresa ez da soilik finantzaketari begirako proiektu bat, negozio berri batek sustatzeko behar duen laguntza orokor bat da. Martxan jartzeko behar duen laguntza, bere ekintzailetza plana edo bere erronkei aurre egiteko behar dituen baliabideak aztertzen ditu, eta behin martxan dagoenean, beharrezkoa den jarraipena egiten ere laguntzen du. Horren adibidea da, azken urtean, 2022ko datuez ari gara, Gaztenpresari esker 314 negozio martxan jarri direla, 637 lanpostu sortuz. Eta sorreratik honainoko datuak kontuan hartuko bagenitu, milaka enpresa eta lanpostuz hitz egiten ariko ginateke.

Horrez gain, finantzaketa lerroak baldintzarik egokienekoak izan daitezen hainbat erakunderekin elkarlanean ari gara. Adibidez, Europako Inbertsio Funtsarekin hitzarmenak sinatuz, finantzaketa erraztasunak lortu ahal izateko. 


Gaur egun, teknologia eta digitalizazioa oso garrantzitsuak dira. Horregatik, gure bezeroek digitalki gurekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera daukate: online bidez, kontratazioari esker eta abar. Bezeroaren denbora oso garrantzitsua da guretzat, eta denboraren kudeaketa ahalik eta efizienteena izatea bilatzen dugu tresna hauen bidez. Eta noski, horrez gain, bulegoko zerbitzua daukagu. Hemen gaude, kalean gaude, negozioekin gaude, eta espezialistak dauzkagu, bai finantzarioki laguntzeko eta baita aseguruen arloan ere. Aseguruen gaietan espezialista den pertsona bat daukagu bulegoan bertan. Helburua bezeroen eskura egotea da, gauzak azaltzeko, errazteko eta laguntzeko. 

Aseguruen alorra bulego berean izatea, garrantzitsua al da?
Miren Candelario Iparragirre: Ikerrek esan duen bezala, bezero batentzat bere denbora oso garrantzitsua da. Horregatik, bulego berean finantza eta aseguru arloak egotea oso praktikoa, erosoa eta efizientea da bezeroarentzat. Tolosako bulegoak, gainera, beste bulego batzuekin alderatuta ordutegi zabalagoa dauka. Astelehenetik ostegunera, jarraian, 18:00ak arte. Bezeroak hona etorri ezin duenean, online bidezko zerbitzua dauka eskura. Baina ez hori bakarrik, berak nahi izanez gero, bere lantegi edo negoziora gerturatzeko aukera daukagu. Hau ere egin izan dugu, aurrez aurreko zerbitzu hori indartzeko. 

Zer eskaintzen dio aseguruetan espezialista batek saltokiari, negozioari?
Candelario: Laboral Kutxako espezialistok Lagun Aro Aseguruetatik gatoz. Aseguruetan bakarrik espezializatzen garen gestoreak gara. Esperientzia handikoak, izan ere, batez beste, 15-20 urte daramatzagu aseguruen arloan. Nire ustez bezeroek esperientzia hori segituan sumatzen dute, eta horri esker, konfiantzan oinarritutako harreman bat sortzen da. Hori oso garrantzitsua da aseguruen munduan. Bezeroak argi ikusi behar du aurrean duenak mundu hau gertutik ezagutzen duela. Urteetako esperientzia horri esker, eurek segituan ikusten dute hori, produktuen eskaintza zabala ongi dominatzen dugula, eta euren beharretara egokien egokitzen den aukera eskaintzen diegula. Horrek sortzen du lehen aipatutako konfiantza. 

Zein produktu eskaintzen ditu Laboral Kutxak aseguruen atalean?
Candelario: Bereizketa bat egingo nuke hor. Alde batetik, negozio edo saltokiei lotutako aseguru sorta aipatuko nuke, eta bestetik, norbanakoei edo autonomoei zuzendutakoak. Saltoki, negozio edo enpresa txiki nahiz ertainentzat komertzio aseguruak ditugu. Euren lantegiak edo lokalak ere aseguratzen ditugu, sute edo lapurretak izanez gero, adibidez. Horrelakoak ere gertatzen direlako. Zerbait zabalagoa behar izatekotan, negozio ekintzari lotuta, erantzukizun zibileko aseguruak, ostalaritzara egokituak, aseguru kolektiboak edo bizi-istripuenak aipatuko nituzke. 

Norbanakoen edo autonomoen kasuan, laneko bajei lotutako aseguruak ditugu. Euren baldintzak zeintzuk diren ongi ezagutzen dugu, eta badakigu baja hauek nolako eragina izaten duten euren egunerokotasunean edo plangintzetan. Edozein unetan medikura lasai joan izatea, lasaitasun hori edukitzea, oso garrantzitsua da. Osasunari lotutako aseguruek hori bermatzen dute, eta aldi berean, baja garaian euren diru sarreretan galerarik ez izatea.   
Helburua, bezero bakoitzaren ezaugarrietara hobekien egokitzen den asegurua eskaintzea da. 

Gabonak gainean ditugu. Zein mezu zabalduko zenieke eskualdeko herritarrei, garai hauetako erosketen harira?
Agirre: Kontsumo arduratsu batetik abiatuz, izan gaitezen kontziente, herrian kontsumitzeak herrian eragiten duela, eta aberastasuna bertan geratzen dela. Orduan, gu ere bertakoak izanik, bertan gaude, eta hemen gaude beraien beharretarako.

Candelario: Nik oso argi daukat: herrian kontsumitu, herrian inbertitu eta herrian eragin. 

 

LABORAL KUTXA

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!