A30 Greba Feminista Orokorra

Batzuk itxita, beste batzuk bi orduz

Ataria 2023ko azaroaren 30a

Tolosako kaleetan normaltasuna antzeman da goizeko lehen orduetan; denda ia denak irekita daude. Ostalari batzuek tabernak egun osorako ixtea erabaki dute; beste batzuek, berriz, ordubeteko bi lanuzte egingo dituzte.

Ohiko ostegun bat dirudi gaurkoak, Tolosako zenbait kaletan behintzat. Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista orokorra deitu badu ere, merkatari askok dendak ireki eta zerbitzua eskaintzea erabaki dute. Gutxi izan dira saltokiak ixtea erabaki dutenak.

Ostalaritza-establezimenduetako arduradunek, berriz, askotariko erabakiak hartu dituzte. Batzuek, egun osorako ixtea erabaki dute; beste batzuek, berriz, ordubeteko bi lanuzte egingo dituzte. Bat, eguerdian, 12:00etatik 13:00etara, eta bestea, arratsaldean, 18:00etatik 19:00etara.

Udal eraikinetan zerbitzu publikorik ez

Tolosako Udaleko langileek eta udal gobernuak bat egin dute azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin. Hori dela eta, udal eraikinak itxita egongo dira gaur. Horrenbestez, ez dira zerbitzurik ematen ari Udaten, Kultur Etxean, Musika Eskolan, Euskaltegian, Aranburu Jauregian eta Haur Liburutegian. 

Eusko Jaurlaritzak zehaztutako gutxieneko zerbitzuak izaten ari dira Udaltzaingoan, gizarte zerbitzuetatik bideratutako beste zerbitzuetan (ez da arreta izango udaletxeko bulegoetan) eta Samaniego Ikastetxeko harreran.

Udalak kontratatuta dituen gainerako zerbitzuen kasuan, enpresa bakoitzaren langile batzordeak erabakitakoaren araberakoa izango da irekiera. Kirol-instalazioak eta Leidor Aretoa kudeatzen dituzten enpresek jakinarazi dute zerbitzua emango dutela, baita Topic zentroak ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!