Abenduaren 5ean piztuko dituzte Tolosako Gabonetako argiak

Ataria 2023ko aza. 29a, 15:32

Pizte ekitaldia 19:00etan izango da, Plaza Berrian, Musika Eskolako ikasleek girotuta. Hain zuzen, ikasle gaztetxoenek piztuko dituzte aurten argiak.

Datorren asteartean, abenduak 5, piztuko dituzte Gabonetako argiak Tolosan, herriko kale, plaza eta auzoak Eguberri giroan murgiltzeko. 

Pizte ekitaldia arratsaldeko 19:00etan izango da Plaza Berrian eta Musika Eskolako akordeoi eta biolin taldeak bertan izango dira 18:45az geroztik, ekitaldia girotzen. Aurten, gainera, Musika Eskolako ikasleak izango dira argiak piztearen arduradun.  

Behin argiak piztuta, urtero legez, argiztatutako panpinen photocall bat jarriko dute, nahi duen orok argazkiak atera ditzan. Kasu honetan, eguraldi ona lagun izanez gero, plazan bertan egingo da, kiosko aurrean. Euria egingo balu, ordea, photocalla kioskoan bertan izango da. 

Eguberrietan ere jasangarritasuna bermatuz

Urtero bezala, gune ezberdinak argiztatuko dituzte: eraikinak, plazak, kaleak, lorategiak... baita auzo eta landa guneak ere. Garai berezia izan arren, Tolosako Udalak jasangarritasunaren ardatzari helduko dio, eta iaz egin bezala, Eguberrietako argiteria ohikoa baino ordubete lehenago itzaliko du, hau da, 22:00etan. Egun esanguratsuetan ere, hau da abenduak 24 eta 31 eta urtarrilak 6an, gau osoan zehar argiak piztuta izan beharrean, ordu berean itzaliko dira. Erabilitako argiak, gainera, kontsumo baxuko Led argiak dira. 

Gabonetan, ekintzak barra-barra

Gabonetarako egitarau anitz bezain zabala antolatzen ari da udala, beste eragile askorekin batera: Gure Zirkuko emanaldiak, Olentzero zein Erregeen etorrerak, Olentzaroren Basoko ibilaldiak, kirol zein kultur ekitaldiak… Gabonetako programazio guztiaren berri aurrerago emango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!