Lehen zazpi partidak irabazita hasi dute liga

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 29a, 07:57

Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldea eta Mondragon Unibertsitatea taldearen arteko partidaren une bat. ANGEL AYASTUY

Eguzkitza Sagardotegia TAKE saskibaloi taldeak oso ondo ekin dio denboraldiari. Igoera fasean sartzea du helburu.

Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldeak ezin hobe ekin dio ligari, lehen zazpi partidak irabazita. Mikel Lakunza entrenatzaileak azaldu duenez, «ez genuen espero horrela hastea denboraldia. Egia esan oso ondo hasi ginen lanean, eta bazen taldearen helburua sailkapeneko goialdean izatea, baina inondik inora ez genuen espero lehen zazpi partidetan zazpi garaipen lortzea». Gipuzkoako lehen mailan ari da parte hartzea taldea, eta ligan hamabi talde daude guztira. TAKEkoak bigarren postuan daude, lehen postuan dagoen CD Internacional taldearekin berdinduta. «Lehen jardunaldia Mondragon Unibertsitatearen aurka jokatu genuen. Espero genuen talde indartsua izatea eta garaipenarekin hasi ginen, eta horrek indar handia eman zigun lanean jarraitzeko», esan du Lakunzak.

Taldearen blokea mantendu da eta horri garrantzia handia eman dio entrenatzaileak. Nerea Elosegi kapitainak eta Izaro Arratek taldea utzi dute, eta hiru jubenil igo dira lehen taldera: Izaro Huici, Jone Maiza eta Maier Lizarralde. Horiez gain Natale Iruarriz ordiziarra hasi da taldean. Lakunza berak lehen urtea du emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile moduan. «Harrobiko taldeetan aritu naiz entrenatzen, azken zortzi urte ingurutan, eta aukera hau sortu zenean, oso pozik hartu nuen», azaldu du.

Taldearen helburua ligako lehen lau postuen barruan sartzea da. «Hasieratik igoera fasea jokatzeko helburua zehaztu nion taldeari», esan du entrenatzaileak. «Maiatzean jokatuko da igoera fasea eta ligako lehen lau taldeek parte hartuko dute bertan». Asteburu batean finalerdiak jokatuko dituzte, partida batera, eta ondoren finala jokatuko da, hau ere partida batera. Finalaren irabazlea mailaz igoko da. «Kontua da urtean zehar ondo egotea eta goran mantentzea, hori lortzeko bidean gaude eta uste dut lortuko dugula», esan du Lakunzak. «Eta gero igoera faseko bi asteburu horietan ahal dugun ondoen egon eta ahal dugun ondoen lehiatzea espero dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!