ELKARRIZKETA

«Zure zati bat ofrendan ematea da helburua, birjaiotze bat sentitzeko»

Imanol Garcia Landa 2023ko abe. 2a, 07:59

Mexikon zabalduta dagoen tradizioa da temaskalak egitearena. Bertan probatu zuen Ibai Palos Munitak, eta ondoren ikasi saioak gidatzen. Barrura begirako bidaia bat izaten dela azaldu du.

Lehen aldiz temaskal bat probatu zuenean, zerbait ukitu zion barruan Ibai Palos Munita Aramara-ri (Guadalajara, Mexiko, 1981). Gaur egun Tolosan bizi da, eta bera aritzen da temaskalak gidatzen.

Nola ezagutu eta murgildu zinen temaskalaren munduan?

Temaskali mexikar hizkuntzan, nahuatl hizkuntzan, «temaz» hitzak baporea esan nahi du, eta «cali» hitzak etxea. Beraz, «bapore etxea» esan nahi du. Ni Mexikon jaiotakoa naiz, baina hemen Euskal Herrian hezitakoa. 2000. urte inguruan izan nuen temaskalaren berri. Beti saiatu izan naiz Mexikora joatea, erroak bilatzera. Azkenean, 2011n, Mexikora bizitzera joan nintzen, eta han ezagutu nuen temaskaliaren zeremonia sorta bat, eta nahiko murgildu nintzen.

Nik temaskal esaten diot, baina zu temaskali esaten ari zara.

Berez ahoskera originala mexikar hizkuntzan temaskali izango litzateke, baina galdu egin da. Ipar Amerikako beste kultura batzuk inipi esaten diote. Azkenean berdina egiteko beste modu bat da, batez ere etxetxoaren diseinuaren arabera.


Zarateko Azken Muga jaialdian egindako temaskali saioa. ATARIA


Gaur egun zuk gidatu egiten dizu temaskalak.

Oso kuriosoa izan zen. 2013ko nire urtebetetze egunean izan nuen aukera lehenengo temaskalira joateko. Oso berezia izan zen; sartu nintzen etxetxo ilun horretara, eta zerbait berezia gertatu zen, bat-bateko lotura moduko bat. Oso besarkatuta sentitu nintzen.



Mexikoko eta Ipar Amerikako tradizioan kokatzen dira, beraz, temaskalak.

Europan eta mundu osoan zehar gehien hedatu diren ildoak inipiarenak izan dira. Lakota eta Navajo herrialdeek hedatutakoa izan da, eta Mexikon 1960ko hamarkada inguruan kultura hau berreskuratu zuten. Hainbat herrialdek mantendu dute, baina ildo bat berreskuratu zen iparraldetik. Beraz, nahasketa modu bat badago bi ildoen artean. Esan daiteke gaur egun temaskali hibridoak lantzen direla, batez ere.

Nolakoa izaten da temaskal bat zehazki?

Temaskaliak, hemen, Europa iparraldean dagoen sauna kulturarekin antzekotasuna du. Badirudi, ikerketen arabera, Ameriketan oso iparraldetik, Alaska aldetik, oso hegoaldera, Suaren Lurralderaino, lantzen zirela antzina. Herrialde guztiek ez dute mantendu, edo ez dute oroitzapen hori.

Su bat egiten da, eta bertan harriak berotzen dira. Harri horiek etxola txiki batean sartzen dira, eta horiek sortzen dute baporea. Mexikek edo aztekek antzina adobezko etxolak egiten zituzten, baina beraiek temaskalia egunerokotasunean erabiltzen zuten, higiene bainuak hartzeko, emakumeek bertan erditzeko... Erabilera askotarikoa ematen zioten. Gero badago temaskali garbitzailea, gehien erabiltzen dena gaur egun, eta batez ere bere sinbolismoa birjaiotzera sartzea da.

Ez da sauna soil bat bakarrik, beraz.

Sauna zeremonialagoa edo bereziagoa izan daiteke; sinbologia asko lantzen dira. Temaskali berak, etxetxoak, Ama Lurraren sabela sinbolizatzen du. Orduan, Ama Lurraren sabelean sartzen gara, beti zerbait eskaintzeko. Gure izerdiaren bidez sinbolizatzen da ofrenda bat, odola izango balitz bezala.

Zer tamaina izaten du etxetxoak?

Badaude temaskali dezente handiak, baina gehienetan hiru edo lau metroko diametroko espazioak izaten dira. Gehienak borobilak izaten dira, eta hamar-hamabost pertsona eroso sartzen dira, eta estuago hogei-hogeita bost. Hobea izaten da, pertsona talde finko bat landu behar bada, bere neurrira egitea.

 

«Zeremonia isilean izan daiteke, baina orokorrean kantuak lantzen dira»



Nolakoa izaten da saioa?

Zeremonia isilean izan daiteke, baina orokorrean kantuak lantzen dira, mantra, meditazio edo trantze bat bilatuz, errezo moduan; bakoitzak kantu bat edo lau eraman ditzake, temaskaliak lau txanda izaten dituelako, lau norabideetara eskaintzen delako.

Parte hartzen dutenek prestaketaren bat izan behar dute?

Gakoa ez da aguantatzea. Saiatzen bazara aguantatzen, beroak gainditu egingo zaitu. Azken finean, gakoa da beroarekin bat egitea, barneratzea, eta abstrakzio modu batean barnera joatea; zeremoniarekin bat egitea.

 

«Gakoa da beroarekin bat egitea, barneratzea, eta abstrakzio modu batean barnera joatea»



Zein izaten da zure lana gidari moduan?

Pertsona bakar batentzat temaskali bat prestatzea lan dezentekoa izaten da. Beraz, pertsona bat izaten da Suaren Arranoa, eta berak sua prestatzen du, harriak ondo berotzeko. Pertsona horrek laguntzen du harriak sartzen etxetxora, behin pertsona guztiak temaskalaren barruan daudenean. Behin harriak barruan daudenean, eta lehen komentatu bezala, lau txandatan sartzen dira, espazioa ixten da, iluntasuna egiten da, eta ura botatzen zaie berotutako harriei, baporea sortuz.

Gero eta bero handiagoa izan, jendeari ezinegona sortuko zaio.



Ni lehenengo aldiz sartu nintzenean, harriak sartu aurretik, negarrez hautsi nintzen. Gauza asko gertatu daitezke, baina onena izan daiteke gorputza aske izatea, eta dauzkagun arazo eta korapiloak askatzen saiatzea. Horregatik abestien bitartez laguntzen da barnerako begirada hori lantzen.

Horrelako saio edo zeremonia batean helburu nagusia zein izaten da?

Zure zati bat ofrendan ematea, hiltzea, birjaiotze bat sentitzeko. Batez ere arinago ateratzeko, eguneroko bizitzarako.

Jendeak zer esan ohi du saio bat bukatzerakoan?

Orokorrean temaskala egiten duen jende gehiena oso gustura ateratzen da, nahiz eta beroarekin edo bere buruarekin borrokan ibili behar izan. Horrek ere badu bere xarma. Egunerokotasunean barrukoa lantzeaz ahazten gara, beti gaude kanpora begira. Badago jendea oso gaizki eramaten duena beroaren kontua, eta agian ez du uste berarentzako egokia denik. Orokorrean, probatzen duena itzultzen da.

Azken Muga jaialdiaren barruan, pasa den irailean, temaskala egin zenuten Zarateko lepoan.

Azken urte eta erdian, Euskal Herrian bizi naiz, baina sei urte egin ditut Mexikon. Ez nuen aukerarik izan temaskal bat gidatzeko Euskal Herrian, Azken Muga jaialdira arte. Aukera polita izan zen. Makilekin egin genuen etxetxoa, eta bere xarma da edozein lekutan eraiki dezakezula. Ez dira izaten temaskali iraunkorrak, baina zainduz gero, denbora dezente iraun dezakete.

Besteren bat gidatu duzu?

Mexikon gidatu izan dut baten bat. Orain nire asmoa da leku berri bat sortzea Errezilen, mendi aldean, eta bertan pertsona kopuru batekin temaskalak egitea urtean zehar, behintzat solstizio eta ekinozioetan. Uste dut erreminta polit bat dela jendeari eskaintzeko, eta gogoa nuen nolabaiteko jarraipen bat emateko.

Hemendik gutxira asmorik baduzu beste saio bat antolatzeko?

Abenduaren 16an, larunbatean, espazio berria inauguratu nahiko nuke. Hedatzen ari den bide bat da, eta jendeak eskatzen duen heinean, espazioak sortzen joango dira.

Adin jakin bat izatea komeni da saioetan parte hartzeko?

Mexikon familia osoa joaten diren temaskaliak izaten dira, haur zein heldu. Orokorrean gomendatzen zaie bihotzeko edo tentsio arazoak dituztenei kontuz joateko, edo behintzat ezagutza bat izateko bere mugen inguruan. Baina, berez, edozein joan daiteke temaskalera. Haur txikiak ez badaude ohituta horrelako leku batean egotera, hau da, jendearekin eta horrelako leku ilun batean, aspertu edo urduritu egin daitezke.

 

«[Etxetxo barruan] zer edo zer ikusi daiteke, baina berez iluntasuna bilatzen da, barne lan hori errazteko»



Etxetxoaren barruan, beraz, ez da ezer ikusten.

Ez da surik izaten barruan. Kanpoan egiten da sua. Harriak gorri-gorri sartuz gero, zer edo zer ikusi daiteke, baina berez iluntasuna bilatzen da, barne lan hori errazteko.

Zu Mexikon prestatu zinen temaskalak gidatzeko.

Hiru urtez egon nintzen Pancho izeneko gizon batekin ikasten. Astero egiten genituen temaskalak. Suaren lana ikasten hasi nintzen, eta ur danborra deitzen zaion instrumentu bat jotzen ikasi nuen.

Prestakuntza jakin bat badago hori ikasteko?

Badaude bide batzuk, eta badago Bide Gorria deitzen zaiona, eta hor badago estruktura bat: lau eguneko baraualdiak egiten dira mendian, ikuspen bilaketak egiteko. Lotuta dago ere eguzkiari eskaintzen zaizkion dantzekin. Badago tradizio bat hor, eta lau ikuspen bilaketa, lau dantza eta lau zeremonia egiten duenak, nolabait iniziazio maila bat lortzen du. Baina oso zabala da bide hori; tradizio asko daude eta herrialde bakoitzak bere arauak izaten ditu.

 

HARREMANETARAKO

Ibai Palos Munita ‘Aramara’
Telefonoa: 747 40 07 48
Instagram: Hezurmuinotemazkali

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!