Final-laurdenetako bigarren jardunaldia jokatuko dute gaur Beotibarren

Ataria 2023ko azaroaren 25a

Jaialdiko lehen partida lagunartekoa izango da eta lau pilotari gaztek hartuko dute parte. Bigarrengo partidan elite mailakoen arteko neurketa izango da.

Ogi-Berri Txapelketa Migel Soroa Oroimenezkoaren final-laurdenetako bigarren jardunaldia izango da jokoan gaur arratsaldean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. 17:00etan hasiko da jaialdia eta lehen partidan lau pilotari gazte ariko dira, lagunarteko neurketa jokatuz. Murua (Intxurre) eta Goiburu (Lapke) bikotea Iraeta (Tolosa) eta Leonet (Oiarpe) bikotearen aurka ariko da. Murua pasa den astean Gipuzkoako txapelduna izan zen eta Aspe enpresarekin aurrekontratua sinatu du.

Ondoren, elite mailako partida interesgarri bat jokatuko da. Canabal (Oberena) eta Loza (Barberito) bikoa J. Alberdi (Tolosa) eta Uriondo (Lea) bikotearen aurka ariko da. Aipatu Loza errioxarrak Aspe enpresarekin aurrekontratua daukala sinatuta. Irabazleek finalerdietarako txartela lortuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!