Lurpea Garbi elkartea aurkeztu dute Tolosan

Ataria 2023ko aza. 24a, 20:08

Tolosaldeko kobazuloek duten kutsaduraren berri eman, eta horiek garbitu eta lehengoratzea da elkartearen helburua. Bihar erakusketa bat jarriko dute Tolosako Trianguloa plazan.

Aitor Agirresarobe Tolosako Ingurumen zinegotziak gogora ekarri du Hondakinen Prebentziorako Astea dela, eta horren barruan egin dute Lurpea Garbi elkartearen aurkezpena. «Udaletik ikusi dugu elkartearen proiektua eta asmoa oso beharrezkoa dela», esan du Agirresarobek. Hain justu, bihar erakusketa bat jarriko du elkarteak Trianguloa plazan, 09:00etatik 15:00etara, eta horrez gain, kobazuloetan bildutako hainbat motatako hondakin pila izango da ikusgai.

Uxue Lasa Lurpea Garbi elkarteko kideak azaldu duenez, «Tolosa inguruan mendian eta kobazuloetan ibiltzen garenok ikusi izan ditugun hondakin pila bat pilatuta dauden zuloak daudela, baina behin bertan sartzen zarela ikusten duzu hondakin horrek duen eragina. Bai kobazuloetako ekosisteman, eta baita hondakin horietatik pasatzen den ur guztian; kontuan izan behar da Tolosaldea ingurune karstikoa dela, eta gero ur hori gure iturrietatik ateratzen dela. Horrez gain, kobazuloetan egon daitekeen ondare kulturalean eragina du». Egoera horri aurre egiteko beharrezkoa ikusi dute Lurpea Garbi elkartea sortzea, egoera azaleratu eta udalekin lan egiteko.

Elkarte sortu berriari babesa emanez, Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia izan da ere aurkezpenean. «Guretzat kobazuloak lehengaiak dira. Orain ehun urte inguru Joxe Migel Barandiaran eta Telesforo Aranzadi aritu ziren hemengo kobazuloetan bilatzen giza aztarna zaharrenak. Gure ikerketaren lan eremuak dira kobazuloak», esan du Agirre-Mauleonek, eta gaineratu: «Beti entzun diot Pako Etxeberriari esanez zerbait egin behar dela kobazuloekin, zabortegiak bihurtu direlako eta hori onartezina delako». Elkarte berriak Aranzadiren laguntza osoa jasoko dutela azaldu du: «Guk diru gutxi dugu, gogo handia, eta gure begiak izango dituzue, eta guretzat zuen ekimena txalotzekoa da».

Eneko Agirre biologo eta elkarteko kideak kobazuloen egoera larria nabarmendu du, eta gizarte osoaren ardura dela: «Kobazuloak ez dira gureak, eta gai honetan gizarte osoa dago inplikatuta». Elkartearen helburu nagusiaren berri eman du: «Tradizionali zabortegi gisa erabili diren edo kutsatuak dauden ingurune karstikoen garbiketa-lehengoratzea da, Aranzadi Zientzia Elkartearen aterkipean eta entitate publikoen babesletzarekin». Horretarako Tolosaldeko karstak aurkezten duten kutsadura egoera plazaratuko dute argazki erakusketa ibiltari baten bidez, bihar Tolosan ikusgai izango dena, hain zuzen. Tolosaldeko udalerri eta ikastetxeetara zabaldu nahi dute erakusketa hori. Horrez gain, sentikortasuna piztu nahi dute, boluntarioak erakarri eta kutsatutako guneen informazio bilketa gauzatu, bizilagun, basozain, mendizale edo gizabanakoei esker. Bestalde, arazoa dimentsionatu nahi dute, kutsatutako Tolosaldeko  koba eta simen katalogoa osatuz. Azkenik, Tolosaldean garbiketa ekimen integral bat bideratu eta protokoloak ezarri nahi dituzte, eta gune horien zonifikazioa eta babesa. Helmugei dagokionez, Agirrek azaldu du «aldaketa klimatikoaren aurrean, Tolosaldeko uren garapen iraunkorra» ziurtatu nahi dutela. Bide batez, Agirrek dei egin dio kobazuloetako kutsaduren berri duen herritar orori elkartearekin harremanetan jartzea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!