Samaniego ikastetxeko Saoirse Zapirain saritu dute Arnasetik sormen lehiaketan

Ataria 2023ko azaroaren 24a

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian irabazi du Euskara ikasteko gomendioak bideoarekin.

UEMAk antolatzen duen Arnasetik sormen lehiaketaren bigarren deialdiko sari banaketa egin berri dute eta Tolosako Samaniego ikastetxeko Saoirse Zapirain Larrañagak saria jaso du Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian. Euskara ikasteko gomendioak da egindako bideoa.

UEMAk esan du deialdiak aurreikuspen guztiak gainditu dituela, izan ere, iaz jasotako lan kopurua gainditu dute aurten, eta kategoria guztiak aintzat hartuz jasotako 112 lanekin jarri dute marka berria. Arnasetik lehiaketan arnasguneetako ikastetxeek hartu dute parte, bai eta arnasguneetako udalerri txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxe handiagok ere. Euskararen arnasguneak euskararen ezagutza eta erabilera maila oso altuak dituzten udalerriak dira. Hizkuntza biziberritzerako funtsezkoak dira, bertan modu naturalean bizi ahal delako, transmisioa ziurtatuta dagoelako eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako. Arnasetik Arnasa Gara egitasmoak antolatutako lehiaketa izan da. Arnasa Gara 2019an abiatu zuten elkarlanean UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, euskararen arnasguneak hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.

Saridunak

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:

  • Euskara ikasteko gomendioak, Samaniego ikastetxea.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila kategorian:

  • Azkoitxiko epaitegia, Azkoitia BHI. 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:

  • New Yorketik Euskal Herrira, Beasain BHI.

Publikoaren sariari dagokionez, 1.000 lagun baino gehiagok eman dute bozka Internetez, eta boto gehien jaso dituen lana hauxe izan da:

  • Joaldunak, Mendaur BHI

Sari banaketa ekitaldia Zarautzen antolatu eta Zarauzko Udala ekitaldiaren sustatzaileetako bat izan zen heinean Zarauzko lanentzako sari berezia ere izan zen. Irune Urbieta Euskara zinegotziak eta UEMAko lehendakariordeak banatu zizkien sariak zarauztarrei. Honakoei, zehazki:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:

  • Sentitu, pentsatu, egin, La Salle Zarautz.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila kategorian :

  • Zarauzko kasta, Mitxelena Ikastola.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:

  • Xanduli Manduli, La Salle Zarautz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!