Lehen agintaldia abiatu du Andu Martinez de Rituerto Arregik (Lazkao, 1967). Agenda bete-betea du, eta lanez gainezka dabil, asteartean Larramendi auzoan gertatutako ezbeharra oraindik burutik kendu ezinik.
Oposizioan aritzetik lehen lerrora igaro zarete. Aldaketa handia izaten ari da?
Bai, erabatekoa. Oposizioan askotan ez duzu eguneroko kudeaketaren berri izaten, eta kanpotik bizi duzu udalaren jarduna. Informazioa aztertu eta proposamenak egitetik erabakiak hartzera igaro gara. Horrez gain, eragile eta norbanakoekin harreman estuagoa dugu orain.
Badirudi Usabal kiroldegiko aferari irtenbide bat eman ahal izan diozuela. Pozik zaude izan duen emaitzarekin?
Alde batetik bai, azken bi hilabeteetan lan handia egin dugulako eta zerbitzua berriz martxan dagoelako, baina bestetik ez, nahi baino askoz ere gehiago luzatu delako. Lehentasuna ematen genion akordioaren bideari, zerbitzua berreskuratzeko egokiena zelako eta guretzat ere buruhauste txikiagoa ekarriko zuelako, eta oraindik ere zenbait kezka sortzen dizkigu egungo egoerak.
Zein izango da zuen egitekoa datozen aste eta hilabeteetan?
Oraingoz, BPXport enpresarekin dugun hitzarmena behar bezala betetzen dela ziurtatu behar dugu. Halaber, lizitaziora aurkezten diren proiektuak aztertu beharko ditugu, zerbitzua enpresa berri bati esleitu aurretik. Ikusi beharko da egungo enpresak helegitea jartzen dion gure erabakiari.
Arazorik gabe joango da prozesua edo zer espero duzue?
Udal teknikariek eta kanpoko aholkularitza juridiko batek ere garbi ikusi dute lan gatazka bat ez dela nahikoa aitzakia sei hilabetez zerbitzua geldirik egoteko. Ondorioz, bide hau hartzeko aholkatu digute. Gai juridikoek, baina, beti sortzen dute kezka.
Agintaldi Plana aurkeztu berri duzue. Zer nabarmenduko zenuke?
Zuhaitzaren irudia erabili dugu, eta Sustraietatik fruituetara jarri diogu izena. Ondo islatzen du gure proiektua. Oinarrian, herritarrekin eta eragileekin ditugun harremanak eta beraien parte hartzea daude; bertatik elikatuko gara. Ondoren, enborra legoke, proiektuari sendotasuna ematen diona. Administrazioa kokatzen dugu hor. Barne antolamendutik hasita, irisgarriagoa, gardenagoa eta argiagoa den administrazioa nahi dugu, herritarrek iformazio guztia eskuragarri izan dezaten. Hortik aurrera, adarrak eta fruituak irudikatzen ditugu. Horietan, herritarrei eta herriari mesede egiten dieten proiektuak leudeke. Guretzat zaintzak garrantzia handia du, eta ez menpekotasunari edo zahartzaroari begira bakarrik. Elkar zaintzen duen herria izan nahi dugu.
Hemendik gutxira Alde Zaharreko Plan Integrala aurkezteko asmoa duzue. Zer ekarriko du?
Beste hainbat herritan esperientzia duen enpresa batek gidatuko du. Herritarrekin diagnostiko partekatu bat egitea da helburua, neurriak aztertu eta epe motzean horiek hartzen hasi. Alor guztietan Alde Zaharra erakargarriagoa bihurtuko duten estrategiak martxan jartzea da gure asmoa.
Hurrengo astean egingo duzue San Esteban auzoko parte hartze prozesuko hurrengo saioa. Zein da egoera bertan?
2009ko hirigintza planean garapen urbanistiko handiegia proposatzen zen; 1.200 etxebizitza berri eraikitzeko aukera aztertzen zuen, aurreko legealdiko proiektuak 600 etxebizitza berri aurreikusten zituen, eta gure oraingo proposamenak, 400 inguru. Horrez gain, interbentzio txiki batzuk egingo ditugu.Tolosak duen azalera du, eta eremu handiena dagoeneko okupatuta dago. Aurrena, 300 etxebizitza hutsen arazoari irtenbidea eman behar diogu, eta beraz, ez dugu ikusten halako beharra duenik, datozen lau urteetan 400 etxebizitza baino gehiago eraikiko direlako. Berria eraiki baino lehen, daukaguna erabili behar dugu, eta ahal den neurrian, une honetan merkatu librean dauden alokairuen prezioak erregulatu.
Amarotz auzoan ere etxebizitza berriak egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak.
Hurrengo legealdi hasierarako 200 etxebizitza publiko eraikitzea aurreikusten da. Komunikazio falta egon zen hasiera batean. Horrelako inpaktua eduki dezakeen proiektu bat herritarrekin batera garatu behar da. Guk auzotarrekin hitz egin dugu, eta izango dituzten beharrak aztertuko ditugu elkarrekin.
Zer iruditzen zaizkizu aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektuak?
Oso egokiak dira, eta benetako erantzuna emango diete herrian dauden beharrei.
Ospitale berriaren inguruan, berritasunik bai?
Aurreko udal gobernuak egindako azterketan oinarrituta, Osasun Sailak erabaki zuen hori zela tokirik egokiena, eta guk ez genuen zalantzan jarri. Duela hamar egun, baina, hirigintza plan aldaketaren lehen proposamena eraman da mahai gainera, eta bertan ikusten da espazioa nahiko justua izango dela, ia azalera guztia okupatuko lukeelako eraikinak. Gainera, mugimendu eta trafiko handiko ingurua da, eta zehazteko dago hori nola bideratu, gurutzebide bat gehiago sortu daitekeelako. Bestalde, Asuncion Klinikaren aferari aurre egiteko eta langileen egoera egonkortzeko irtenbideak aurkitu beharko dira.
Mugikortasunari lotuta, nola egingo diozue aurre aparkalekuen arazoari?
Oraindik erresistentzia handiak daudela ikusten dugu, batez ere, auto partikularrek garrantzia handia dutelako gizartean eta beharrezkotzat jotzen ditugulako. Hausnarketa partekatua egin behar dugu. Benetan horrenbeste espazio utzi nahi diegu? Pauso txikiak eman nahi ditugu, besteak beste, Zumarditxikia berreskuratzeko interbentzio txikiak eginez, Rondilla kalean trafiko gutxiago egon dadin neurriak hartuz eta aparkalekuen gaiari soluzio integral bat emanez.
Kultur arloko eraikinak birmoldatzen hasiko zarete?
Berkokapenak egingo ditugu, eta oraingoz, Iturritza Jauregiarekin hasiko gara. Euskararen Etxea izango da. Bestetik, liburutegia kultur etxean kokatzea aurreikusten dugu 2027rako. Horrez gain, berriki hustu den Santa Klara eremua herriaren esku utzi dute mojek, eta horri eman beharreko erabilera ere aztertu beharko dugu, altxor bat delako.
Eta zein da Emakumeen Etxearen egoera?
Zenbait arazo izan ditugu. Hiru zerbitzu emango dira: dinamizazioa, aholkularitza juridikoa eta aholkularitza psikologikoa. Hiru zerbitzuak esleitzeko lehen lizitazioan hutsik geratu ziren hirurak. Berriki, ordea, martxan jarri dira dinamizazioa eta aholkularitza juridikoa, eta lanean ari gara hirurak martxan egon daitezen. Epe motzean, eraikinaren eta zerbitzuen ate irekiera berri bat egingo da, eta eskualdeko baliabide bat denez, herri guztietako ordezkariak gonbidatuko ditugu aurkezpenera.
Berritasun gehiago izango dira herrian?
2024ean Tokiko Energia Komunitatea sortuko dugu. Herritarrei tresnak emango dizkiegu, kontsumoa murriztu eta energia garbia sortzeko.
Eta gainean ditugun inauterietan?
Bai. Karroza handiak ez dira arauen barruan sartzen diren ibilgailuak, eta beraz, badira hausnartzeko zenbait kontu. Horrez gain, garbi dugu txosnak ezin direla ez Euskal Herria plazan ezta Plaza Berrian kokatu.