Udalak bi aukera aurkeztuko dizkie San Esteban auzoko bizilagunei

Ataria 2023ko aza. 23a, 11:00

San Esteban auzoko HAPOaren aldaketa egiteko, parte hartze prozesuko bigarren faseko saioa egingo dute azaroaren 28an, asteartea; 18:30ean hasiko da, San Estebango auzo elkartean.

San Esteban auzoan Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa egiteko aurrerakina zehazteko herritarren parte hartze prozesuko bigarren faseko saioa egingo da datorren azaroaren 28an, asteartea. Hitzorduan orain arteko lanketari errepasoa egin eta planteatzen diren bi aukerak aurkeztu eta partekatuko ditu Tolosako Udalak auzotarrekin.

2013 urtean egindako prozesuaren jarraipen gisa planteatu zen prozesu berriaren hasiera 2022 urtearen amaieran.  Izan ere, 2013an zehaztu ziren auzotarrekin, auzoaren garapenerako baldintzak. Geroztik aldaketa ugari gertatu dira, horregatik, Tolosako Udalak, lehenik eta behin, diagnostiko eguneratua egin zuen, eta auzoaren garapenerako alternatiben hasierako dokumentua ere garatu zuen. Lanketa  hori auzotar zein herritarrekin partaidetza prozesuan partekatu zen 2022ko abendua eta 2023ko urtarrila bitartean.

Lehen informazio saioan diagnosiaren laburpena egin zen eta  auzoaren garapenerako landutako antolamenduaren gidalerroak partekatu ziren herritarrekin eta auzotarrekin. Ondoren, diagnosi eta proposamenen inguruko panel informatiboak kokatu ziren Ferialekuko sarreran eta urtarrilean bi tailer ireki burutu ziren herritarren ekarpenak jasotzeko. Informazio saio eta tailer irekiekin, parte-hartze prozesuaren lehen fasea amaitu zen.

Lehen fasea amaitu zenetik teknikariak lanean aritu dira aurkeztutako alternatibak herritarren eskaeretara egokitzeko. Hala, azaroaren 28an herritarren parte-hartze prozesuko bigarren faseko saioa egingo da hilabete hauetan landutako bi aukerak aurkezteko. Saioa 18:30ean hasiko da San Estebaneko auzo elkartean.

Ondoren, dokumentu teknikoa amaitu eta Udalbatzak onartu beharko du eta iradokizunak jasotzeko jendaurreko epea zabalduko da.

Epe hori igarota, berriro ere, herritarrek egindako ekarpenak teknikoki aztertuko dira eta azken itxiera edo kontu emate saioa egingo da, behin betiko proposamen teknikoa zehazteko, hau da, HAPOaren aldaketarako oinarriak behin betikoz finkatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!