Tolosako Udalak Agintaldi Plana aurkeztu die herritarrei

Ataria 2023ko aza. 21a, 20:17

Datozen lau urteotarako asmo, konpromiso eta helburu nagusiak jasotzen dituen Agintaldi Plana aurkeztu du udal gobernuak jendaurrean.

Joan den astean udal langileekin egin modura, datozen lau urteotarako asmo, konpromiso eta helburu nagusiak jasotzen dituen Agintaldi Plana aurkeztu du Tolosako udal gobernuak jendaurrean. Guztira 31 konpromiso jasotzen ditu dokumentuak, eta horietako bakoitzarekin, «herritarren eta eragileen parte hartzean sakontzeko, udal administrazioa modernizatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko, eta tolosarren bizi baldintzak duintzeko urratsak» eman nahi dituela adierazi du udal gobernuak.

Zuhaitz bat irudikatu du udal gobernuak konpromiso horiek egituratzeko. Hala, hiru zati bereiztu dira, konpromiso horiekin eragin nahi den eremuen arabera. Oinarrian, sustraietan, alegia, herritarrak eta herriko eragileak saretzeko eta horien parte hartzea sustatzeko estrategiak bildu dira. Administrazioa eta herritarrak batuko dituzten erabakigune berriak sortu nahi dira, hainbat esparrutan.

Auzoen Mahaia eta Herri Behatokia eratzea dira adibide horietako bi, elkarrekin lehentasunak finkatu eta erabakiak hartzeko lehena, eta udalaren jarduna ebaluatzeko bigarrena. Gobernantza Kooperatiboaren inguruan martxan dauden proiektuetan ere gehiago sakonduko da, hobekuntzak txertatuz.

Bigarren lan-esparruan, enborrean, administrazioari eragiten dioten proposamenak jaso dira. Izan ere, erronka guztien aurrean, landu beharreko politika, proiektu eta egitasmoei bide emateko udal sendo eta moderno bat behar da. Besteak beste, lan harremanetan ikuspegi aldaketa aplikatuko da, langileen beharrak asetzeko saiakeran entzute aktiboa eginez. Halaber, elkarlana, zeharkakotasuna eta koordinazioa indartu nahi dira. 

Udal ordenantzak egokitu eta modu argigarrian sozializatzea, Udaltzaingo komunitarioaren eredu berria txertatzea, zerbitzuen katalogoa eguneratzea edo zerbitzuetan zentratutako web berria egitea izango dira, besteak beste, esparru honetan hartuko diren neurriak.

Udalaren sailetatik egiten diren lanketa eta proiektuen emaitza izango direla «fruituak» azaldu dute, herrian isla izango dutenak. 

Bizigune «atsegin eta erosoak sortzea» -tartean daude Zumarditxikia, Gorriti Plaza edo San Esteban auzoa biziberritzeko lanak-, zaintza eredua aldatzeko urratsak egitea, aparkalekuen gaiari irtenbide integrala ematea, etxebizitza eredu berri bat sustatzea, Energia Plan Estrategikoa eta Alde Zaharreko Plan Integrala garatzea, Mugikortasun Plana eguneratzea, bertako saltoki eta produktuen kontsumoa indartzera bideratutako ereduak sustatzea edota herriko ekipamendu eta kaleen mantenu eta garbitasuna indartzea jarri ditu helburu gisa udal gobernuak, beste askoren artean.

Tolosarren parte hartzea, «ezinbesteko»

Andu Martinez de Rituerto alkateak azpimarratu duenez, herritarrekin batera egin nahi dute bide hori: «Guztion parte hartzea ezinbesteko izango da, edozein dela ere adin, jatorri, genero edota ideologia, guztiok baikara komunitate honen parte. Herritarrek eta herritarrekin parte hartzea, hitz egitea, entzutea eta eragitea gustatuko litzaiguke, emaitza benetan emankorra izan dadin Tolosarentzat». 

2023-2027 Agintaldi Plana eskuragarri izango da uneoro udalaren webgunean, eta dokumentuaren bertsio digitala deskargatzeko aukera izango da. Ale fisikoa eskuratu nahi duten herritarrek, berriz, datorren astetik aurrera jasotzeko aukera izango dute Udaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!