Zerkausi gaineko terraza egokitu eta herritarrei zabalduko zaie

Ataria 2023ko aza. 21a, 19:59

Olatu Talkak piknika antolatu zuen 2014an Zerkausi gaineko terrazan

Tolosarrek aukeratu dituzten bost proiektuetatik boto gehien lortu dituena izan da Zerkausiko moldaketa. Aurrekontu parte hartzaileetan 1.037 herritarrek eman dute botoa, iazko prozesuan baino 364 gehiagok.

Tolosarrek aukeratutako bost proiektuak 2024ko udal aurrekontuetan txertatuko ditu udalak. 500.000 euroko kostua izango dute. Andu Martinez de Rituerto alkatearen esanetan, herritarren inplikazio handia izan dute aurtengo parte hartze bidezko aurrekontuek: «Proposamen eskaerek eta bozketa fasean botoa eman duten herritarren kopuruak gora egin dute. Datu hauek erakusten dute badela herria hobetzeko nolabaiteko inplikazioa eta konpromisoa herritarren partetik, eta poztekoa da». 

Aukeratutako bost proiektuak

17 proiektu eraman ziren bozketa fasera, eta horietatik bost egingo direla azaldu du Garikoitz Lekuona teknikariak. Bost proiektuak ondorengoak izango dira:

  1. Zerkausi gaineko terraza egokitu eta herritarrei irekitzea: bozka gehien jaso duen proiektua izan da, 344 boto, hain zuzen. Urte luzez itxita izan da, eta izan duen degradazioa konpondu, altzari batzuk gehitu eta sarrera-irteeran ordutegiak automatizatzeko hobekuntzak txertatuko dira.
  2. Tolosako haur eta nerabeei zuzendutako udaleku irekiak sortzea: Urte askotan izan den eskaera da, eta eskaintza hori diseinatu eta martxan jarriko da. 303 boto jaso ditu proposamen honek.
  3. Haurrentzako ur parkeak: Ia 300 boto jaso ditu. Enpresa batzuekin dagoeneko jarri da harremanetan udala eta, behin esleituta, leku egokienak identifikatuko dira enpresa horrekin eta Hirigintza Sailarekin.
  4. Merkataritza Plana auzoetan: auzoetan komertzio txikiak babesteko, eta negozio berrien sorrera sustatzeko plan bat egitea proposatu da, auzoetan zerbitzu batzuk eskura izan ditzaten.
  5. Larramendi auzoko jolas eta ariketa fisikorako gunea: Joan den urteko prozesuan atera zen proposamen hau, baina ez zen gauzatu, ezta aurrekontuetan txertatu ere. Hartu zen konpromiso hori berriz hartu du udal gobernuak, eta aurtengo beste proposamen batekin osatu. Aurten aurrekontuetan txertatuko da. Auzotarrekin egindako bileretan, gainera, behar hori azpimarratu zuten, eta orain egi bihurtuko da.
    Larramendi 3ko plazatxoan, kalistenia eta helduentzako ariketa fisikoa egiteko tresnak jarriko dira. Larramendiko plazan, berriz, Montetxe kalearen ondoan, futbol zelai bat eraikiko da, eta alboan jolas mahaiak, ping-pong-ekoak, esaterako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!