Portaera matxistak eta bortitzak aldatzeko indarkeria erabili daiteke? Helburuak edozein ekintza justifikatzen du? Galdera horiek luzatzen ditu Evaren alabak konpainiak Ring antzerki lanean. Azaroaren 4an estreinatu zuten Tolosako Aranburu jauregian eta bihar eskainiko dute Fruitzen (Bizkaia). Martxoaren 8rako ere iragarrita dute beste emanaldi bat Iruran eta taldekideak prest agertu dira hemendik aurrera herri gehiagotan eskaintzeko.
Ring batean gertatzen da antzerki lana. Sonia Sanz taldekide eta antzezleak adierazi duenez, berehala irudikatzen da indarkeria agertoki horretan, «baina ez da borroka fisikoa bakarrik, sinbolikoa baizik». Normaltzat hartu eta oharkabean pasatzen diren beste indarkerietan jarri dute arreta Evaren alabek obra honetan. «Gure diskurtso feministaren eta gure jokabidearen artean ditugun kontraesanak azaleratzen ditugu eta berriro ere gogoeta luzatu: pentsatu, esan eta egiten dugunaren artean zenbateko aldea dago?», galdetu du Sanzek.
Emakumeen gorputzaren gaia ere jorratzen dute antzerki lanean: «Gure gorputzak kanon batzuen barruan sartzen dira, eta jendartean zahartzaroa, loditasuna eta inperfekzioak baztertu egiten dira. Horren inguruan ere gogoeta luzatu nahi dugu. Nahiz eta gizartean ezarritako arauetan ez sartu norberaren gorputzak politak badira, zergatik ez erakutsi?». Galdera gehiago egin ditu obra honetan parte hartzen duen beste aktoreetako batek, Iratxe Ramirezek: «Hain integratua dauzkagu uste horiek ez garela konturatzen hor ere badagoela zapalkuntza. Ahoz gora aldarrikatzen duguna eta gero egunerokoan bizi dugunaren artean badago aldea. Arrakala horiek bistarazi nahi ditugu. Ez da soilik gorputzarena, emakumeok zaintzarekin hartzen dugun posizioa ere bada. Beti hartu gaituzte adeitsutzat eta gozotzat. Eta agresibitatea? Non geratzen da? Baimentzen al zaigu emakumeoi?».
Sonia Sanz: «Obra feministak dira gureak; egunerokoan dauzkagun tabuez hitz egiten dugu»
Iratxe Ramirez: «Antzerkia eta kultura badira foro interesgarriak kontzientziazio soziala zabaltzeko»
Lauko batean lau aktore
Gai erreal eta gordina plazaratzen dute, beraz, Evaren alabak taldekoek azkeneko antzerki lan honetan. «Antzerki lan feministak dira gureak, egunerokoaz dauzkagun tabuez hitz egiten dugu eta helburu bezala gizarte parekideago bat lortzea dugu», esan du Sanzek. Horregatik obra bakoitza prestatzerakoan taldekideek «konpromiso» handia hartzen dutela azaldu du, eta lanketa horiek pertsonalki ere lorratza uzten diela. Bat dator Ramirez: «Pentsatzen dut kultura ere badela diskurtso feministak zabaltzeko modua. Nik behintzat gustuko espazioa topatu dut horretarako, aproposa. Borroka feminista toki topiko berdinetara eramaten dugu beti, baina antzerkia eta kultura badira foro interesagarriak kontzientzia soziala zabaltzeko. Umoretik, deserosotasunetik, feminismorako irabazi daitezkeen espazio berriak dira».
Kontzientzia hori ikus-entzulearengan pizteko Evaren alabak taldeak beti erabili izan du eszenografia berezia. Ez da mikro-antzerkia, baina publikoarekiko gertutasuna lehenesten dute sortzen dituzten lanetan. «Distantzia laburra da ikuslearekin duguna. Oraingo honetan ere ring-aren bueltan kokatu ditugu ikusleak. Ez dugu ikusle hutsak izatea nahi, ikusten ari diren horrekin identifikazio bat edukitzea nahi dugu. Ikuslegoa ez dago lasai, eta ez diogu deskonektatzeko aukera ematen, parte aktibo da. Modu batera interpelatu egiten ditugu ikusleak», esan du Ramirezek.
Antzerki lanean sortzen duten atmosferak horretan laguntzen duela uste dute aktoreek, eta atmosfera hori lortzeko, beti mugatu egiten dute publiko kopurua. «Beti ere espazioaren arabera dago, baina oraingo honetan gehienez 80 pertsonentzako tokia izaten dugu». Formatu txikia da beraz, eta ez dute eszenografia handiegirik erabiltzen: «Ez dago ez argiztapen ezta atrezzo handirik. Guztia desmuntagarria da. Ring hori antolatu, aulki batzuk jarri eta hori da guztia. Ez dugu ezer berezirik behar, gu geu gara, garenarekin goaz obra antzeztera, eta horrek ematen dio errealismo puntua», dio Sanzek.
Aktoreek oso-oso dinamikotzat dute Ring antzerki lana. Etengabe mugimenduan dabiltza parte hartzen duten lau aktoreak: Sonia Sanz, Iratxe Ramirez, Nieves Peña eta Elena Arambarri. Hain zuzen, Arambarri bera izan da Ring antzerki lana idatzi eta zuzendu duena, eta obra honetan ere, antzerki zuzendari baten papera jokatzen du. «Antzerkia antzerkiaren barruan. Jolas hori planteatu dugu, beraz publikoak ez daki oso ondo antzerki lanaren barruan dagoen edo benetan gertatzen ari den kontatzen duguna. Fikzioa eta errealitatearen arteko muga hori zeharkatzen dugu askotan», dio Sanzek. Ramirezek dio publikoan sortzen den nahasmena «dibertigarria» dela.
Lanketa luzea
Denbora luzea eman dute Evaren alabak taldekoek antzerki lana prestatzen. Sormen prozesuaren inguruan hitz egin du Sanzek: «Elenak idazten du obra eta gainerako taldekideok ekarpenak egiten ditugu, obra aberasteko. Esan daiteke antzerki lan guztien atzean hausnarketa asko dagoela. Elkarri zerk mugiarazten gaituen kontatzen diogu eta hori beti islatzen da azkeneko emaitzan. Guretzako oso terapeutikoa da lan hauen prestakuntza».
Sormen lan hori da abiapuntua, ondoren antzerki lanean agertzen diren pertsonaiak eraikitzen dituzte, eta hauen hezurdura zehaztuta dagoenean, hasten dituzte entseguak. «Elenak izugarrizko dohaina du egin dezakegun ekarpen hori antzematen. Entseguetan egiten dugun hori jaso egiten du eta antzezlanean txertatu. Aktore gisa, aske uzten gaitu guk geuk ere sortu dezagun», esan du Ramirezek.
Arambarri, Sanz eta Peñarekin batera, Marta Garcia ere bada Evaren alabak taldeko parte. «Nahiz eta antzerki lanean aktore bezala aritu ez, prozesu guztian gure alboan izan dugu, eta orain obra leku batean edo bestean eskaintzerakoan ere gurekin egongo da». Lau kide izanagatik kolaboratzaileen laguntza ere jasotzen dute taldean, eta adibidez, Evaren alabak antzezlanean Geronimo Otegik paper txiki bat du. Oraingo honetan, Ring obrarako pisu handiagoko kolaborazioa egingo du Ramirezek. «Antzerki tailerreko ikaslea naiz, eta iazko uda aurretik esan nion Elenari neure burua prest ikusten nuela horrelako erronka baterako. Gero, udazkenean proposamena luzatuz deitu zidan, eta ez nuen bitan pentsatu. Niretzako erronka handia izan da, orain arte bakarka eta obra txikiagoetan aritu naizelako. Lehen aldia izan dut gisa honetako talde batean eta oso-oso aberasgarria izan da niretzat. Asko ikasi dut. Urduri egon naiz baina gozamena da lan hau taularatu ahal izatea Evaren alabak taldearekin».
Tolosan eskaini zuten lehenengoz Ring eta Alkizan aritu ziren duela zortzi egun. Oraingoz, iritzi «positiboak» jaso dituztela esan dute taldekideek, eta gogoa dute herri gehiagotan emateko. «Aurreko antzerki lanekin ere eskualdeko herri asko zeharkatu ditugu, gehienbat herri txikiak. Behin gure lan bat ikusita, hurrengorako hots egiten digute. Seinale gustatuko zaiela eskaintzen duguna», esan du Sanzek.
Antzerki lan feministak izateak ez du esan nahi emakumeentzako obrak bakarrik eskaintzen dituztenik, eta Ring honetan ere gizonezkoentzat interesgarriak diren gaiak lantzen dituztela nabarmendu dute. «Haiei zer pentsa ematen dieten gaiak dira», nabarmendu dute Sanzek eta Ramirezek. Indarkeria matxistaren aurkako egunaren bueltan edota martxoaren 8aren inguruan deitzen diete lan hauek eskaintzeko. «Ondo dago, baina pena da data hauetara mugatzea. Guk hemen botatzen ditugun mezuak urtean zehar entzuteko modukoak dira».
Prest daude Ring eskualdean eta hemendik kanpora ere eskaintzeko. Obra honen ibilbidea hasi besterik ez da egin.
RING. Evaren alabak
Iraupena. 50 minutu inguru.
Aktoreak. Sonia Sanz, Iratxe Ramirez, Nieves Peña eta Elena Arambarri.
Zuzendaria. Elena Arambarri.
Webgunea. Evarenalabak.eus
E-posta. infor@evarenalabak.eus
Instagram. @evarenalabak