Musikarien eguna ospatzeko, kalejirak eta kontzertua aste honetan Tolosan

Ataria 2023ko azaroaren 21a

Azken urteetako Xexili Eguneko kontzertu bateko irudia.

Gaur musika eskolako ikasleak aterako dira kalera; bihar, berriz, Udal Musika Banda. Igandean, ohiko kontzertua izango da Leidor aretoan.

Xexili Eguna ospatzeko hainbat emanaldi izango dira Tolosan, igandea bitarte. Atzo izan zen lehen kalejira, ikasleen bandaren eskutik. Gaur ere kaleak girotzera aterako dira musika eskolako ikasleak, 19:30ean; hain justu, akordeoi, biolin eta txistu taldekoek egingo dute kalejira. 

Bihar, Musikarien egunean bertan, Udal Musika Bandak kalejira egingo du, 19:30etik aurrera. Gorriti plazatik abiatuko da, eta honako ibilbidea egingo du: Gorriti plaza, Kale Nagusia, Plaza Zaharra, Zerkausia (geldiunea), Trianguloa plaza (geldiunea), Euskal Herria plaza (geldiunea), Arostegieta kalea eta Plaza Berria (geldiunea).

Kontzertua, igandean

Ohiko Xexili Eguneko kontzertua igandean izango da, 12:00etan hasita, Leidor Aretoan. Tolosako Udal Musika Banda, Giro Arte Dultzaina taldea, Udal Txistulari Banda, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra eta Hodeiertz Abesbatza izango dira oholtzan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!