Harreman jarraitua eta iraunkorra izan du Mendebaldeko Sahararekin Kristina Berasain Tristan (Lizarra, 1973) kazetariak. 20 urteetan ezagutu eta bizitakoak bildu ditu liburuan eta jendaurrean aurkeztuko ditu Tolosan, gaur, 19:30etik aurrera.
Begirada guztiak Gazan jarrita daude, baina duela hiru urtetik Mendebaldeko Sahara eta Maroko gerran daude.
Bai. Paralelismo handia dago bi herrien artean, bi herrialde okupatzaile eta kolonizatzaile dira Maroko eta Israel eta bien arteko konplizitatea erabatekoa da. Gaur egun, Marokok sahararren kontra erabiltzen dituen droneak Israelen egindakoak dira. Mugitzen den guztiaren kontra erabiltzen ditu, igual zaie militarrak edo zibilak diren jomuga. Aurreko astean izan zen azkeneko erasoa eta Gazan bezala lurralde liberatuetan ere, bigarren nakba bat gertatzen ari da, bigarren exodo bat. Esaten dutenez, bost mila lagunek ihes egin behar izan dute Tindufera, 400 familia baino gehiagok.
Uste duzu nazioarteko komunitateak ahaztuta daukala gatazka hau?
Bai, ahanzturara eta axolagabekeriara kondenatu dute gatazka. Nazioartean isiltasun konplize bat dago eta kazetariok autokritika bat egin behar genuke gatazka honi ez diogulako behar bezala erreparatzen. Duela hiru urtetik gerran daude eta nahiz eta Marokok onartu nahi ez, hildakoak daude bi aldeetan. Harresiaren bi aldeak pertsonen kontrako minaz josita daude, eta lurralde okupatuetan, berriz, saharar identitatearekin lotura duen guztia debekatuta dago. Errepresio bortitza dago han eta tortura endemikoa da. Kemen eta adore handia daukate ekintzaile sahararrek.
Espainiako gobernuak orain arte utzikeriaz jokatu du gatazka honekin. Esperantzarik bai gobernu berriarekin?
Espainiako estatuak izaten jarraitzen du Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea eta han gertatzen ari dena Espainiaren erantzukizuna da. Haien historian beltzez idatzitako pasarte bat da, frankismoak ez zuelako deskolonizazio prozesua behar bezala amaitu. Gaur egun arte, segidan etorri diren gobernuek erabateko utzikeriaz jokatu dute. Itxaropenerako zirrikitu handirik ez dut ikusten. Iaz Pedro Sanchezek egin zuen biraketak agerian uzten du bizi-bizirik jarraitzen duela okupazioarekin eta Madrilgo hiruko akordioarekin hasitako traizioak. SEADeko presidente Brahim Galik dioen bezala, traizio hori zauri berean labana sartzea bezalakoa izan da. Espainian osatzear dagoen gobernuan nahiz eta Sumar alderdiak parte hartzen duen, akordio programatikoan ez zaio Saharako gatazkari aipamenik egiten eta bai aldiz Palestinari edo Ukrainari.
Euskal herritarroi zer dagokigu, elkartasuna adieraztea besterik ez?
Uste dut alor ezberdinetan eta ertz ezberdinetatik adierazten zaiola konpromisoa saharar herriari Euskal Herritik. Zuek badakizue hori, Tolosaldea Sahararekin elkarteak lan itzela egiten duelako, ez bakarrik umeak ekartzen edo elikagaien karabanak bidaltzen. Sentsibilizazio lan handia egiten da, Saharako gatazka herritarren artean zabaltzeko. Zuen eskualdean bezala, beste herri askotan lan itzela egiten ari dira hainbat elkarte: Euskal Fondoa, Mundu bat, Arabako Saharako Lagunen elkartea, Hegoa institutua eta abar luze bat. Uste dut herrien arteko elkartasuna dela bidea. Niri herri izateko daukaten kontzientziak deitzen dit arreta. 50 urte daramate borrokan. Itxaropena nik saharar herrian ikusten dut. Erresistentziarako daukan konpromisoan ikusten dut itxaropena. Galtzen den borroka bakarra bertan behera uzten dena dela diote eta esperantzara kondenatutako herri bat da.
Nola egituratu duzu ‘Sahara, herri bat erresistentzian ‘?
Niretzako liburuan jasotako altxorra lekukotasunak dira. 20 urteetan jasotako testigantzen bilduma da. 2015ean bost egunez lurralde okupatuetan egoteko aukera izan nuen eta oso testigantza latzak bildu nituen. Ekintzaile batzuk oso ezagunak dira: Aminatou Haidar, Brahim Dahane edo Sultana Khaya, adibidez. Denak pasa dira kartzelatik eta batzuk urteak eman zituzten begiak tapatuta eta eskuak lotuta. Gaur egun 55 preso politiko baino gehiago daude Marokoko kartzeletan, baina azkeneko urteetan, gerra hasi zenez geroztik, errepresioa gogortu egin da eta azkeneko urteetan ekintzaileen etxeak kartzela bihurtzen dituzte. Sultana Khayaren adibidea da ezagunena. 557 egunez eduki zuten etxean setiatuta. Esan behar dut kazetaritza kronika dela liburua eta Mendebaldeko Saharako historia handi hori, istorio txikiekin harilkatu dut bertan. Ez da historia edo geopolitika liburu huts bat, nahiz eta historiari ere erreparatzen diodan, saiatu naiz argazki panoramiko bat egiten eta iraganetik gaur arte, gatazka honen gakoak ulertarazten.
Kulturak eta hizkuntzak garrantzia handia duten saharar herrian eta zuk keinu bat egin nahi izan diezu?
Saharako kultura altxor handi bat da. Ahozko tradiziotik datorren kultura da eta sahararrak hizlari apartak dira. Hassania oso hizkuntza erakargarria egiten zait eta saiatu naiz liburuan keinu bat egiten hizkuntzari eta baita kulturari ere.
Zer da ‘Sahara kantari’ diskoa?
Ekimen hau Mendebaldeko Saharari keinu egiteko beste modu bat izan da, kulturaren ikuspegitik. Disko horrekin herri honen askatasunerako eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Hamabi kantuz osatutako lana da eta 18 artista handik hartu dute parte: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Anari, Pello Reparaz, Itziar Ituño, Olatz Salvador eta abar luze bat. Tartean Tolosako Postal Kolekzionistak taldea dago. Gainera, musikari guztiak bilduz, kontzertu solidario bat antolatu dugu Donostiako Kursaalen abenduaren 22an. Bildutako diruarekin Mendebaldeko Saharako ondare kulturala eta historikoa babestea da asmoa. Sarrerak Kursaal.eus helbidean eskuratu daitezke.
Noizko hurrengo bidaia Mendebaldeko Saharara?
Momentuz liburua ezagutzera emateko Euskal Herrian zehar bidaiatuko dut. Tolosakoarekin batera hitzartuta dauzkagu aurkezpenak beste herrietan ere. Saharara hurrengo bidaia, auskalo, akaso datorren urtean.