Olentzaroren Basoa bisitatzeko sarrerak eskuragarri izango dira azaroaren 24tik aurrera

Ataria 2023ko aza. 17a, 17:00

Elosegi Parkean abenduaren 16tik 22ra izango da bertaratzeko aukera, arratsaldero, ordubete iraungo duen ibilaldi antzeztuaren bitartez. Bi urtetik gorakoek 5 euro ordaindu beharko dute eta jasotako dirua Amillubi proiekturako bideratuko da.

Badatoz Gabonak, Eguberria edo Olentzaroa. Olentzaroa, basoetan, mendietan, giroan… edonon ageri da; natura bera delako Olentzaro; naturaren gorabeherek iragartzen dutelako Eguberria. Zumardia Elkartea ere, Tolosako Udalaren laguntzarekin, buru-belarri ari da Elosegi Parkea atontzen, aurten ere, Olentzaroak berezkoa duen soiltasun egitura eta argiztapen xumez jantziz. Abenduaren 16tik 22ra izango da aukera berau bisitatzeko, arratsaldero, ordubete pasatxo iraungo duen ibilaldi antzeztuaren bidez.

Eguberriaren zentzua berreskuratzea helburu, kontakizunean, eguzkiak neguko solstizioan duen lekua izango da ardatz nagusia; honi loturik, usadio zaharrak gogoratuko dituzte, zeintzuk naturaren menpeko herri nekazari baten beharrei erantzuten dien. Aldi berean, garai haietan, bereziki, emakumeek egiten zituzten lanen garrantzia bistaratu nahi da. «Ez da Olentzerorik egongo, baina bertan dauden elementuek, etengabe, milaka begi dituela gogoraraziko digute», azaldu dute antolatzaileek. «Ume, heldu, zahar zein gazte… Kriseilua eskutan hartu eta goazen Olentzaroan murgiltzera! Behatu, entzun, usaindu, ukitu... Basoan izango gaituzue zuen zain!», gaineratu dute. 

Arratsaldeko 17:30ean ekingo zaie ibilaldiei eta gehienez 10 lagunez osatutako taldeak sartuko dira 20 minutuero, azken hitzordua 20:10ean izanik. Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak, beraz, azaroaren 24an arratsaldez eta 25ean goiz eta arratsaldez izango du horretarako aukera, aurrez aurre, Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan (haur liburutegiaren azpialdean), eta hilaren 30etik aurrera online Zumardia.eus webgunean.

Aurrez aurreko izen-ematearen ordutegia ondokoa izango da:

  • Azaroaren 24an, 16:00etatik 20:00etara
  • Azaroaren 25ean, 11:00etatik 13:00etara  eta 16:00etatik 19:00etara
  • Azaroaren 30etik aurrera, online: Zumardia.eus

Sarreren dirua Amillubi proiektuko nekazarientzat

Sarrerari dagokionez, 2 urtetik gorakoentzat 5 euroko kostua izango du. Sarreren bidez lortzen den diruarekin, batetik, Olentzaroren Basoa ekimena egonkortu nahi da, eta bestetik, irabazi asmorik gabeko erakunde batentzat ekarpen ekonomikoa ziurtatu. Pertsona bakoitzak, aurrez aurreko egunetan, gehienez 10 lagunentzat hartu ahal izango ditu sarrerak eta eskudirutan ordaindu beharko da. Ez da txartelarekin ordaintzeko aukerarik egongo.

Aurten, Olentzaroren Basoak, klima eta energia krisiari aurre egiteko jarri nahi du bere alea. «Arlo honetan, beraien eguneroko lanarekin jasangarria eta burujabea den eredu baten alde lan egiten duten nekazariak goraipatu eta babestu nahi ditugu. Hori dela eta, Biolurrek, beste hainbat eragilerekin batera, eskuartean duen Amillubi proiektuari emango diogu dohaintza. Izan ere, Biolurrek Amillubiko lurrak eskuratzeko apustua egin du bi helburu nagusirekin: bata, baldintza duinak izango dituen nekazaritza erreleboa bermatzea; bestea, balore agroekologiko handiko lurrak babestea. 

Bestalde, gogorarazi nahi dugu, eguraldiarekin loturiko alertaren bat iragarriko balitz, basoa itxi egingo dela eta, ondorioz, bertan behera geldituko dela ibilaldia. Kasu honetan, ordaindutako dirua itzuli egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!