Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Astelehenean izango da erabilgarri berriro Usabal kiroldegia

Ataria 2023ko aza. 17a, 14:31

Asier Martin Usabal kiroldegiko zuzendaria, gaurko egindako prentsaurrekoan.

Espazio lehorrak egongo dira prest erabiltzeko astelehenetik aurrera. Espazio hezeak, tartean igerilekua, ostegunean erabilgarri izatea espero dute.

Asier Martin Usabal kiroldegiko zuzendariak azaldu du noiztik egongo den berriro zabalik kirol azpiegitura. Langileek greba bertan behera utzi ondoren gaur hasi dira lanean, ahal den azkarren kiroldegia berriro prest egoteko. Hori horrela, astelehenenean, azaroaren 20an, Usabal kiroldegiko espazio lehorrak erabilgarri izango dira. Ohiko ordutegiarekin jarriko da martxan, hau da, 07:00etatik 22:00etara astelehenetik larunbatera, eta 08:00etatik 14:00etara igandeetan.

Espazio hezeak, horien artean igerilekuak, martxan jartzea denbora gehiago eskatuko diela adierazi du Martinek: «Analitikak egin behar dira, eta Osasun sailetik ere bermea eman behar dute dena ondo dagoela adieraziz». Ostegunean, azaroaren 23an, nahi dituzte martxan jarri espazio hezeak, eta, beraz, egun horretan kiroldegiko zerbitzu guztiak erabilgarri egongo lirateke.

Era berean, bazkideen kuoten konpentsazioa nola egingo den jakinarazi du Martinek. «Maiatzeko kuota kobratuta zegoela iritsi zen greba, eta, beraz, kiroldegiak zorrak ditu. Hortaz, konpentsazioa hil honetan egingo dugu, eta azaroa ez dugu kobratuko. Bestalde, abenduko lehen hamabostaldia ez dugu kobratuko, eta lehenengo kuota abenduaren 17an kobratuko da. Hori horrela, zor ditugun 24 egunak konpentsatuko ditugu».

Astelehenean bertan kiroldegiko ikastaroak martxan jarriko dira, aurreko denboraldiko ordutegi eta irakasle berberekin. Ikastaroetan parte hartzen ari zirenei ere konpentsatuko zaiela jakinarazi du Martinek. «Azaroaren 20tik 2024ko otsailaren 2a arte dohainik izango dira ikastaroak, maiatzean greba hasi zenean gurekin parte hartzen ari ziren guztientzat», azaldu du. Konpentsazio horretan sartzen dira greba mugagabea hasi eta denboraldi amaiera bitarteko zazpi asteak eta martxoan langileak egin zituzten greba egunak. Bestalde, norbaitek ikastaroetan izena eman nahi badu, ohiko bideak irekita daudela jakinarazi du zuzendariak.

Bide batez, Martinek dei egin die erabiltzaileei, «pasa dugun hau guztia pasa eta gero, animatu daitezela berriro Usabalera etorri eta bertan gozatzeko, eta kirola ere berriro bere egunerokotasunean txertatzeko». Dagoeneko gaurtik ari dira erabiltzaileen deiak jasotzen Usabal berriro noiz egongo den zabalik jakiteko.

Kirol klubei dagokionez, astelehenean bertan espazio lehorrak erabiltzen dituztenak hasi daitezke berriro kiroldegia erabiltzen, eta hurrengo asteburuan aukera izango lukete partidak ere bertan jokatzeko. Igerilekuak erabiltzen dituztenek ostegunera arte itxaron beharko dute erabiltzen hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!