Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Kirol instalazioak garbitzen hasi dira langileak

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko azaroaren 17a

Atzo greba bertan behera utzi ondoren, gaur itzuli dira lanera Tolosako kirol instalazioetako langileak. Usabal kiroldegiko igerilekuak hustu ondoren, garbitzen eta prestatzen ari dira. Enpresak datozen orduetan emango du hurrengo urratsen berri.

Usabal kiroldegiko pertsiana erdi irekita dago gaur goizean. Kiroldegiko langileak lanera itzuli dira, atzo egin zuten agerraldian greba amaitutzat jo ondoren. «Batez ere, igerilekua da lan handiena ematen duena», adierazi dute langileek. Hain zuzen, igerilekuak eta jacuzzia hustu dituzte eta horiek garbitzen eta prestatzen ari dira une honetan, berriro bete aurretik. Saunak garbitzen ere lanak izaten ari dira, lizunduta daudelako.

Bestalde, sistema elektrikoa martxan dagoela esan dute eta gimnasioak, bertako makinak nahiz kirol kantxak eta pistak erabilgarri daudela nabarmendu dute. Orain, beraz, enpresak ikusi beharko du zein erabaki hartzen duen; datozen orduetan emango dute hurrengo urratsen berri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!