Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Usabal kiroldegiko langileak greba utzi eta lanera itzuliko dira

Ataria 2023ko azaroaren 16a

Greba mugagabearen amaiera iragarri dute kiroldegiko langileek. Bihar itzuliko dira euren lanpostuetara. Orain, BPXport enpresak erabakiko du kiroldegiko zerbitzua noiz eta nola ematen hasiko den.

Kiroldegiko langileek gaur arratsaldean jakinarazi dute grebaren amaiera. Erabaki horretara nola iritsi ziren azaldu dute, aurrez: «Ia zazpi hilabete daramatzagu greban, eta inork ez zekien puntu honetara iritsiko ginenik greba hau hasi genuenean. Langileok 2020tik hitzarmen gabe gaude, eta 2023ko urtarrilean hasi genituen negoziaketak, BPXport sartu eta handik lau hilabetetara. Bagenekien negoziaketak ez zirela errazak izango, enpresaren interesak hasieratik berdinak izan direlako: beraien hasierako proposamenari eutsi eta guk esandako proposamen ezberdin guztiei ezezkoa eman».

Udalaren baldintza-agiriak lehiaketarako

Langileek euren erabakia hartzeko, Tolosako Udalaren baldintza-agiriak aztertu nahi zituzten. Gaur arratsaldean argitaratu dira baldintza-agiri horiek, eta aztertu ondoren, grebari amaiera ematea erabaki dute: «Udalak atera dituen baldintza-agiriak aztertu ditugu. Eskertu behar da udalak esku hartu izana eta egoeraren aurrean arduraz jardun izana. Baldintza-agiri berrien azterketa egin ostean, langileok eta ELAk ikusi dugu baietz: gure lan baldintzak duindu eta bermatzeko nahiko baliabide daudela baldintza-agiri berrietan. Beraz, Usabal, Uzturpe, Beotibar eta Berazubiko instalazioetako langileak gaur greba bertan behera uzten dugu, eta bihar lanera itzuliko gara».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!