Datorren astean banatuko dituzte 2024ko egutegiak

Ataria 2023ko aza. 16a, 19:58

Tolosanklisk argazki lehiaketako sari banaketa egin dute Tolosako udaletxean.

Azaroaren 21ean, 22an eta 23an izango da egutegia eskuratzeko aukera, Zerkausian.

Tolosako Udalak antolatutako Tolosanklisk lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin dute gaur Tolosako udalbatza aretoan. 2024ko egutegia osatzeko aurtengo gaia Tolosa, kultur herria izan da, herrian kultur ekitaldiek duten garrantzia aitortzeko helburuarekin. Irabazlea, eta ondorioz, egutegiko azalaren irudia Arantxa Aranburu Arakamaren Kultura Saretzen argazkia izan da.

Aurtengo lehiaketara 147 argazki aurkeztu dira eta 80 pertsonak hartu dute parte. Azalerako argazkia, irudi irabazlea aukeratzeaz gain, urteko 12 hilabeteen argazkiak ere aukeratu ditu epaimahaiak. Hala, Aranburuk 600 euroko saria jaso du eta urteko 12 hilabeteen irudien ataleko irabazleek 200 euroko saria jaso dute. Hilabete bakoitzak kultur jarduerei loturiko irudi bat jasotzen du, kulturak herriari eta herritarrei ematen dien bizia islatzeko, eta ondorengoak izan dira: Javier Ortiz Moreno Isidro Larrañaga Zuzendari Maisua lanarekin (urtarrila); Arantxa Aranburu Arakama Txarangen Igoera (otsaila); Javier Zabala Txarangak (martxoa);  Juanan Dorronsoro Ugartemendia Gure Zirkuaren Emanaldia (apirila); Unai Altolagirre Ormazabal Suaren gainean oihu eta irrintzi (maiatza); Xabier Liceaga Txistulariak eta Dantzariak (ekaina); Joseba Imanol Odriozola Tolosanblus (uztaila); Joseba Iturbe Erraldoiak (abuztua); Iñaki Otegi Arrospide Badator Erraldoia (iraila); Juanma Goñi Sagarzazu El Pajarillo (urria); Javier Zabala Tolosako Abesbatza (azaroa) eta Miren Liceaga Santa Ageda Bezpera (abendua). 

Tolosako Udalak lehiaketako irabazleei banatu dizkie egutegiak sari banaketa ekitaldian eta herritarrek hurrengo astean, azaroaren 21ean, 22an eta 23an Zerkausian izango dute eskuratzeko aukera. 

Zaintza, hurrengo urterako gaia

Ekitaldian ere aurreratu dute hurrengo urteko lehiaketako gaia zein izango den: zaintza. «Zaintza sistema eraldatzeko aldarriek indarra hartu dute azken urteetan. Izan ere, ongizatearen erdigunean dago zaintza, bizitzeko oinarrizkoa duguna. Pertsona guztiok jasotzen ditugu mota bateko edo besteko zaintzak, jaiotzen garen unetik; eta guztiok eskaintzen dugu zaintza uneren batean. Zaintza izan daiteke adinekoak bide-laguntzea, izan daiteke besarkada bat, muxu bat edo izan daiteke komunitateak eraikitzea, talde-babesa sentitzeko. Mugimendu Feministaren aldarrikapenekin bat eginez, zaintza lan profesional zein ez-profesionalak balioan jarri nahi ditu Tolosako Udalak», nabarmendu du Kultura eta Berdintasun zinegotzi Goiuri Ezeizak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!