Egitarau zabala, Babarrunaren Festa ospatzeko

Ataria 2023ko aza. 14a, 14:29

Larunbatean izango dira Tolosako Babarrunaren Festa eta Euskal Jaia. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa San Frantzisko pasealekura lekualdatu dute.

Tolosako hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da larunbatean, Babarrunaren Festa. Azken urteetan egin bezala Euskal Jaiarekin egingo du bat hitzorduak, eta egitarau zabala prestatu dute Tolosako Udalak, Eliker Zentroak, Tolosako Babarruna Elkarteak, Tolosako Babarrun Kofradiak eta Gure Kaiola elkarte gastronomikoak elkarlanean.

Aitor Agirresarobe Tolosako Merkataritza, Turismo eta Azokak Saileko zinegotziak esan du ekoizleen lana balioan jartzea dela ospakizun honen helburu nagusia, festaz gozatzearekin batera: «Kontsumo ohiturak azkar aldatuz doazen honetan, geroz eta beharrezkoagoa dugu gure kultura gastronomikoaren eta identitatearen parte den Tolosako babarruna, eta honekin batera dastatzen ditugun bertako produktuak aldarrikatzea eta etxe guztietan presentzia izan dezaten eragitea. Baina baita ere produktu horiek gure mahaietara iristea ahalbidetzen duten ekoizleen lana azpimarratzea eta euren lana balioan jartzea. Gozatu dezagun eguna festa giroan, mahaiaren bueltan, familian eta lagun artean, eta tartea utzi hausnarketari ere».

Bestalde, Tolosako Babarrunaren ekoizle eta elkarteko lehendakari Estitxu Sudupek gogoratu du larunbatekoa oso erakusleiho ona dela elkartearentzat. «25 ekoizlek hartuko dugu parte lehian eta hor erabakiko da zein den babarrun onena. Berez, 37 ekoizle gara, iaz baino 3 gehiago, eta hiru postu izango ditugu azokan. 20,5 hektarea egiten ditugu gutxi gorabehera eta aurten espero dugu 16.000-18.000 kilo bitartean jasotzea». Esan du aurtengo uztako babarruna txikiagoa dela, baina egosteko erraza dela. Sudupek gazteak gonbidatu ditu ekoizle egitera «eta noski, festaz gozatzera».

Bi lehiaketa, azoka berezi bat

Babarruna bera da larunbateko festaren epizentro eta protagonista, eta haren bueltakoak izango dira egitarauko hitzordu nagusiak, Agirresarobek esan duenez. Jai egunaren erdigunean goizean zehar Trianguloan egingo den azoka berezia izango da, non 15 postu egongo diren, eta azokarekin batera bi lehiaketa egingo dituzte. Batetik, goizean goiz hasita, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 28. Lehiaketa egingo dute. Eskualdeko ekoizle ugarik parte hartu ohi du txapelketan, eta inguruko sukaldariek patroi bera jarraituz  prestatuko dituzte  babarrunak Trianguloa plazan. Tolosako Babarrunaren Kofradiako kidea den Miriam Arandia, Ilargi jatetxeko Mireia Carceller, Bailara jatetxeko Enrique  Fleischmann eta gonbidatu batek osatutako epaimahaiak emango dute ezagutzera aurtengo ale onenaren ekoizlea nor den.

Beste lehiaketa Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa izango da. Gure Kaiola elkarteak antolatzen du eta aurtengoa 35. edizioa izango da. Aurten San Frantzisko pasealekuan egingo dute estreinakoz, Tolosako Babarrunik onenak zein bikotek kozinatuko ebatzi nahian. Guztira 21 bikotek hartuko dute parte, eta 08:30ean hasiko dira babarrunak pixkana prestatzen. Ekoizleen Lehiaketako azken irabazlearen, Joxe Mari Aranbururen, babarrunak sukaldatuko dituzte denek. Eta epaimahaia Ama jatetxeko Javi Rivero, Xare, Karela eta Talkako Gema Garmendia, Danon Txokoako Itxaso Calviño, Martinez Jatetxeko Xabier Martinez eta Tolosako Zentro Sozio Kulturaleko Iñaki Etxeberria sukaldariek osatuko dute.

Antxon Iglesias Gure Kaiola elkarteko lehendakariak gogoratu du elkartean 1987. urtean hasi zirela babarrunarekin lan egiten, «babarrunaren onurak zabaltzeko helburuz». «Hasieran elkarteak bazkideekin antolatu zuen lehiaketa eta lehen lehiaketa elkartean bertan egin zen. 30 lekari prestatu zituzten 300 pertsonarentzat bazkaria prestatzeko. Babarruna bilatzen aritu ziren hainbat herritan bazkaria egin ahal izateko», gehitu du. Gaur egun, baina, bestelakoa da egoera. Lehiaketarako, esaterako iazko txapeldunaren babarruna erabiltzen dute, eta behin lehiaketa amaituta, parte hartzaile guztiekin batera elkartean bazkaltzen dute, «giro ederrean».

Uzta dastatzeko aukera

Babarrunaren aurtengo uzta dastatzeko aukera ere izango da, Babarrunaren Kofradiak dozenaka platertxo banatuko baititu eguerdian Trianguloan. Eta ohikoa bihurtu den moduan, bazkalorduan, herriko elkarte eta tabernetan babarrun jateak ere egingo dituzte herritarrek.

Euskal jantziekin janzteko deia

Jatekoaz gain, egun osoan zehar eta goizaldera arte musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango da, kultur talde ugariren eskutik Euskal Jaia ospatuko baita. Besteak beste Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Udaberri dantza taldea, Kalean txaranga, Itzal musika taldea eta Jainekin txarangak jarriko diote erritmoa larunbateko festari. Euskal Jaia izanik, soinean euskal jantziak eramateko deia egin dute jaiaren antolaketan aritu den Babarrunaren Kofradiak eta parte hartuko duten gainerako eragileek.

Tolosako Babarrun Kofradiako Armintz Gorrotxategi kideak eskerrak eman dizkie festan parte hartzen duten guztiei eta gogoratu du uzta garaia ospakizun garaia dela kofradiarentzat eta horregatik sustatzen dutela Euskal Jaia. Hori dela eta, herritarrei egin die dei «gure kultura sentitu eta baserritar jantziekin ateratzeko».

 

Egitaraua

Azaroak 18, larunbata

  • Goizean zehar. Tolosako Babarrunaren 28. Ekoizle Lehiaketa, Tolosako Babarrunaren 35. lehiaketa Gastronomikoa eta azoka berezia Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan.
  • 11:00. Eingo trikitilarien kalejira Trianguloatik hasita, eta Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa.
  • 12:00. Udaberri Dantza Taldea eta Tolosako babarrunaren uzta berriaren dastatzea, Trianguloan.
  • 12:45-13:30. Sari banaketak Trianguloan eta San Frantzisko pasealekuan.
  • 14:30. Babarrun jateak elkarte eta tabernetan.
  • 19:00. Kalean txaranga Gure Kaiola Elkartetik aterata.
  • 22:00. Itzal taldearekin erromeria Plaza Berrian.
  • 23.30. Jainekin txaranga Alde Zaharrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!