Berdintasunaren aldeko gizonen taldeak bilera egingo du bihar

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 14a, 19:59

Tolosako kultur etxean ikasturte berrirako dauzkaten asmoen berri emango dute 19:30etik aurrera; gogoetarako espazio honetan parte hartzeko deia zabaldu diete gainerako gizonezkoei.

2019an sortu zuten berdintasunaren aldeko gizonezkoen taldea Tolosan. Ordutik lau ikasturte egin dituzte eta bihar abiatuko dute bosgarrena, Tolosako kultur etxean 19:30etik aurrera egingo duten bilerarekin. «Sei eta hamar lagun artean bildu izan gara orain arte, baina gustatuko litzaiguke jende gehiago elkartzea», esan dute taldeko kideek. Beraz, jendarte berdinzaleago eta hobeago bat lortzeko lan egiteko prest dauden gizonezkoak deitu dituzte biharko bilerara.

Hiruzpalau astez behin biltzen dira berdintasunaren aldeko gizonezkoak. Lehenengo ordu laurdena emozioen inguruan aritzeko baliatzen du: «Gure emozioen inguruan aritzeko erabiltzen dugu lehen partea; saiatzen gara bakoitzak gune bat izan dezan iruditzen zaion hori esateko, eta aldi berean gainerakook ikasten dugu aldamenekoaren jarduna etengabe trabatu gabe espazio berean egoten».

Behin bilerara zein aldarterekin gerturatzen diren azaldu ondoren, hainbat gaietan sakontzeko baliatzen dute bilera. Orain arte, gizonezkoen pribilegioak, indarkeria matxista, emozioak, zaintza, aitatasuna eta gisa horretako gaiak aztertu dituzte. «Askotan mutilok ez dugu gai horien inguruko ardura hartzen eta gogoeta horiek piztu nahi ditugu gure artean aldaketak egiten hasteko, hori baita jendartea pixkana eraldatzeko modua». 

Jende gehiago biltzeko zailtasunen inguruan ere hitz egin dute taldekideek: «Zenbaitengan erresistentziak nabari ditugu lanketa hauek egiteko, eta batez ere, gizonezko gisa dauzkagun pribilegioak eta ezberdintasuna eragiten duten jarrera hauek geure buruari aitortzeko». Gaiak duen garrantziaz ohartarazi nahi dituzte gainerako gizonezkoak. «Arazo honen parte gara, beraz badugu erantzukizuna konponbidean. Ez dezagun segi, behintzat, hainbeste ezberdintasun sortzen duen sistema hau elikatzen».

Hausnarketarako espazio bat sortzea da berdintasunaren aldeko gizonezkoen taldearen helburua, parte hartzaileek azpimarratu dutenez, «emakume feministek duten gune horretan esku-hartu gabe eta espazio hori okupatu gabe». Borroka feministari zein ekarpen egin diezaieketen aztertzen dute bileretan, eta batez ere, ekarria nondik egin diezaioketen. «Askotan hanka sartu izan dugu eta berriro ere joera berdinean jausi izan gara. Egoera konpontzera gatozen salbatzaile gisa agertu izan gara eta joera hori aldatu beharra dago». 

Bosgarren ikasturtea abiatuko dute bihar Tolosan eta bertaratzeko aukera ez duten gizonezkoei ere helarazi diete mezu: liburutegian eta kultur etxean ikasturte osorako programazioa zintzilikatu dute, bilera guztien datekin eta bilera bakoitzean jorratuko dituzten gaiekin. Irekita daude herriko gizonezkoekin gai hauek denak partekatzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!