Tolosa CF-ko taldeak bikain Euskalgym topaketan

Ataria 2023ko aza. 13a, 11:58

Talde guztiak goiko postuetan sartuta, orain arte klub batek lortu ez duena erdietsi du Tolosa CF-k.

Azaroaren lehen asteburuan, gimnastika erritmikoko Euskalgym topaketa egin zen BEC-en. Euskal Gimnastika Federazioak antolatzen du topaketa, eta estatuko talde onenek parte hartzen dute. Tolosa CF-ko lau talde izan ziren lehian, eta postu gorenenak lortu zituzten. Beste klub batek ez du horrelakorik lortu aurretik Euskalgym topaketan.

Goizean oinarrizko infantilen txanda izan zen. Bertan 37 taldek parte hartu zuten. Tolosa P taldeko Arene Amondarain, Haizea Aldasoro, Ane Iraola, Uxue Morea eta Aroa Madinak gogo eta ilusio handiz defendatu zuten beren ariketa, eta txapeldunak izatea lortu zuten. Tolosa H taldeko Lujan Diez, Maren Alonso, Ellen Mills, Enara Jaka eta Uxue Ormazabalek ere indarrez zapaldu zuten tapiza eta zilarrezko domina leporatu zuten txapeldunorde izanik. Klubetik nabarmendu dute hamar gimnasta horien lehen aldia izan dela horrelako txapelketa batean. Izan ere, oinarrizko mailan lehen denboraldia egiten ari dira. 

Bere aldetik, oinarrizko jubenilek beraien esperientzia demostratu zuten tapizean; 44 talde aritu ziren maila horretan lehian. Klubeko erreferente bihurtu dira Olaia Etxeberria, Nahia Esnaola, Irune Suarez, Aizpea Arroyo, Sara Rudel eta Ainhoa Merino, eta ikasketak eta lana uztartzen dituzte beren entrenamenduekin. Lanaren eta esfortzuaren saria lortu zuten urrezko dominarekin. 

Arratsaldean goi mailako junior taldeak itxi zuen txapelketa klubarentzat. Horiek topaketaren lehen egunean, larunbatean, Euskalgym galan parte hartzeko aukera paregabea izan zuten, eta gimnasta olinpiarren eta nazioartekoen artean beren ariketa erakutsi zuten 8.000 ikusleren aurrean. Igandean, berriz atera ziten tapizera eta zoragarri egin zuten podiumeko lehen postura igotzea lortuz; guztira 27 talde aritu ziren lehian.

Klubetik gimnastak eta entrenatzaileak zoriondu dituzte «eguneroko lanagatik»: «Zoragarria da Tolosaren izena noraino eramateko gai zareten. Baita klubeko babesleei gimnastikaren alde egindako apustuagatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!