Agur ekitaldia egin dute Santa Klara komentuan

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 11a, 18:00

Hiru mende luzeren ondoren Santa Klara komentua utziko dute bertan bizi diren lau moja klaratarrek. Hilaren bukaeran utziko dute Tolosa baina gaur agurtu dute herria. Eukaristia berezia izan da, Fernando Prado Donostiako gotzainaren parte hartzearekin, eta komentuaren inguruan ondu dituzten hiru liburuak aurkeztu dituzte bertan.

"Guretzat oso ona izan da Tolosa, eskerrik asko denoi". Modu horretara, hunkituta, agurtu ditu Genoveva Zabala, Santa Klara komentuko abadesak, bertan bildu diren tolosarrak. Eraikina agurtzeko eukaristia egin dute goizean eta Fernando Prado Donostiako gotzainak gidatu du meza. Tolosako Andre Mariaren musika kaperak parte hartu du, eta besteak beste, propio komenturako Felipe Gorritik edo Ignacio Mokoroak sortutako piezak eman dituzte.

Mezaren ondoren Joseba Urretabizkaia argazkilariak eta Fernando Hualde idazle eta historialariak komentuaren inguruan prestatu dituzten liburuak aurkeztu dituzte. Ekitaldian, Xabier Kerexeta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak parte hartu du. "Liburu hauei esker 400 urte luzetan egondako ondare hau mundu guztiarengana iritsiko da. Ondare bereziki interesgarria da, ondare erlijio-artistikoaz gain, ondare historiko eta etnografikoa ere oso-oso garrantzitsua da hemen. Kasu honetan gainera, emakumezkoen ondare bat da, eta horri, oro har, oso kasu gutxi egiten zaio".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin argitaratu dituzte hiru liburuak eta Fernando Hualde idazle eta historialariak azpimarratu du argitalpen hauek eskertza baten emaitza direla. "Moja klaratarrak 1612an Gasteiztik etorri ziren eta 411 urteren ondoren hara itzuliko dira. Badoaz, baina haien memoria liburu hauetan bilduta geratuko da", esan du.

Hasieran liburu bakarra egiteko asmoa zuten egileek, baina azkenean lau argitalpen plazaratu dituzte. Lehenengoan komentuaren historia jaso dute, eta Hualderen esanetan, "bertako bizitza erlijioso eta domestikoari errepasoa ematen zaio ale horretan". Bigarren argitalpenean komentuan topatu dituzten erlikiak katalogatu dituzte; eta hirugarren batean komentuaren barruan dagoenaren inguruko inbentarioa egin dute.

Liburu hauekin batera, beste argitalpentxo bat ere aipatu du Hualdek: "Santa Klara komentuaren artxiboan, beste gauza askoren artean, Santa Klara ordenaren erregela gordetzen dute. Ale asko dituzte, baina zaharrena 1481ko eskuizkribua da. Alemanian topatu dute zaharrago bat, baina estatuan ez dago Tolosan aurkitutakoa baino zaharragorik". Ale horren kopiak atera dituzte jendeak eskura izan ditzan.

Gaurko ekitaldiaren amaieran liburuak salgai jarri dituzte Santa Klara komentuaren sarreran. Bide batez, atzotik Aranburu Jauregian, Santa Klara komentuko moja klaratarren bizitzaren xehetasunak biltzen dituen erakusketa dago ikusgai. Hamasei panel eta komentuko zenbait tresna jarri dituzte ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!