Herritarren gomendioak ezartzeko egindako bidea aurkeztu du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko aza. 10a, 16:24

Herritarren Batzarrean ongizatea eta osasun mentalaren inguruko 14 gomendioak ezartzeko egindako aurrerapenen berri eman dute; pasa den larunbatean egin zuten saioa kultur etxean.

Pasa den larunbatean, Tolosako Herritarren Batzarra osatzen duten herritarrak eta udaleko ordezkariak batu ziren Tolosako kultur etxean. Saioaren helburua udalaren partetik herritarren gomendioak ezartzeko egindako bidea aurkeztea izan zen. Horrekin batera, aurrerantzean emango diren hurrengo urratsak argitu zituzten udal ordezkariek eta orain arte egindako lanketa herritarrekin kontrastatu zen.

Ongizate eta osasun mentala izan zen Tolosako Herritarren Batzarrak jorratu zuen gaia; herritarrak erabaki publiko batzuetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du Tolosan lehenengoz egin den herritarren deliberazio egitasmo berritzaile honek. Hain zuzen ere, gaiaren inguruan herritarren 14 gomendio egin zituen herritarren batzar honek. Udalak hartutako konpromisoari helduz, larunbatean izan zen lehen itzultze-saioa.

Andu Martinez de Rituerto alkateak hasi zuen saioa azalduz Tolosako Udalarentzat egitasmo honek duen garrantzia eta gomendioak ezartzeko udalaren konpromisoa berretsi zuen. Ondoren, udal ordezkariek hitza hartu zuten, eta hurrenez hurren, aipatutako bost gomendioen ekintzen berri eman zuten: Rituertok, arkitektura inklusiboa gomendioetan egindakoa deskribatu zuen; Xarles Iturbek nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa eta espazio eta aisia, gazteak; Aitor Agirresarobek, gune berdeak eta Josune Sanzek, konfiantza instituzionala.

Aurkezpenaren ostean, batzarkideak lau taldeetan banatu ziren. Talde bakoitzean, bi gomendiori buruz gogoeta egin zen. Lehenik, batzarkideek beraien galderak zehaztu zituzten eta lehen ebaluazio bat egin zuten, ondoren udaleko ordezkariekin galderak zein kezkak kontrastatzeko aukera izan zuten. Saioa ixteko Tolosako Udaleko Gobernantza eta Garapen komunitarioko teknikari Garikoitz Lekuonak azkeneko balorazioak jasotzeko erronda dinamizatu zuen.

Horren ostean, Arantzazulabeko zuzendari nagusiak, Naiara Goiak, gomendioen inplementazioari jarraipena emateko hurrengo urratsak aurkeztu zituen. Eta azkenik, Andu Martinez de Rituertok azpimarratu zituen orain arte inplementazioan izandako erronkak, eta hurrengo hilabeteetan emango dituzten urratsak deskribatu zituen.

Udal ordezkariek batzarkideei proposatu zieten aurreikusita ez zegoen itzulpen saio bat egitea 2024ko maiatzean, orain arte aurreratu ezin izan diren ekintzak gauzatuko baitira hurrengo hilabeteetan, eta horien berri ematea proposatu zuten prozesuaren hasieran 2024ko urrian aurreikusita zegoen itzultze-saioa baino lehen.

Egitasmoaren web-orrian batzarkideek egindako gomendioak eta udalaren erantzuna jasotzen dituzten dokumentuak eskuragarri daude. Geroztik, Tolosako Udaleko lan taldeek ekin diote hartutako konpromisoak inplementatzeari. Aurten bost gomendioen lanketarekin hasi dira:

  • A: Arkitektura inklusiboa
  • H: Nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa: arreta, hezkuntza eta esku-hartzeko programa
  • K.:Espazioa eta aisia, gazteak (13/18)
  • M: Gune berdeak
  • N: Konfiantza instituzionala: parte hartzeko dinamika iraunkorrak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!