ELKARRIZKETA

«Jendea etor dadila espektatibarik gabe»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko aza. 13a, 07:58

Judith Argomaniz. LASALA

Azaroaren 5ean estreinatu zuten 'Shine' ikuskizuna Donostiako Victoria Eugenia antzokian; Tolosan, berriz, datorren ostiralean eskainiko dute.

Norbere esklabotza, gorputzaren objektualizazioa, hedonismoarekiko adikzioa eta ihesbidearen etengabeko bilaketa. Gai horietan murgilduko du ikuslea Lasala dantza konpainiaren Shine ikuskizunak. Lanaren egilea da Judith Argomaniz (Donostia, 1983) dantzaria eta koreografoa, eta hamarkada bat darama dantza konpainia zuzentzen. Madrilgo Maria de Avila goi mailako dantza kontserbatorioan egin zituen koreografo ikasketak, eta kalifikazio gorena eta aparteko sorkuntza-saria lortu zituen. Aipatutako gaiez, horiek berarekin duten loturez eta ikuskizunaren xehetasunez aritu da egilea.

Nolako emanaldia topatuko dute ikustera joaten direnek?

Dantza garaikideko pieza bat da, non irudi asko ikus ditzakegun. Mugimendu asko dago; niri gustatzen zait eszenatokian indarra ikustea eta sentiaraztea. Beti esaten dut espero dudana dela ikusleak gurekin bidaia bat egitea. Horretarako utzi egin behar digu, baina prest badago, ikuslea ez da geldirik egongo.



Lanaren aurkezpenean aipatu izan duzue arrakasta eta distira lortzeko ibilbidea lantzen dituzuela. Zehazki zer kontatu nahi duzu pieza honekin?

Piezan hainbat gai lantzen dira, horien artean, norbere esklabotzaren eredua, gorputzaren objektualizazioa, hedonismoarekiko adikzioa, epe laburrerako joera zein menpekotasuna, ihesbidearen bilaketa etengabea... Ez dakit kritika dei dakiokeen, baina, behintzat, aurkeztu eta mahai gainean jartzen ditugu gai horiek. Jakina, ez da aurkezpen hutsa; horiek lantzeko garaian ironia asko erabiltzen dugu lanean.

 

«Ironia asko erabiltzen dugu lanean»

 


Ez dira nolanahiko gaiak. Nondik datorkizu horiek lantzeko interesa?

Premisa da askatasuna lantzea. Nolabait, nola lor dezakegun aurretik aipatu ditugun karga horiez askatzea eta, bide beretik, nola lortu dezakegun gure askatasuna. Hori guztia neronek ere sufritzen dut, jakina; egin ditudan piezak nirekin oso lotuta daude. Bizi dugun garai honetan, turbokapitalismoaren gizarte honetan, aipatutako guztia asko sufritzen dugu. Gure partetik hori mahai gainean jarri nahi dugu; eta jendeari ikusarazi, behintzat.

Nire ustez, oraindik, eszenatokia bada espazio bat, non gauza horiek guztiak esan ditzakegun. Oraindik, behintzat [kezka tonuarekin].



Hamar urte daramatzazu Lasala konpainiako zuzendari izaten. Denbora horretan hainbat pieza ondu dituzu... Zuretzat zer da dantza?

Nire bizitzan zehar dantza betidanik egon da. Ez nekien dantza zer zen ere, eta ordurako nirekin zegoen. Esango nuke dela erabiltzen dudan bidea gauzak esateko, neure burua adierazteko; baita gorputzaren bitartez ere. Baina nik aurkitzen dut espazio bat hor, zeina ia-ia terapeutikoa den. Dantzan sentitzen naiz egon behar naizen tokian, espazioan. Nik uste bide bat dela niretzako, sentitzen dudana eta kezkatzen nauena adierazteko.

Beraz, dantzatzea izan al daiteke bitarteko bat adierazteko beste modu batzuetan adieraztera ausartzen ez garen kezkak edo sentimenduak?

Bai, bai, noski. Horregatik esaten nuen eszenatokia, oraindik, badela espazio bat non gauzak aurkeztu daitezkeen; eta ez aurkeztu bakarrik, baita aldarrikatu ere. Oraindik, behintzat, uzten digute. Ez dakigu nora iritsiko den, eta beldur apur bat ere ematen du, baina...

Zerk egiten du berezi ikuskizun hau?

Pieza hau askoz gehiago landu dugu beste batzuen aldean; guztiak lantzen ditugu sakon, noski, baina honek badu halako gehigarri bat. Eta alor askotan nabaritu daiteke hori: dramaturgian, argiei dagokienean, eszenografian... Eta baita jantzietan eta dantzan ere. Nabarmendu nahi dut pieza guztia horrela ikustea nahi genuela: dena bateratuta, gauza bakar eta sendo bat bezala. Irudi aldetik oso-oso landuta dago. 2021ean hasi ginen piezaren lehen bilerekin, beraz, imajinatu. Geruza asko ditu lanak, eta erreferentzia pila bat ere baditu.

 

«Pieza hau askoz gehiago landu dugu beste batzuen aldean»

Ikuskizunaren aurrerapenen bat ikusi duena jabetuko da estetika zehatz bat duela lanak: neon tankerako kolore biziak, etorkizun kutsuko janzkera... Zergatik aukeratu duzue irudi hori?

Bilatzen genuena zen estetika oso-oso eguneratu bat. Momentu batean ikuskizuna rave batean bihurtzen da, eta raveetan egoten dira neon eta fluor kolore horiek ere. Esan nahi dudana da bai koloreek, bai jantziek, bai eszenografiak... guztiak egiten duela bat, eta denak daukala bere dramaturgia. Horrek guztiak bere zentzua dauka: elementuak ez daude jarrita besterik gabe, jartze hutsagatik. Kontua ez da «ados, kolore hauek gustatzen zaizkigu»; ez, elementu guztiak daude berariaz aukeratuta, eta guztiek dute euren dramaturgia. Zentzu orokor baten barruan diseinatu ditugu elementu zehatz guztiak.

 

«Elementu guztiak daude berariaz aukeratuta, eta guztiek dute euren dramaturgia»



Zortzi kide igotzen dira oholtza gainera. Nolakoa da zuen arteko elkarlana?

Aipatu nahiko nuke ez garela zortzi bakarrik konpainian: dramaturgiaren taldea dago, talde artistikoa ere bai eta gero, noski, teknikoak ere badaude. Lehen-lehen pausoa izaten da neure buruan ideia sortzea. Nik gai batekiko ezinegona-edo sentitu behar dut martxan jartzeko; sentitu behar dut esateko zerbait daukadala gai baten inguruan. Gero, jakina, neure buruari galdetzen diot ea zer esan nahi dudan. Esateko ezer edukiko ez banu, isilik edo geldirik geldituko nintzateke; ez nuke ezer esango eta ez nuke piezarik egingo.



Behin lehen ideia horrek forma pixka bat hartzen duenean, elkartzen naiz dramaturgia ekipoarekin eta lantzen ditugu eszenak. Ondoren, biltzen naiz baita ere talde artistikoarekin, eta hor hasten gara lantzen zein kolore erabiliko ditugun, eszenak nola antolatu eta moldatuko ditugun... Guztia hasten da nolabait lehen zirriborro edo forma hartzen. Behin hori eginda, joaten naiz dantza gelara eta hasten naiz dantzariekin lan egiten. Batzuetan nik ematen diet koreografia, eta beste batzuetan lantzen dugu emozioaren bitartez zein mugimendu erabiliko ditugun, eta nola adieraziko dugun sentitzen dugun hori.



Donostiako Victoria Eugenia antzokian aurkeztu zenuten ikuskizuna, joan den azaroaren 5ean. Aipatu duzu lanketa sakona izan duela emanaldiak... Berezia izango zen estreinaldia, ezta?

Bai, bai, zalantzarik gabe berezia izan zen. Etxean sentitu ginen eta zoragarria izan zen. Antzokia beteta zegoen, eta Victoria Eugenia betetzea ez da batere erraza; are gutxiago, oholtza gainean dagoena dantza bada. Beraz, oso pozik gaude. Dena oso ondo joan zen, jendea zutitu egin zen... Iruditzen zait bat egin genuela publikoarekin, eta oso harreman eta giro polita sortu zela. Jendeak momentua benetan bizi izan zuen. Iruditzen zait asko disfrutatu zuela jendeak, eta baita guk ere. Beraz, horrekin oso-oso pozik gaude.

 

«Iruditzen zait bat egin genuela publikoarekin, eta oso harreman eta giro polita sortu zela»



Tolosan, berriz, datorren asteko ostiralean, azaroaren 17an eskainiko duzue emanaldia. Zer eskatuko zenieke ikustera doazenei?

Bada... Etor daitezela espektatibarik eta aurreiritzirik gabe. Eser daitezela eta ez daitezela saiatu dena ulertzen. Ez daukate ulertu beharrik ikusten duten guzti-guztia. Eskatuko diedana da eser daitezela eta begiratu dezatela, hori bakarrik. Kontenplatu dezatela, eta ea aurrean duten horretan edertasuna ikusten duten edo ez. Eta, agian, bihar gogoratzen badira ikuskizuneko irudi batekin edo momentuan hunkitzen badira gurekin, gure lana eginda dago.

 

«Eser daitezela eta ez daitezela saiatu dena ulertzen»



Baina ez dute dena ulertu beharrik; izatez, ez daukate ezer ulertu beharrik ere. Hori da askotan gertatzen zaigun zerbait: gauzak ulertzen ez ditugunean urduri jartzen gara, eta askotan esaten dugu ez zaigula gustatu; eta, ez, artea ez da hori. Gainera, ulertzen saiatze eta ez lortze horrek, askotan, jendea frustratzea eragiten du eta horrek, aldi berean, arbuioa dakar. Hain zuzen, hori da saihestu nahi duguna. Beraz, jendea etor dadila espektatibarik gabe, eta eskainiko diogunaz gozatzeko prest.

 

«Gauzak ulertzen ez ditugunean urduri jartzen gara, eta askotan esaten dugu ez zaigula gustatu»

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!